Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Poesia

Poesia daukan jendea gustatzen zait. Arima duen jendea; umoretik, hunkiduratik, okurrentziatik... ingurua astintzeko grazia duen jendea, begirada bizia eta mingaina elegantea duena. Egunerokoan, ohikotasunean, tristuran edota egoera korrienteenean espero ez duzun tokitik sartzen zaizkizu eta pausajea aldarazten dizute. Kapaz dira hil-kapera batean egunetako negarra pilatuta duen aurpegian algara bat marrazteko. Kapaz dira graziarik gabeko hizketaldi bat interesgarri eta amaiezin bihurtzeko. Kapaz dira denen begietara itsusia denari edertasuna janzteko.

Gustatu zait Begoña M. Rueda poetaren berri jakitea. 29 urte ditu eta jaendarra da. Unibertsitateko ikasketak momentuz albora utzi behar izan ditu arazo ekonomikoak direla medio eta Almeriako erietxe bateko garbitegian lan egiten du. Dozena erdi bat sari ditu irabaziak bere poesia lanekin; azkena oraintsu, pandemia erdian erietxe bateko ikuztegian sortutako poemak direla medio. Eta batek pentsa lezake osasun larrialdi baten erdian poesiarentzako tokirik txarrenetakoa dela erietxe bateko ikuztegia. Hango odol, fluxu, kirats, miseria. Izaretan pegatuta geratzen den eritasuna, mina, heriotza. Baina poesiak beti egiten du bere bidea, bai ala bai.

Usaindu egiten dira Jaengo poetaren hitzen josturak; nola plantxatu duen hilotza jantziko duen arropa, nola prestatu duen burua eutsiko dion buruko zuria. Nola garbitzen den gaixotasuna garbigailu pare batetik pasatu eta gero eta nola modu perfektuan plantxatutako izaretan ez den igartzen lehen bizitakorik. Nola sumatzen dituen izara batzuk epelak eta epeltasun hori norena den asmatu nahian ibiltzen den. Nola mediku batzuei lepoko mina sortzen zaien garbitegian dauden lankideei ez begiratzeagatik... Nola manipulatzen duen egunero bizitzaren parterik itsusiena, erietxetako ikuztegietan ezkutatu nahi dena, eta nola horrek laguntzen dion bizitzaren edertasuna ikusten.

Pandemiak gauza asko mugitu ditu, baina akordatzen nola behin, ia denok etxean itxita geundela, lan batzuk funtsezkoak zirela sinistu genuen? Gure babes burbuiletatik nola goratu genituen supermerkatuko kutxazainak, erietxetako garbitzaileak, kutsatutakoen arropa desinfektatzen zutenak, adineko pertsonak nola hiltzen ziren ikusi zutenak... gehienak emakumeak, ustez poesia eskaseko zereginetan zebiltzanak, ustez funtsezkoak. Eta sukar arraro hartan, une ñimiño batean, zerbait aldatuko zela sinistu genuen, zaintzaren heroiak betiko miretsi eta zainduko genituela. Uste dut lehengora bueltatu garela, zaintza ikusezina dela berriro. Eskerrak poesia dagoen, zatarrena edertzeko, bizirauteko.