30 MAY. 2021 Eurokopa dibertsifikatua Europako futbolaren festan, lekurik ez San Mamesen Koronabirusak eragindako urtebeteko atzerapenarekin bada ere, Eurokopa ate joka dugu jada, mundua bera bezalaxe, baloia ez baitago gelditzerik. Hala, ekainaren 11tik uztailaren 11ra bitartean jokatuko da azkenean 2020an jokatzekoa zen lehiaketa. «Futbolaren festa» izatekoa zen txapelketa Europa osoan zehar antolatzeko ideia 2012an otu zitzaion UEFAri. 60 urte bete behar ziren lehendabiziko Eurokopa jokatu zenetik eta urteurrena ospatzeko baliatu nahi zuten. Horregatik, inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute: 24 izango dira orotara, sei multzotan banatuta. Bereizgarriena, berriz, txapelketa ez dela herrialde bakar batean edo bitan jokatuko, Europa osoan zehar barreiatutako hamaika hiritan baizik. Argazkiak: Aritz Loiola| Foku Manex Altuna Londreseko Wembley estadioan jokatuko dira finalerdiak eta finala. 90.000 lagun sar daitezke «futbolaren etxea» bezala ezagutzen den zelai mitikoan. San Petersburgo, Erroma, Munich, Glasgow, Amsterdam, Kopenhage, Bukarest, Budapest, Sevilla eta Azerbaijango Baku dira partidak jokatu diren beste hiriak. Andaluziako hiriburuak Bilbo ordezkatu du eta Dublin ere txapelketatik kanpo geratu da. UEFAk argi eta garbi erakutsi du bera dela baloiaren jabea eta berak ezartzen dituela arauak, eta, gustuko ez badituzu, kanpora. Egoitza nagusia Suitzan duen erakundea Europako futbol federazioen esku dago, eta ez du inolako asmorik bere boterea elkarbanatzeko. Horren guztiaren atzean dagoen arrazoi nagusia futbolaren negozioaren hazkundea eta diru iturrien kudeaketa dira. Estatu espainiarreko Federazioaren eta Ligaren artean dauden ika-mikekin gertatzen den moduan. Europako klub boteretsuenak oraingoz porrot egin duen Superliga sortzera bultzatu zuten arrazoiak ere diru iturrien kudeaketarekin lotuta daude. Talde gehiago dauden heinean, partida gehiago jokatzen dira eta horrela babesleek eta telebistek diru kopuru handiagoak ordain ditzakete. Labur-labur azalduta, horrela funtzionatzen du negozioak. Kontuan izan behar da Munduko Futbol Txapelketaren eta Olinpiar Jokoen ondoren, Eurokopa dela mundu mailako kirol ikuskizun garrantzitsuena. Futbol ikusleen kopuruaren eta mugitzen duen dirutzaren hazkundeak ez duela etenik dirudi. Azken hamarkadan, aurreko krisi ekonomikoaren ostean, telebista eskubideak mundu osoan saldu dira eta, horri esker, hirukoiztu egin dira kluben aurrekontuak. UEFArekin ere berdina gertatu da. 2019-20 denboraldiaren amaieran argitaraturiko txostenari begiratzea besterik ez dago. Nahiz eta pandemiak jaitsiera bat ekarri duen, hazkundea etengabea izan da. UEFAk antolatzen dituen kluben arteko txapelketek –Txapeldunen Liga eta Europa League– 1.300 milio euroko diru-sarrerak eragin zituzten 2010ean. Selekzioen txapelketei dagokionez, 2012ko Eurokopak 1.400 milioiko diru-sarrerak eragin zituen, eta, 2016koak, 2.100 milioikoak. Azken urteotan Nazioen Liga ere sortu dute eta, 2019an, 640 milioiko diru-sarrerak izan zituzten selekzioen partidekin. Kluben txapelketen bidez, 3.200 milioi iritsi ziren UEFAren aurrekontuetara 2019an. Aburto Bilboko alkatea eta Ceferin UEFAko presidentea, garaian Espainiako Federazioko presidentea zen Angel Maria Villarrekin Bilbon egindako Eurokoparen aurkezpenean. Argazkia: Marisol Ramirez | Foku Bilbon, aldekoak eta kontrakoak. Kirolak, baina batez ere futbolak, zaleak erakartzeko duen ahalmenarekin, euskal agintariak buru-belarri aritu izan dira hainbat ekitaldi gurera ekartzeko ahaleginean. Ekitaldiok kanpora begira Euskal Herriaren irudia saltzeko baliagarriak direla errepikatzen dute etengabe, baita mozkinak bakarrik uzten dituztela ere. Diru publikoarekin San Mames Barria eraikitzeko hautua egin zenetik, Eurokopa moduko txapelketa bat begiz jota zuten erakundeetako arduradunek. Baliabide asko jarri zituzten txapelketa Bilbora ekartzeko asmoz. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Angel Maria Villar bilbotarra Espainiako Futbol Federazioko presidentea zen garaian agertu zen aukera. Michel Platini buru zuen UEFAk txapelketa berezi bat antolatu nahi zutela jakin zuten eta Bilboren hautagaitza aurkeztu zuten. Hasieratik izan ziren tirabirak, baita EAEko erakunde gehienak kudeatzen zituen EAJren barnean ere. Jose Luis Bilbaok, Bizkaiko ahaldun nagusia une horretan, bere desadostasuna agertu zuen San Mames Barria Espainiako selekzioaren egoitza izan behar zela ezagutu zenean, hau da, Espainiak Eurokopako partidak Bilbon «etxeko» talde bezala jokatu behar zituela jakitean. Denbora irabazteko asmoz, Espainiak sailkapena lortu behar zuela aipatzen zen. Ez zuen hutsik egin eta Bilbon jokatzekoak ziren lau partidetatik hirutan aritu behar zen Espainiako selekzioa. Onura ekonomikoak argudiatzen ziren erabakia justifikatzeko, baina zeharka ezagutzen joan zen UEFAk bi mila boluntario “kontratatu” nahi zituela, ezer ordaindu gabe noski. Ahaztu gabe Bizkaiko Ogasunak foru arauetan aldaketa bat egin zuela Eurokopara atzerritik etorritakoek zergak ordaindu behar ez zitzaten egindako lanarengatik... Euskal derbien aurretik, Eurokoparen aurkako mobilizazioak egin dituzte taldeetako zaleek. Argazkiak: Monika del Valle | Foku Egoera ikusita, EH Bildu eta Ahal Dugu bezalako alderdiek beren desadostasuna agertu izan dute hainbat aldiz erakundeetan. Kalean ere “Eurokopa honi ez!” moduko egitasmoak antolatu dira euskal derbien aurretik, eta zaleek euren desadostasuna agertu izan dute behin baino gehiagotan. Azkenean, baina, Eurokopa Bilbon ez izateko arrazoi nagusiak pandemia eta azpijokoa izan dira. Izan ere, Bilboren hautagaitzan paper garrantzitsua jokatu zuten Platini eta Villar ustelkeria kasuengatik futbol egituretatik kanpo geratu ziren eta, beraien ordez, Aleksander Ceferin esloveniarra eta Luis Rubiales iritsi dira. Pandemiak ekarritako egoera berrian, UEFAk harmailetan publikoa egon ahal izatea bermatzea eskatu zion Bilbori. Ezarritako osasun baldintzek ezinezkoa egiten zuten eta Espainiako Federazioak Sevillako La Cartuja proposatu zuen Bilboren ordez. Andaluziako Gobernuak hainbat akordio ekonomiko erdietsi ditu Espainiako Federazioarekin Kopako eta Superkopako finalak antolatzeko eta Eurokopa ere jasoko dute sari gisa. Erakundeetatik emandako informazioaren arabera, 5,5 milioikoa zen txapelketa Bilbon antolatzeko aurrekontua. Udalak onartu zuenez, gutxienez 1,3 milioi gastatu dira jada eta orain UEFAri diru hori itzultzea eskatu behar diote. Ez zen arraroa izango ordainean Europa League txapelketako finalen bat Bilbori eskaintzea; dirua berreskuratzearenak, berriz, askoz zailagoa dirudi. Kontuak kontu, agerian geratu dena zenbait ekimen babesteko dagoen erraztasuna eta beste batzuk bultzatzeko dagoen interes falta da. Euskal Selekzioak nazioartean ofizialki lehiatzeko eskaria egin zuen 2020 amaieran. Albiste pozgarria, baina batek daki noraino heltzeko aukera izango lukeen horrelako asmo batek hitzetatik harago joan eta Eurokopa antolatzeko jarritako interes bera jarriz gero... UEFAk zerbait erantzun zain jarraitzen dugun bitartean, aurtengo txapelketan ere Euskal Herriak ezingo du parte hartu, horretarako kirol maila izan arren. Didier Deschamps baionarrak zuzentzen duen Frantziako selekzioa da txapelketa irabazteko faborito nagusia. Argazkiak: Franck Fife | AFP Frantzia, Portugal eta betikoak. Ezustekoak gertatzen dira txapelketa guztietan. Are gehiago, hilabete bakar batean jokatzen direnean, denboraldi amaieran eta pandemia garaian. Hor dago Danimarkak 1992an egindako balentria gogoangarria. Azken unean jaso zuen parte hartzeko aukera, Jugoslavia kanpoan utzi baitzuten Balkanetako Gerrarengatik. Bada, hala moduz taldea osatu –garai hartan zuen jokalaririk onena zen Michael Laudrup gabe– eta garaipena lortu zuen. Talde handietan ari diren jokalariak fisikoki nola heltzen diren erabakigarria izaten da selekzioen arteko txapelketetan, eta, ezezagunak direnek, edo denboraldian asko jokatu ez dutenek, beren burua aurkezteko baliatzen dute. Fitxaketak eta eskaintzak asko ugaritzen dira horrelako txapelketen ostean. Ikusiko da zer gertatzen den baina faborito argi bat bada Eurokopa honetan: Didier Deschamps baionarrak zuzentzen duen Frantziako selekzioa. Munduko txapelduna da Frantzia eta Mbappe du izar nagusi, Benzema eta Griezmannekin batera. 2016an Parisen jokatutako finalean Portugalen kontra jasotako porrot mingarria ahaztu nahiko du Frantziak. Esan bezala, Cristiano Ronaldoren selekzioa da egungo txapelduna. 36 urte ditu dagoeneko Ronaldok eta azken aukera izan daiteke berarentzat selekzioarekin. Zailtasunak zailtasun, oso jokalari lehiakorrekin osatutako taldea du Portugalek eta maila ona ematen du gehienetan. «Gu ere bai!» ekimenak Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko hainbat ekimen egin ditu azken urtean zehar. Argazkia: Aritz Loiola | Foku F multzoan neurtuko dituzte indarrak Portugalek eta Frantziak, Hungariarekin eta Alemania indartsuarekin batera. Joachin Low hautatzaileak kargua utziko du uda honetan, eta goi mailan utzi nahiko du selekzioa. Gainera, hainbeste talde daudenez lehen fasean, aurrera egiteko aukera ez da hain zaila ere: sei multzoetako lehen bi sailkatuekin batera, hirugarren postuan amaitzen duten lau hoberenak ere final zortzirenetan izango dira. Beti bezala, Italia, Ingalaterra, Herbehereak edo Espainia ere faboritoen artean dira. Euskal Herriko hainbat jokalari Luis Enriqueren deialdian egotea espero da. Munduko txapeldunordea den Kroaziak ere zeresana eman dezake, nahiz eta bere jokalari garrantzitsuenak adinean aurrera egin duten jada, Modric taldeko liderrak kasu. Azken urteetan kiniela guztietan da Roberto Martinezen Belgika ere. Sailkapen fasean erraz nagusitu dira, baina azken pausua ematea falta zaie. Iñaki Bergara ondarroarra da atezainen entrenatzailea. Errusia, Suitza, Danimarka, Suedia, Txekiako Errepublika, Polonia, Ukraina edo Austria bezalako taldeek ere ahalik eta urrunen iritsi nahiko dute. Koska bat beherago daude Gales eta Eskozia, baina ziur aukera baliatzen saiatuko direla. Hasiera batean behintzat, parte hartzea bera sari bat da jada Ipar Mazedonia, Eslovakia, Finlandia edo Hungaria bezalako taldeentzat. Hutsune garrantzitsuak ere izango dira txapelketan. Arrazoi ezberdinak tarteko deialdietatik kanpo geratuko diren jokalariez gain, Eurokopan egongo ez dena etorkizunean futbol izar nagusia izateko dohain guztiak dituen Haaland golegile norvegiarra da.