09 MAY. 2021 IRITZIA Zenbat aukera Galder Perez Luze egiten ari zaigu pandemia, oso luze, amaigabea. Kontrakoa saldu nahi badigute ere, argia baino iluna da aurrean ikusten duguna. Gure bizitzako ezinbestekoak, maite ditugunak joan zaizkigu, sekula beteko ez diren hutsuneak sortu dira, gertuko asko gaixotu da, oraindik guztiz sendatu barik daude batzuk eta emozionalki gehienak gaude babesgabetasunaren goitibeheran. Zurrunbilo honetan zenbat alditan pentsatu dugun, pentsatzen dugun eta pentsatuko dugun, espero: zenbat aukera, berriz ere libre, aurrera. Gainditutako azterketa bezala, bizitza bilakatu den bideo-jolaseko pantaila berrirako pasea dugu. Geure burua eta ingurukoak zaintzen saiatzen gara gehienak, zelan ez. Hala ere, zenbat alditan agertzen den eguneroko jardunean kutsatzeko arriskua eta beldurra, lanean, garraioetan, terrazan zerbeza hartzen edota pertsonok hain ezinbestekoa dugun ezkutuko besarkada eman edota jasotzean. Gero dator beldurra, zalantza, paranoia, ezinegona, ondorengo hiru, lau, bost, sei, zazpi egunetan benetan ondo gaudela baieztatu arte, ustez garbi. Berriz ere libre, beste aukera bat, zenbat aukera. Bizitza bakarra dela jakin badakigu, edo askotan errepikatzen dugu, behintzat. Orain pandemian aukera asko ematen dizkigula sentitu arren, susmoa dut antzekoegi jarraituko dugula aurrerantzean. Ikusitakoa ikusita, ikasitakoa ikasita, gaur pandemiarik ez dagoela irudikatuz bezala, gaur oraindik ere guztiz asetzen ez gaituzten aukeren alde egiten jarraitzen dugu; geure buruari hurrengoan hobeto egingo dugula esan, begiak eta belarriak itxi, eta segi pantailetan aurrera. Neoliberalismoak egunero aukera berriak izango ditugulako kondairan hezi eta hazi gintuen. Horrela, gure izatearen askatasuna eta alaitasuna oparitzen dizkiegu etengabe menderatzen gaituzten lotura eta lokarri sozial, ekonomiko zein familiarrei. Izugarri zaila da askatasunaren kontzientzia hartzea, norberaren bizitzaren zinezkotasunean sinestea. Zenbat egia oihukatzeko eta zenbat egia geure buruari aitortzeko. Baina bizitzen denean hain da handia beldurra, paranoia edo susmoa, pasatutakoan dena ahaztu eta lasaitasuna deitzen diogun hipnosia soilik nahi dugula. Hain gaude eroso ustezko arriskua pasatu denean, nahiago baitugu hurrengora itxaron, barneratuegi dugu mendekotasunak sortutako bizioa. Egunen batean, ez oso urrun espero, pandemia hau pasako da eta zenbat aukera berri etorriko diren. Bueltatuko dira goitibehera jolasak, eta gero eta makabroagoak izango dira, erruleta errusiarraren antza hartu arte. Nahi eta nahi ez aukerak agortzen dira, denbora kontua baino ez da. Hilabete hauetan zerbait ikasi badugu, esan diezaiogun behingoz elkarri eta nork bere buruari egia hori. Pantailatik pantailarako jolasa bilakatu den bizitza egunen batean itzaliko da eta ez digu insert coin esango; ez da egongo horretarako aukera. Viendo lo que hemos visto, aprendiendo lo aprendido, como imaginando que no hay pandemia, hoy seguimos apostando por oportunidades que todavía no nos satisfacen del todo; decirnos a nosotros mismos que lo haremos mejor, cerrar los ojos y los oídos y seguir avanzando por las pantallas.