18 JUL. 2021 Tokioko Olinpiar Jokoak Tokioko Joko Pandemikoak: Kirol hitzorduaren argi-itzalak Rioko Olinpiar Jokoak 2016ko abuztuaren 21ean amaitu ziren, «olinpiada» deritzonari hasiera emanez: ekitaldi olinpiko batetik hurrengora bitarteko lau urteko denbora tarteari. Baina covid-19ak sortutako pandemiak planeta guztia geldiarazi zuen, kirol mundua barne, eta Tokioko hitzordua urtebete atzeratu behar izan zuten antolatzaileek. Hala, 2020ko Olinpiar Jokoak 2021ean ospatuko dira azkenean, bai behintzat azken orduko ezerk –eta badaude arrazoiak– eragozten ez badu. Imanol Carrillo Tokioko hautagaitzak Olinpiar Jokoak antolatzeko lehia irabazi zuen 2013ko irailaren 7an, Madrili eta Istanbuli aurrea hartuz. Hala, 2016ko abuztuaren 21ean, Rioko Jokoen itxiera zeremonian, hurrengo edizioa antolatzeko lekukoa hartu zuen. Albiste ona izan zen Japoniarentzat, baina, ustekabean, dena okertzen hasi zen pixkanaka. 2015eko lehen hilabeteetan, Estadio Olinpikoaren hasierako diseinua baztertu egin zuten kostu ekonomiko handiarengatik. Urte bereko irailean, logotipo ofiziala ere baztertu behar izan zuten plagio salaketa bat tarteko. Ondoren, 2019ko martxoan, Tsunekazu Takeda Japoniako Olinpiar Batzordeko lehendakariak dimititu egin zuen, ustez botoak erosi zituelako Tokiok Jokoak antola zitzan. Apirilean, Yoshitaka Sakurada Jokoen Antolakuntzarako Japoniako ministroak ere dimititu egin behar izan zuen, polemika piztu zuten zenbait adierazpen egin ostean. Inork ez zuen espero orduan Tokioko Jokoen antolatzaileek arazo are larriagoei egin beharko zietela aurre aurki... 2020ko otsailaren 4an, Tokioko Jokoen antolatzaileek koronabirusaren gaineko lantalde berezi bat osatu behar izan zuten, azken urte eta erdian mundua aztoratu duen birusa Japonia kolpatzen hasia baitzen dagoeneko. Martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiatzat jo zuen covid-19a, eta, martxoaren 24an, Jokoak urtebete atzeratzeko erabakia heldu zen. Aurtengo martxoaren 25ean iritsi ziren azkenean lehen berri onak, zuzi olinpikoa balio sinboliko handia duen Fukushimatik abiatu baitzen, Jokoen atzera kontaketa hasiz. Hori bai, horrek ez du eragotzi herritarren ehuneko handi bat Jokoen kontra agertu izana eta batzuek haserrea kalera ere eraman izana… Eragozpenak eragozpen, baina, Tokioko Olinpiar Jokoak hasteko egun gutxi batzuk baina ez dira falta jada eta, normalean behintzat, kirolak eta kirolarien balentriek hartu beharko lukete orain lekukoa. Martxoaren 25ean zuzi olinpikoa balio sinboliko handia duen Fukushimatik irten zen azkenean, Jokoen atzera kontaketa abiatuz. Hilak 23an piztuko da sua Tokioko Estadio Olinpikoan. Argazkia: Kim Kyung-Hoon | AFP Olinpiar Jokoek beti dakartzate berrikuntzak. Tokion, adibidez, bost diziplina estreinatuko dira guztira 46 kirol hartuko dituen Jokoetan: surfa, eskalada, beisbola, skateboardinga eta karatea. Surfean, gainera, Pauline Ado lapurtarra Japonian izango da. Ekain hasieran El Salvadorreko Munduko Txapelketan lortu zuen txartela 30 urteko surflariak. Ekainaren 17an, Angeluko herriak omenaldia egin zion Tokiorantz abiatu aurretik. Hasiera batean ez dago faboritoen artean, baina berak gustuko du hori baliatzea aurkariak ezustean harrapatzeko. Aritz Aranburu, Andy Criere, Ariane Ochoa, Leticia Canales eta Nadia Erostarbe ere Tokion izateko txartela lortzetik gertu izan dira. Gainontzeko diziplina berrietan ez da euskal ordezkaririk izango Tokion. Hori bai, Euskal Herriko 30 bat kirolari abiatuko dira guztira Japoniara. Golfaren kasuan, bi euskal ordezkari arituko dira Kasumigaseki klubean lehian. Mutiletan, uneotan nazioartean dugun kirolaririk onenetarikoa izango da Jokoetan: AEBetako Irekia irabazi berri duen Jon Rahm. Moda-modako golf jokalaria da bizkaitarra. Torrey Pinesen (Kalifornia) lortutako balentriak, gainera, garrantzia are handiagoa du soilik 15 egun lehenago covid-19an positibo eman zuela kontuan izanda. Memorial Tournament lehiaketa irabaztetik oso gertu zegoela eman zioten positiboaren berri eta txapelketa utzi behar izan zuen guztiz atsekabetuta. Aita izan berri, etxean konfinatu behar izan zuen, biloba ezagutzeko Bizkaitik heldutako gurasoak ikusteko aukerarik gabe. Golfean arituko den beste euskal ordezkaria Carlota Ziganda da. Ekainaren 29an behin betiko zerrenda argitaratu baino hilabete lehenagotik zekien Larraintzarrekoak Japonian izango zela, munduko rankingean lortutako tokiagatik. 2016an Rio de Janeiron izan ostean, orduan itzuli zen golfa olinpiko izatera, nafarraren bigarren Jokoak izango dira. Tokioko Estadio Olinpikoa. Behrouz Mehri | AFP Tokiorako txartela eskuratu duten bakarkako beste euskal kirolarietako batzuk hauek dira: Ander Elosegi eta Maialen Chourraut eslalomeko piraguistak (Kasaiko kanalean arituko dira); Iñigo Peña esprinteko piraguista eta Virginia Diaz arraunlaria (Sea Forest kanala); Elena Loyo, Sergio Fernandez, Asier Martinez, Odei Jainaga eta Teresa Errandonea atletak (Estadio Olinpikoa); Garbiñe Muguruza tenislaria (Ariake Tenis Park); Clara Azurmendi badminton jokalaria (Musashino Forest)… Agurainen bizi den Majida Maayouf BM Bilbao taldeko atleta ere Tokion izango da, Maroko ordezkatuz. Bestalde, taldeko kiroletan Jokoetan izateko aurrezerrendetan diren beste zenbait euskaldun ere badira: saskibaloian, Dario Brizuela eta Xabi Lopez-Arostegi (Saitama Super Arena); eskubaloian, mutiletan, Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo, eta, nesketan, Nerea Pena eta Ainhoa Hernandez (Yoyogi estadioa); txirrindularitzan, Ane Santesteban (Musashinonomori Park eta Fuji Nazioarteko Zirkuitua); futbolean, Unai Simon, Mikel Merino, Mikel Oyarzabal, Martin Zubimendi eta Jon Moncayola (Tokio, Sapporo Dome, Saitama, Miyagi, Yokohama eta Ibaraki Kashima estadioak); waterpoloan, Alberto Munarriz (Tatsumi ur zentroan)… Maialen Chourraut. Bakarkako kiroletan domina eskuratzeko aukerak dituzten euskaldunen artean, Jon Rahm golf jokalariaz gain, Maialen Chourraut eta Iñigo Peña piraguistak daude –zumaiarraren kasuan binaka lehiatuko da–. Maialen Chourraut Lasarte-Oriako piraguistaren kasuan, gainera, gogoratu behar da 2016ko Rioko Jokoetan urrea lortu zuela eta 2012ko Londresekoetan brontzea. Piraguismoan Olinpiar Jokoak dira hitzordu nagusia eta kirolari guztiek mimo handiz prestatzen dituzte. Hori bai, Jokoak urtebete atzeratzeak erabat baldintzatu du Chourrauten prestakuntza. Bere senar eta entrenatzaile Xabier Etxanizekin 15 urtez La Seu d’Urgellen bizi eta gero –bertako kanalean entrenatzen zuen–, iazko uztailean etxera bueltatzea erabaki zuen. Ondorioz, guztiz aldatu da azken urtean bere prestakuntza. Atletico San Sebastianeko gimnasioan egin ditu entrenamendu saioak, baina Ereñotzun, San Miguelen eta Paueko kanalean ere jo eta su aritu da azken hilabeteotan. «La Seun nuen konfort-zonatik atera nahi izan dut, estimuluak bilatu. Paun sarritan izan naiz entrenatzen. Deserosotasun horrek beti gehitzen du», azaldu du aldaketa Chourrautek. Tokion zeresana eman dezaketen hiru kirolari estatubatuar: Katie Ledecky igerilaria, Allyson Felix atleta eta Simon Biles gimnasta. Argazkiak: Maddie Meyer, Patrick Smith, Jamie Squire | AFP Izarrak eta hitzorduari uko egin diotenak. Jokoak Japonian izanda, etxeko ikusleek oso gertutik jarraituko dute bertako Naomi Osaka tenislaria. Egungo munduko bigarren tenislari onenak uko egin dio aurten Roland Garros eta Wimbledon jokatzeari. Parisko txapelketaren kasuan, eztabaida sortu zuen, torneoaren erdian alde egin baitzuen prentsaurrekotan ez agertzeagatik 15.000 dolarreko isuna jaso ostean. Kirolariak berak azaldu zuenez, depresio sintomak izan ditu 2018ko AEBetako Irekiaz geroztik, eta, orain arte behar bezain argi aitortu ez badu ere, hedabideen aurrean agertzeak bere osasun mentala kaltetzen du. Geldialdiaren ostean, hori bai, bere burua prest ikusten du jada etxeko hitzorduan parte hartu eta, zergatik ez, urrezko domina irabazteko. Tenisa da, gainera, hutsune adierazgarriak izango dituen kiroletako bat, batik bat aurtengo egutegia oso estua izaten ari delako; Roland Garros eta Wimbledon adibidez, bata bestearen jarraian jokatu behar izan dira. Mutiletan, Rafael Nadal edo Dominic Thiem bezalako tenislariak ez dira Jokoetan izango, eta, nesketan, Serena Williams da hitzorduari uko egin dion izarretako bat. Kirol batzuetan Olinpiar Jokoak bigarren mailan geratzen badira ere, ez da berdina gertatzen beste diziplina batzuetan. Horren adibide argia da gimnastika. Eta gimnastikan izen propio bat ageri da guztien ahotan: Simone Biles. Askoren ustez historiako gimnasta onena den estatubatuarrak bost domina lortu zituen Rion –lau urrezkoak eta bestea brontzezkoa– eta Munduko Txapelketetan 25 ditu pilatuta dagoeneko. Atletismoa da, dudarik gabe, Jokoetako beste kirol nagusietako bat. Bada, Armand Duplantis (pertika), Noah Lyles (100 metro) eta Jokoetan azkenekoz izan zirenetik ama izan diren Shelly-Ann Fraser-Pryce eta Allyson Felix abiadura-lasterkari beteranoek zeresana emango dute Estadio Olinpikoan. Igeriketan, Katie Ledecky edota Caeleb Dressel estatubatuarren lana oso gertutik jarraitu beharko da. Jokoak Japonian izanda, ikusleek oso gertutik jarraituko dute Naomi Osaka etxeko tenislaria. Bestalde, halterofilian lehiatuko den Zeelanda Berriko Laurel Hubbard Jokoetan arituko den lehen atleta transgeneroa bihurtuko da. Argazkiak: Patric Hamilton Adrian Dennis | AFP Jokoetako lehen atleta transgeneroa. Zeelanda Berriko Laurel Hubbard izango da Jokoetan lehiatuko den lehen atleta transgeneroa. Halterofilian arituko da, 87 kilotik azpiko emakumezkoen kategorian. Hubbardek 43 urte ditu eta 2012an hasi zuen sexu aldaketa prozesua. Lehen aldiz arituko da Jokoetan. 2018an lesio larri bat izan ondoren, indartsu itzuli da kirolera. «Duela hiru urte Commonwealtheko Jokoetan besoa hautsi nuenean, ziurrenik nire kirol ibilbidearen amaiera izango zela jakinarazi zidaten. Baina zuen laguntzak, animoek eta aroha-k (“maitasuna” maorieraz) iluntasunetik atera naute», onartu zuen kirolariak prentsa ohar batean. Hubbardek sailkapen probetan egindako markarik onena 285 kilokoa izan da. Hori horrela, dominaren bat irabazteko aukera argiak ditu. Gogoratu behar denez, 2015ean Nazioarteko Olinpiar Batzordeak atleta transgeneroek emakume bezala lehiatu ahal izateko arauak zehaztu zituen. Horri esker, azken hamabi hilabeteetan eta lehen txapelketaren aurretik 10 nanomol litro baino gutxiagoko testosterona maila ematen duten edozein atleta transgenerok Jokoetan parte har dezake egun. Koronabirusaren itzala. Historiako gainontzeko Olinpiar Jokoek ez bezala, Tokiok itzal izugarria du ondoan: covid-19aren pandemia. Iaz Jokoak urtebete atzeratu baziren, aurten ere behin betiko bertan behera geratzetik oso gertu egon dira. Jokoak baino hilabete eskas lehenago egindako inkesta baten arabera, japoniarren %80 Jokoak aurtengo udan ospatzearen kontra ziren. Galdetutakoen %43 Jokoak bertan behera uztearen alde agertu ziren eta %40 berriro atzeratzearen alde. Gainera, Jokoak uztailaren 23tik abuztuaren 8ra bitartean egitekotan, galdetutakoen hamarretik sei harmailetan ikuslerik ez izatearen alde agertu ziren, eta, hirutik bat, ikusle kopurua mugatzearen alde. Atzerapen gehiago aurreikusten ez zituen beste inkesta batean, berriz, galdetutakoen %60 Jokoak bertan behera uztearen alde agertu ziren. Datuok ulertzeko, kontuan izan behar da Japonia koronabirusaren laugarren olatu baten aurka borrokan aritu dela duela gutxira arte. Are, inkestan galdetutakoen %88k aitortu zuten beldur direla beste herrialdeetako kirolariek eta bisitariek birusa ez ote duten berriro hedatuko. Andui berriak sortzeko arriskua. Maiatzean Japoniako Medikuen Sindikatuak jakinarazi zuenez, Olinpiar Jokoak koronabirus andui berriak sortzeko abiapuntua izan daitezke. Naoto Ueyama sindikatuko lehendakariak azpimarratu zuen zientzia aldetik esperimentu interesgarria izan daitezkeela Jokoak pandemiaren bilakaera aztertzeko, baina ohartarazi zuen «herritarren sakrifizioa» ere eragin dezaketela. «Olinpiar Jokoetan birusak andui britainiar, brasildar edo indiarrera mutatuko balu, andui berri bat sortuko balitz, txertoen eraginkortasuna nahikoa ez balitz edo umeak larriki gaixotuko balira, arazoa ez luke Japoniak bakarrik izango, baizik eta mundu osoak», azpimarratu zuen Ueyamak. Tokioko Olinpiar Jokoetako antolatzaileek eskainitako datuen arabera, 15.000 kirolari eta olinpiar espedizioetako kide diren beste 78.000 lagun helduko dira Japoniara hurrengo asteetan zehar. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak espero du horietatik %80 inguru txertoa jarrita iristea bertara. Baina «txertoa ez da panazea», ohartarazi du Ueyamak. Caeleb Dressel igerilaria, Noah Lyles atleta eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeari uko egin dion Balear uharteetako Rafa Nadal tenislari ezaguna. Argazkiak: Steph Chambers, Javier Soriano | AFP Zazpi positibo egunean. Ekainaren erdialdean Olinpiar Jokoei begira antolatzaileek ezagutzera emandako aurreikuspenen arabera, egunean zazpi positibo izango direla uste da. Aurreikuspen hori egiteko maiatzean egindako proba pilotu batean oinarritu ziren adituak. Kasurik txarrenean, egunean kirolari bat eta beste hamar espediziokide olinpiko ospitaleratu behar izatea aurreikusten dute; eta horrekin batera, beste 57 lagunek berrogeialdia egin behar izatea. Estimazio horiek erabilita, Japoniako osasun sistema ez kolapsatzeko zenbat mediku beharko dituzten jakin nahi zuten agintariek. Bada, egindako aurreikuspenen arabera, egunero 230 mediku eta 310 erizain beharko dituzte. Ekainaren 12an, lanpostu horien %80 eta %90 beteta zituzten jada hurrenez hurren. Arrazoi ekonomikoak nagusi. Aurreikuspenak aurreikuspen, inork zalantzan jartzen ez duena Olinpiar Jokoak bertan behera ez uzteko arrazoi nagusia ekonomikoa dela da. Maiatzean argia ikusi zuen Nomura Ikerkuntza Institutuaren ikerketa baten arabera, Olinpiar Jokoak bertan behera uzteak 13.560 milioi euroko galera eragingo zukeen Japoniarentzat. Institutuak, baina, argi ohartarazi zuen: Jokoak egin edo ez erabakitzeko orduan, arrazoi epidemiologikoak lehenetsi behar ziren eta inolaz ere ez ekonomikoak. Nomura Ikerkuntza Institutuaren arabera, kirol ekitaldia ikuslerik gabe egingo balitz –eta halaxe egingo da azkenean, ateak itxita– Olinpiar Jokoek 15.240 milioi euroko onurak utziko lituzkete Japonian, soilik herrialdeko ikusleen presentziarekin egingo balira baino 146.800 milioi euro gutxiago. Aldea ez da ez txikia. Nomura Ikerkuntza Institutuko Takahide Kiuchi ekonomistak egindako kalkuluen arabera, 2020ko udaberrian Japonian izandako lehendabiziko osasun larrialdiak 58.760 milioi euroko kostua izan zuen herrialdearentzat; eta, bigarrenak, 2021eko urtarriletik martxora bitartekoa, 57.840 milioi eurokoa. Apiriletik ekain erdialdera Japonian egondako osasun larrialdiak, azkenik, 17.440 milioi euroko galerak sortu ditu Asiako herrialdearentzat. Olinpiar Jokoen arlo ekonomikoa zein garrantzitsua den ikusteko, gauza bat besterik ez da gogoratu behar: iragan ekainaren 13an G7ko liderrak –Ameriketako Estatu Batuak, Britainia Handia, Alemania, Estatu frantsesa, Italia, Kanada eta Europar Batasuna– Jokoak ospatzearen alde agertu ziren publikoki. Osasun egoera ikusita, Olinpiar Jokoak egitearen aurka azaldu dira japoniarren ehuneko handi bat azken hilabeteetan. Argazkiak: Al Bello | AFP Neurri zorrotzak. Azken urte honetan antolatzaileak erlojuaren aurka aritu dira kontratuak birnegoziatzen, prebentzio neurriak diseinatzen eta Olinpiar Jokoak bezalako ekitaldi erraldoi baten dimentsioak birpentsatzen. Ahaleginak ahalegin, baina, zalantzarik ez da zapore gazi-gozoa utziko dutela Jokoek ezinbestean. Hasteko, Tokion eta inguruetan zaleentzat prestaturiko fan zone asko bertan behera utzi behar izan dituzte. Bertan telebista erraldoiak instalatzeko asmoa zuten Olinpiar Jokoak jarraitu ahal izateko, baina azkenean ez da posible izan. Antolatzaileek hartutako azken orduko neurriek zuzen-zuzenean eragin diete kirol zaleei. Jokoak, ikusleekin ala ikuslerik gabe? Hori zen azken hilabeteetako zalantzarik handienetako bat. Hainbat aukera aztertu eta baloratu zituzten antolatzaileek, baita estadioetara 10.000 lagun sartzeko aukera ere. Baina izurriaren zabalkundeak azkenean lehiaketa guztiak ateak itxita egitera eraman ditu Olinpiar Jokoen arduradunak. Estadioetan ez da ikuslerik izango. Neurriok, noski, galera ekonomikoak areagotuko dituzte. Izan ere, estadioak beteta, 690 milioi euroko irabaziak lortzea espero zuten antolatzaileek sarreren salmentarekin. Zaleei oihu ez egiteko eta animatzeko beste alternatiba batzuk bilatzeko ere eskatu zieten. Adibidez, txalo egiteko edo poztasuna «bihotzez» adierazteko. Azkenean horretarako aukera ere ez dute izango. Mikio Watanuki boluntarioak ez du zalantzarik harmailetan zaleak egotea funtsezkoa dela kirolarientzat. «Ni neu atleta banintz, ez dut uste nire %100a emateko gai izango nintzatekeenik zalerik gabe», adierazi du. Baina kontrakoa pentsatzen dutenak ere badira. Aurki izango dugu erantzuna. Zalerik gabe ere, kirolariek maskara eraman beharko dute une oro –lehiatzen ari diren unean izan ezik, noski– eta aurkariak besarkatzea edo beste kirolariei eskua ematea ekidin beharko dute. Kirolarien arteko kutsatzeak saihesteko, egunero listu bidezko testak egingo zaizkie kirolariei eta, positibo emanez gero, PCR testak egingo zaizkie infekzio arriskua dagoela egiaztatzeko. Positibo ematen duten atletek, berrogeialdia egin beharko dute gune olinpikotik aparte dauden instalazioetan. Eta hemen dator garrantzitsuena: covidaren aurkako neurriak betetzen ez dituztenak, besteak beste, Japoniatik kanporatuak izan litezke. Inoiz baino gehiago, kirolari bakoitzaren espiritu olinpikoa egongo da jokoan, baina baita zerbait garrantzitsuagoa ere: guztion osasuna. Bada, azken orduko beste ezusterik ezean, horrelakoak izango dira Tokioko Olinpiar Joko pandemikoak.