Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Testosterona

Olinpiar Jokoak interesgarriak izan dira. Begirada zabaltzen lagundu dezakete. Zenbat modalitate interesgarri, zenbat puntako kirolari, zenbat profesional inoren idolo izateko aparteko eredu izan daitezkeenak. Futbolak monopolizatutako eskola patioetan bazterretan ibiltzen diren neska-mutikoentzat leiho ederra, arnasa. Baina begiradak luzatzeko eta zabaltzeko ariketa horretan, marka berriak ezarri beharrean gaudela uste dut.

Trans pertsonak eta kirola. Ederra katramila. Batzuei ez omen zaie ondo iruditzen trantsizioa egin duen emakumea emakumeekin lehiatzea. Tranpa omen. Bere gorputza indartsuagoa, azkarragoa, abilagoa omen. Testosterona kontua. Eta zer nahi duzue esatea, niri oso zaila egiten zait pentsatzea inork trantsizioa egin duenik justu kirolean tranpa egiteko. Jaiotzerakoan genitalei begira gizonezkoa zela esan zioten baina bera emakumea da. Eta bere borrokaren muina hori da, jendarteak den emakumea ikus dezala.

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak badaramatza urte batzuk binarismo sexualaren sailkapenak dakartzan arazoak nola konpondu aztertzen eta horretarako emakumezkoei gehienezko testosterona kopurua baimentzen zaie. Caster Semenya Hegoafrikako korrikalariaren kasua sonatua da. Bere gorputzak berez testosterona “gehiegi” sortzen du, emakumeen gorputzak sortu ohi dutena baino dezente gehiago, eta horrek zalantzak sortzen ditu bere “benetako emakume izaerari buruz”. Kirolariak sekulako markak lortu dituen arren, bere kirol balentrien distira maiz apaldu egin dute sufritu behar izan dituen umiliazioek. Ditxosozko testosterona, zenbat arazo eta aldrebeskeria sortzen dituen.

Gaia korapilatsua da eta ni ezjakina. Burutazio kategoriatik ez dira pasatzen nireak. Baina hamar bat urte genitueneko pasadizo batekin akordatu naiz. Futbol partida galdu genuen beste herri bateko neska taldearen kontra. Gol mordoa egin ziguten. Gu hobeak ginen lagunak egiten golak egiten baino. Aurkariak oso onak ziren eta tartean bazen oso-oso trebea zen neskato bat. Erotu egiten gintuen baloia hartzen zuen bakoitzean. Guraso batzuk tematu egin ziren, hura ez zela neskatoa, mutikoa zela eta mutikoa zela. Epailearengana joan ziren kontuak eskatzera. Nire memorian harriduraz gordetzen dut egun hura. Neskato hori egon gabe ere galdu egingo genuen eta beti galtzen genuen gainera. Eta sumatu nuen “neska izateko onegia zela” pentsatzen zutela eta engainatuta sentitzen zirela guraso sumindu haiek –gutxien espero nuenak, gainera–.

Itzalia neukan oroitzapena piztu zait Olinpiar Jokoetako eztabaidarekin. Eta geroztik 30 urte pasatu diren arren, 10 urte nituenean bezala sentitu naiz, galduta, eta sailkatzen gaituzten kutxak estuak, herdoilduak eta zamatsuak izaten segitzen dutela sentitu dut itolarriz.