22 AGO. 2021 IRITZIA Lapurrak Jokin Urain Besteak daukan hura kendu nahia ez dakit noiztik datorren. Beti horrela izan dela edo betiko kontua dela esango du baten batek, baina betikoak ere badu bere sorrera, bere abiapuntua. Ezagutzen eta ospatzen ditugun zenbait tradizio ere sakratuak bezain betikoak direlakoan sentitzen ditugu, eta ezin aldatuak eta ezin utziak balira bezala bizitzen. Baina horiek ere izan zuten hasiera eta izango dute bukaera. Ez da ezer betikorik eta betirakorik. Baina besteak daukan hura kendu nahia noiztik ote datorren jakingo nuke, jakite aldera soilik. Ez dut uste ezer konpondu dezakeenik hori jakiteak bakarrik, baina jakin-mina asetzeak badu bere balioa. Besteak daukana kentzeari lapurreta esan dakioke hizkera arruntean, baina parekideak diruditen adiera batzuk baditu, egitateari ñabardura ezberdinak ematen dizkiotenak. Hor dituzu altxatu, harrapatu, kendu, ostu, ohoindu, ebatsi, atrakatu… Lapurra da, seguru asko, eta ez ekonomialaria, ekonomiaren printzipioak modu sinpleen eta argienean ulertzen dituena: dirua ez da desagertzen, eskuz aldatzen da soilik. Eta lapurraren ametsa da besteek duten dirua bere eskuetara aldatzea. Baina amestea soilik ez da nahikoa, planifikatu behar duzu ametsa nola gauzatu. Lapurra izateak ez du izan ospe onik inoiz, baldin eta handira egiten ez bada. Handira egiteko, berriz, atrakatzaile izan behar duzu gutxienez; atrakatzaileak bai baitu beste estatus bat, lapur soiletik goragoko estatus bat, miresmena eragin dezakeena, gainera, herritar arrunten artean. Miresmena eragin dezakete, guztioi lapurtuz aberasten direnei kentzen dietelako atrakatzaileek, eta txikiak handiari egindako zirkin eta adar jotzearen kutsua ere badutelako askotan. Errepara iezaiozu atraku handien historiari, hango eta hemengo bankuetan, museoetan, gotorlekuetan burututako atrakuen historiari, eta ikusiko duzu ederrik. Baina historia izateak iragana izatea esan nahi du batzuetan; kondairaren zentzuan du. Antzina samarrekoak dira atraku handienen kontuak, eta ez dakit gaur jada imajinatu ere egiten ote duen inork atrakurik. Atrakatzailea desagertutako espezie bat dela esan daiteke beharbada, edo desagertzear dela. Bere garai onenak aspaldi bukatu zirela ematen baitu, Ismael, bizkartzainekin ibiltzen diren lapurrek hartu dituztelako bankuak eta guztion ondasunekin eraikitako enpresak, eta ez dute konpetentziarik nahi. Es probablemente el ladrón, y no el economista, quien entiende los principios de la economía de la forma más simple y clara: el dinero no desaparece, sólo cambia de manos. Y el sueño del ladrón es cambiar el dinero que tienen los demás a sus manos. Pero solo soñar no es suficiente, tienes que planificar cómo llevar a cabo el sueño.