29 AGO. 2021 IRITZIA Aurpegia eta ahotsa GALDER PEREZ Gero eta gutxiago hitz egiten dugu. Telefonoz ere bai. Dei pertsonalak egitea ezohiko ohitura dirudi gure artean, aspaldiko kontua lez. Jasotzen ditugun dei gehienak komertzialak dira. Haritik haria lotu nahi dutenak izan ohi dira, gainera. Gero eta gutxiago berba egin bai, eta gero eta desatseginagoak gara telefonoz. Dei komertzialen kasuan, hariaren beste aldean dagoen pertsona hori ulertzen dugula diogu, kasurik onenean pertsona esaten diogu. Lanean ari dela badakigula, lotsagorritzeko baldintza prekarioenekin, gainera, baina, hala ere, itzel nekatzen gaituzte horien deiek eta guztiz justifikatuta sentitzen dugu desatsegin jokatzeko arrazoia. Sekula aurrez aurre ikusiko ez ditugula jakiteak erraztuko du ziurrenik gure jarrera oldarkorra. Telefonoaren beste aldean duzun hori ezagutzekotan bazara, orduan bai, oso ezberdina izan ohi da irudirik gabeko komunikazioa deitzen diogun hitz eta ahots trukea. Irudirik ez dago, baina gurea sortzen dugu. Ideala, gainera. Irratiko ahotsekin bezala. Bukatzen ari den uda honetan gertatu izan zait pertsona ezberdinekin telefonoz hitz egin eta gero, horiek ezagutzeko aukera izatea. Aspaldi praktikatu gabeko ariketa berreskuratzea ederra izan da: ahotsaren idealizazioa. Izan ere, inkontzienteki egiten dugun praktika honekin edertasunaren bilaketa bat dago. Ezarritako kanon jeneralistetatik urrun egiten dugun sorkuntza plastikoa da. Bakoitzak berea, norberak badituelako soinu eta irudien arteko konexio pertsonalak edo sorkuntza plastikorako uste baino gaitasun handiagoak. Ahotsari irudia jartze hori gauez egiten ditugun ametsetatik nahiko gertu dagoen zerbait ere badela dirudi. Baina ametsak eta idealak bezala, galtzen goazen zerbait da. Gure egunerokoa kateatzen duten sare sozialek gero eta irudi gehiago dute, ahots aniztasuna itzaltzen duten eskaparateak. Bada gure artean oraindik asko hedatu ez den soinu sare soziala, Clubhouse izenekoa, irrati aktibo eta parte hartzaile gisa definituta. Uda sasoian sareetako garbiketa egin badut ere, orain badut hau probatzeko gogoa. Badakit ez dela aipatutako ariketaren modukoa izango, beste edozein saretan bezala, irudia ere nahiko presente omen baitago. Baina ahotsen beharra dugula sentitzen dut. Ahotsak, horien zentzurik zahar eta zabalenean. Hasi behar dugun ikasturte honi ahotsa jarriko bagenio, nolakoa litzateke? Ederra izan daiteke ariketa: gure neurrirako, gure gusturako ahotsa jartzea kurtso berri honi. Hainbeste oihu eta zalaparta entzun eta jasan ostean, nik behintzat, badut entzun nahi dudan egun berrien ahotsaren ideala edo ilusioa. Samurra bezain dibertigarria, nire senetik atera gabe harrituko nauen ahotsa, eroso sentiaraziko nauena eta egunero, zazpi aldiz gutxienez, barrea piztuko didana. Praktikatu dezagun bakoitzak askatasunez kurtso berriari, orri hauei, kafeari edo gure ipurdia berotzen ari den sofa honi ahotsa jartzeko ariketa. Izan ere, gure ideal eta ametsetatik gertu dagoen ariketa baldin bada ahots bati aurpegia jartzea, kontrakoak ere hori izan behar du. Entzun dezagun gertuko gauzen ahotsa. Gure barrenerako konexioa ere bada, ideala gorren eta oihularien garai zalapartatsu honetarako. Ondo hasi iraila, entzun dezagun, ea zer esan nahi digun. Si pusi��ramos voz a este curso que tenemos que empezar, ��c��mo ser��a? El ejercicio puede ser precioso: poner voz a nuestra medida a este nuevo curso para nuestro gusto. Despu��s de tanto griter��o y ruido, yo al menos tengo la voz ideal o la ilusi��n de los nuevos d��as que quiero escuchar.