7K - zazpika astekaria
IRUDITAN

Izpi bat

Argazkiak: Louisa Goulimaki | AFP

Luze doa pandemia, osasun krisia. Itzalpeko garai latza; covid-19a, osasun arloan ez ezik, bestelako eremuetan zuloak azalarazi eta krisiak eragin dituen gaitz soziala ere bai baita gaur egun. Askok diote ez garela lehen ginenak izatera itzuliko. Igarotako garaiak noiz itzuliko zain egotea alferrikako ariketa dela dagoeneko. Aldatu egin gaituela honek guztiak eta dagoeneko ezer ez dela berdin (Hertzainak-en premonizioa, akaso).

Beldurra biderik gabeko eremua dela esaten da, geldiarazi, izoztu, egiten duela norbera eta ihesbiderik gabeko kale uzkurrean bizitzera kondenatu. Ez ote garen beldurrarekin bizitzera ohitu izan daiteke zalantza nagusietako bat, edo ez ote garen izu uzkurtuaren keinu horrekin bizitzen konformatu, gizarte honen patua datorrenari datorren bezala heldu eta bestelakorik egiteko aukerarik ez izatea asumituta egongo balitz bezala.

Uda usainak ez du pandemiarik ezagutu, oraino. Zalantza da, ordea, nolakoa izango ote den hilabeterik eguzkitsuenak bizitzeko, gozatzeko, zabalduko den aukera. Gozatzeko, bai, arduratik gozatzeak ez baitu deliturik atzean. Eguzki izpipean “erretzeko” aukera horrek lurrintzen ditu pentsamendu asko, itzalpeko bizimodutik ateratzeko esperantza printzari begiratzeko modu gisa, hondarrean iltzatutako itzalkin horretatik goxora ateratzeko aukera bat. Izpi bat.