15 AGO. 2021 IRITZIA La Casilla, irteera laukia Galder Perez Toki bat eder ala itsusi izan ohi da, segun eta nork begiratu. Lekua berdina, tokia berbera, baina emozioak eta ikuspegiak oso ezberdinak izan ohi dira. Karl Valentin kabaret egileak zioen bezala, toki bat eta leku bat ez dira zertan gauza bera izan; toki bat, aldi berean, beste leku hura eta beste leku hau izan daiteke. Oporren alaitasunak kutsatuta eta gozamenari amore emanda, ikusi eta bisitatzen dugun lekuekin jolasten ari gara, nola eta kabaretarekin, non eta, zelan ez, edonon. Urrun gaudenean, gertuko leku eta pertsonekin pentsatzen dugu. Izan ere, deskonexioa da konexiorik handiena. Oporretan joan aurretik gozotegi batera joan nintzen, tarta bila. Ohiko gozo denda itxita zegoenez gero, ilara amaigabeak izaten dituen ospetsu horietako batera joan behar izan nuen. Zorionez. Izan ere, sartu eta hura gozamena gozo guztien usain, kolore eta formekin. Giroa, ordea, ez zen batere gozoa. Bertako langileak ozpinduta, eta, bezeroak, petralduta. Paradoxa itzela pasteleria baterako, gozotasuna eskatzen baitzaio. Dena den, ezerk ez zuen ozpindu gure tarta gozoaren gozamena. Disfrutatzeko predeterminazioa genuen, eta horrek irabazi zuen. Baina sentsazio arraroarekin atera nintzen, gozotegietan giroak gozoa behar duelakoan. Oporretan dagoenaren gehiegizko azukrekerien hausnarketa glukosoa ziurrenik. Gozo gaindosiarekin, bazkalostean, txertoa hartu behar zuen lagunarekin joan nintzen La Casillara. Nik leku berean lehenago hartuta nituen dosi parea. Kanpoan zain geratu nintzen “txertodromo” deitzen dioten lekuari begira. Izen ergelagorik be! Bilbo erdian dagoen plaza horretan zenbat oroitzapen etorri zitzaizkidan. Esate baterako, zenbat manifa plazatik bertatik. Baina eraikin itsusi eta aldi berean maitagarri hari begira, bihotzak sekulako kolpe gozoa eman zidan. Han barruan, kirola egiteko omen den lekuan, ariketa fisikoen ikuskizunerako tokian, zenbat kontzertu ikusi izan ditugun ume eta gaztetan. Zenbat ekitaldi politiko. Orduan konturatu nintzen, niretzat printzipioz berebiziko garrantzirik ez duen leku batean, gauza asko, eta gehienak oso ederrak, gertatu izan zaizkidala. Espazio handi horren kantxan, harmailetan, pasabideetan, komunetan eta baita aldagela diren kamerino bihurtutako tokietan ere, denetik gertatu zait eta ezin denak kontatu, ezta gogoratu ere. Orain, txertoa jasotzeko lekua da La Casilla. Ezinbesteko tokia, funtsezko lekua. Zalantzarik gabe, kabaretean bezala, toki bat, aldi berean, beste leku hura eta beste leku hau izan daiteke. Bertan daudenen emozioek emango diote lekuari forma, giroa eta usaina. Baina bertan bizitakoak bereziki egin du leku hori gure bihotzeko toki bihurtzea. Gure kasuan La Casilla, partidarik ederrenak abiatzeko laukia, tokia. Irteera laukia: partida berriz hasteko unea, bizimodu gozo berri baten hasiera izatea nahiko nuke, pandemiaren ostekoa. Ahora, es el lugar para recibir la vacuna en La Lugar imprescindible, lugar clave. Sin duda, como en el cabaret, un lugar puede ser a la vez aquel otro lugar y este otro lugar. En ella las emociones... darán forma, ambiente y olor al lugar.