7K - zazpika astekaria
LIBURUEN TXOKOA

Fahrenheit 451

Ray Bradbury. Itzultzailea: Nagore Tolosa • Txalaparta, 2021 • 218 orri • 17,70 euro


Macartismo garaian idatzia, XX. mendeko distopiarik ezagunetako bat da eleberri hau, alienatzen doan gizartea esnatzeko aldarri sutsua. Protagonista, Guy Montag, suhiltzailea da. 451 zenbakidun kaskoa buruan, letoizko mangera-muturra ukabiletan, liburuak erretzea da bere lana. Izan ere, Montag bizi den herrialdean debekatuta dago irakurtzea. Irakurtzeak pentsatzea dakarrelako eta pentsatzeak zoriontasun eza. Eta zoriontsua izatea derrigorrezkoa da. Dena aldatuko da, ostera, familia antisozial bateko kide den Clarisse gaztea ezagutzen duenean… «Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari zenaz kezkatuta idatzi nuen liburua –azaldu zuen Bradburyk–. Bere itzalari ere beldur zion jende askok orduan; liburuak erretzen hasiko ziren mehatxua zegoen. Liburu asko apaletatik erretiratzen hasiak ziren». François Truffaut errealizadoreak zinemara eraman zuen nobela hau, 1966an.

 

Iridioaren mintzoa •

Kepa Altonaga • Pamiela, 2021 • 128 orri. 12 euro • Zergatik desagertu ziren dinosauroak? Meteorito bat izan al zen horren arrazoia? Zein da Luis eta Walter Alvarez aita-semeen taldearen tesia?… Saiakera berri honetan, Kepa Altonaga biologoa dinosauroen desagerpenaren gai zirraragarrian murgiltzen da eta, horretarako, auziaren inguruko eztabaida zientifikoetatik abiatzen da. Dinosauroen akabantzaz dihardu Altonagak, baina, ohi den bezala, gure koordenatuetara, gure parametroetara ekarri ditu kontakizuna eta gogoeta. Aixerrotako amilburuetatik abiatuta, era kilikorrean eramango gaitu hara eta hona denboran eta espazioan. Eta dena, bere estilo propioarekin, umorez eta ironiaz blai.

 

Taxiak ez dira inoiz gelditzen •

Xabier Montoia • Susa, 2021 • 168 orri. 18 euro • Zenbateraino markatzen dituen halabeharrak gure bizitzak? Horixe Xabier Montoiaren ipuin liburu berria gurutzatzen duten galderetako bat. Gaztetxo bat lehen aldiz maiteminduko da, izeba-osaben etxean ama noiz etorriko zain dagoela; harriek sufritzen ote duten galdetuko dio bere buruari Geologia ikasle batek ezbehar baten ostean; barruko zaratari aurre egin nahi dion emakume batek eguzkia gurtzen duen komunitate batean bilatuko du bakea; harreman gatazkatsua hasiko du dealer batek kirurgia estetikoaren erregina batekin… Narrazioetan ez da inolako aipurik istorioa noiz edo non gertatzen den jakiteko. Dena den, bada ipuinen arteko lotura bat, minimoa bada ere. Bi emakume azaltzen dira guztietan, Ane eta Maite.

 

Doneaneko alaba •

Juan Kruz Igerabide • Alberdania, 2021 • 252 orri. 18,90 euro • Nobela honetako narratzailearen bizialdia eta Doneaneko alabarena 36ko gerran gertaturiko pasarte latz batek txirikordatzen ditu. Narratzaileari, unibertsitateko literatura-irakasle eszeptiko bihurtua, bizimodua aldatuko zaio Doneaneko alaba gazte poeta ezagutzen duenean; tartean, pertsonaia ugari gurutzatzen dira, fikziozkoak eta historikoak, aurrera doan bizimodu normal eta batzuetan umoretsuaren azalaren pean gerraren zauriak ezkutatu ezinik… Narrazioa mende amaiera arte iritsiko da.

 

Ez dakit zertaz ari zaren •

Ana Malagon • Elkar, 2021 • 168 orri. 17 euro • Aurreko bi liburuen ildotik segitzen du Ana Malagon idazleak narrazio liburu honetan. Lehenengo lanean (“Lasai, ez da ezer gertatzen”) mikropuinak ziren. Orain, berriz, luzeagoak dira ipuinak, “Gelditu zaitezte gurekin” bigarren lanean egin zuen modura. Bere asperdura eta nazka guraso dibortziatu baten etxetik bestearenera garraiatzen dituen nerabea; aita enpresaria hil ondoren beren erdipurdikeriarekin zer egin ez dakiten seme-alabak; ahizpa atxilotu dutela-eta, haren kargu egitera doan klausurako moja… Pertsonen inguru hurbilean kokatzen ditu egileak tragedia izatera iristen ez diren drama txiki hauek, ironia erabiliz urruntze modura eta garraztasuna defentsarako babes gisa.