27 JUN. 2021 IRITZIA Herrimina Amaia Uribe Egunotan, kantu bat entzuten ari naiz behin eta berriro: Izaroren “Errefuxiatuena”. Eta “utzidazu kontatzen ze ederra den itzultzea”. 22.00 New York - JFK Airport. Iritsi da eguna. 6 hilabeteren ostean, banoa etxera. Beti bezala, leihoaren ondoan dagoen eserlekua eskatu dut. Arnasa sakon hartu, New Yorkeko skylineari azken begiratua eman eta begiak itxi ditut. Eta gurasoen etxeko usaina etorri zait gogora, horixe baita nire herriminaren termometroa. Bakoitzak modu batera bizi du herrimina. Batzuek negar egiten dute jaioterria gogoratzerakoan; beste batzuek, irribarre. Batzuek minez bizi dute distantzia; beste batzuek, itxaropenez. Batzuek ezin dute ahaztu etxetik urrun bizi direla; beste batzuek gogoratu ere ez dute egin nahi nondik datozen. Batzuentzat beharra da aldiro-aldiro sustraietara itzultzea; beste batzuentzat, gozamena. Lagun batek esaten du Benito Lertxundi entzuten hasten denean jakiten duela etxekoak bisitatzera joateko unea dela. Nire kasuan usaimena aktibatzen zait. Eta oso bitxia da hori, hona etorri arte usainei ez nielako gehiegi erreparatzen. Baina West Villagen barrena noala bat-batean aitak prestatzen duen arrain gozoaren usaina etortzen zait. Edota 5th Avenuetik igaro eta txosnetako kalimotxoaren usaina igartzen dut. Eta orduantxe jakiten dut sudurrak ez ezik, bihotzak ere Euskal Herrira joan nahi duela. Hegazkineko afari eskasa jan, pelikula bat ikusi eta ordu erdiko hiru siesta bota ostean heldu naiz Amsterdamera. Hiru orduko eskala Amsterdamen. Bideodeia egin diet gurasoei Amsterdamen nagoela abisatzeko, eta lagunen Whatsapp taldean mezua idatzi dut. Txikia nintzenean, nire aitak kapitain modura egiten zuen lan itsasontzi batean. Munduan zehar bidaia luzeak egiten zituen, baina orduan ez zegoen ez Face Time ez Skype. Eta imajinatu ere ez dut egin nahi zenbat sufritzen zuen aitak, marea balitz bezala, herrimina gora eta behera igartzen zuenean. Beti kontatzen du bidaia batera joan zenean lauoinka ibiltzen utzi ninduela eta itzuli zenean oinez ibiltzen aurkitu ninduela. Eta min ematen dio une hori galdu izanak. Nik ere galdu ditut ezkontzak, urtebetetzeak eta jaiotzak. Baina teknologia berriei esker, urrun egon arren gertu sentitzea lortzen dut askotan. Eta eskerrak! Honen inguruan gogoeta egiten nabilela, bat-batean hegazkinera joateko deia egin dute. 16.30 Loiuko aireportua. 12 ordu luzeren ostean, heldu naiz Loiura. Eta imajinatu ere ezin duzue egin zelako poza ematen duen eskailera mekanikoak jaitsi eta kristalaren ostean senideen irribarrea ikusteak. Momenturik onena, baina, lehenengo besarkada izaten da. Eta zenbat gauza esan daitezkeen besarkada bero batekin! “Lasai, ama, ondo nago”. “Eskerrik asko, aita, beti hor egotearren”. “Maite zaitut, Leire”. “Ze guapa zaudeten, neskak!”. “Ze zoriontsu naizen”. Etxean. Lerro hauek irakurtzen dituzunean, Euskal Herrian egongo naiz. Herrimina ahaztu, eta herri mina gozatzen. Izan ere, “ze ederra izan den itzulera”. Cuando voy por West Village de pronto me viene el olor a pescado dulce que prepara mi padre. O paso por 5th Avenue y percibo el olor del kalimotxo de... Y me entero de que no sólo la nariz, sino el corazón quiere ir al País Vasco.