12 SET. 2021 IRITZIA Konfiantza Amagoia Mujika Gure amonak ez zituen sekula etxeko giltzak galdu, bere poltsan ez zegoelako etxeko giltzarik. Beti zegoen ondo lixatutako mukizapi zuria, denerako balio zuena. Mukiak, malkoak, zauriak, beldurrak. Denak kabitzen ziren amonaren mukizapian. Baina sekula ez zituen etxeko giltzak poltsan. Haren etxean ez zen aterik ixten giltzaz. Beti irekita. Pentsatzen jarrita, gure amonaren etxea ezin zen itxi, nahiz eta atea bultza. Gaztainondoa, oiloak, katuak, pikondoa, zerria, zakurrei ura emateko baldea, baratzerako katiuska motzak, eskuarea, zumezko saskia, zakurrak, sagu jostalariak, erromero usaina... ez dago horiek inon itxita gordeko dituen giltzarik. Etxe handi hartan inork ez zuen atea ixteko beharrik ikusten eta gure amonak edonor etxekotzat hartzen zuen. Esaten zuen etxe zahar hartan ez zegoela zer lapurtua. Lasai bizi zen, bere etxea toki segurua eta ingurukoa jende bakeosoa zela sinetsita. Konfiantza zuen. Lagun batek kontatu dit duela urte batzuk erabat ohikoa zela Oiartzungo plaza nagusian autoa bigarren lerroan uztea, giltzak jarrita. Hartara, norbaiti traba eginez gero, autoa mugitu zezakeen nahieran. Herritarrek konfiantza osoa zuten autoa giltzak jarrita uzteko. Ez zeukaten nonbait inork autoa lapurtuko zien kezkarik. Hori zen Oiartzungo plaza nagusiko idatzi gabeko araua eta konfiantzan oinarrituta zegoen. Gauza handia da konfiantza. Norberak bere buruan sinistea da konfiantza, baina baita besteengan sinistea ere. Besteek zuk espero bezala jokatuko dutela sinistea da, gauzak zuk espero bezala aterako direla uste izatea. Konfiantza desberdina da pertsonaren arabera, badira konfiantza handiko pertsonak eta badira mesfidatiagoak. Bizitzan zehar pilatutako esperientziek eragin zuzena daukate; gertaera positiboak bizi izan dituenak konfiantza handiagoa dauka. Gertaera traketsagoak bizi izan dituena mesfidatiagoa izan ohi da. Aurrekoan lagun batek abisua bidali zidan goizean, autoko atzeko leihoa irekita neukala. Horrela egon zen gau osoan, kalean aparkatuta eta leihoa irekita. Gure amonaren etxe zaharrean bezala, nire auto zaharrean ere ez dago zer lapurtua, baina ez nuen amonak adinako patxada sentitu. Oporretan egon garen etxean hozkailuko garagardoak eta freskagarriak lasai hartzeko esan digute, azken egunean zenbat edan ditugun kontatu eta horiek ordaintzeko. Besterik gabe. Eta ulertu dugu konfiantza osoa dutela gugan, ez dutela espero tranpa egingo dugunik. Etxepean zabaldu duten garbitegian bizpahiru aulki jarri dituzte eserita egoteko. Erraz lapurtu daitezke, baina konfiantza daukate inork ez dituela lapurtuko. Konfiantza oso sentsazio sanoa da, patxadatsua. Baina uste dut ez dagoela modan. Aldrebes, gero eta mesfidatiagoak ez ote garen... La confianza es una sensación muy sana. Es creer que los demás se comportarán como esperas, que las cosas saldrán como esperas. Según las experiencias acumuladas en la vida, una puede ser muy confiada o mesfidatía. Pero creo que la confianza no está de moda, que cada vez somos menos confiados...