19 SET. 2021 Gure berogailu naturala arriskuan Golkoko Korrontea Golkoko korrontea, Euskal Herriko klima epela ziurtatzen duen faktore garrantzitsuena, ahultzen ari da, eta kolapsatu egin daiteke; gertatuko balitz, errotik aldatuko luke gure txokoa, eta bizimodua. Argazkia: NASA Andoni Urbistondo Ebidentziak gero eta argiagoak dira. 2015az geroztik Golkoko korrontea ahultzen ari dela dioten ikerketak, zientzia artikuluak gero eta ugariagoak dira, baina orain hilabete pasa Niklas Boers adituak argitaratutakoak halako alarma egoera eragin du. Potsdam hiriko Eragin Klimatikoaren Ikerketarako Institutuan aritzen da Boers (Alemania), eta bere ondorio nagusia argia da: Golkoko korrontea (Gulf Stream, ingelesez), azken mila urteetako unerik ahulenean dago, eta korronte hori kolapsatzeko arriskua benetakoa da, erreala. Alegia, azken milaka urteetan, eta egun egiten duen funtzioa egiteari utziko lioke: gure berogailu naturala izatea. Horrek eragin handia izango luke Euskal Herrian, eta Ozeano Atlantikoko Europako herrialde guztietan. Josu Aranbarri lekeitiarra, EHUko Geografia irakaslea Gasteizko campusean, Zornotzan egindako argazkian.Argazkia: Aritz Loiola | Foku Josu Aranbarri geografo fisikoa da, EHUko irakaslea Gasteizko campusean. Bere hitzetan, Golkoko korrontearen azalpena: «Gure berogailu naturala da. Korronteari esker daukagu Euskal Herrian hain klima epela, gure latitudeagatik klimak askoz hotzagoa izan beharko bailuke. Golkoko korronteak Karibeko ur tropikal beroa garraiatzen du milaka kilometrotan iparrerantz, gure latitudera, eta korronteko adarretako bat Kantauri itsasoraino etortzen da. Horri esker gure klima epela da, baina Europako beste herrialde batzuetan eragina askoz nabariagoa da. Tromso hirian, Norvegia iparrean, adibidez». Ipar latitudeko 70 gradutan dago Tromso. Urtarrileko batez besteko tenperatura -5 gradukoa da. Alaskan, ipar latitudeko 64 gradutan dago Fairbanks hiria. Han, urtarrileko batez besteko tenperatura -18 gradukoa da, 13 gradu gutxiago, eta Tromso baino hegorago dago. Golkoko korronteak eragiten du hori. «New Yorkeko adibidea are esanguratsuagoa da», dio irakasleak. «Han Labrador izeneko korronte hotza dute, Groenlandia, Kanada eta AEBetako ekialde osoan zehar barreiatzen dena. Neguan 10 gradu zeropetik egin ditzake sarri. New York, baina, Bilbo eta Donostiako latitude berean dago». Golkoko korronteak halako ezinbesteko ziklo bat osatzen du: Karibeko ur beroak garraiatzen ditu itsas azalean barrena Artikoraino, eta han, hozten denean, dentsitatea irabazi eta Ozeanoko sakonera jaisten da, berriro Karibe aldera iritsi, epeldu eta azalera bueltatzeko. Euskal Herrian musu truk jasotzen dugun berogailu baten antzekoa da. Boers adituaren ikerketaren arabera, korrontea ahuldu egin da nabarmen azken 150 urteetan. Azalpena, Aranbarrik: «Bere ikerketak hainbat urtetako datuak ditu oinarri, eta horien arabera, Golkoko korrontea azken 150 urteetan %15 ahuldu, murriztu da. Hortik aurrera, eta alarmarik piztu gabe, simulazioak, kalkuluak egiten dira. Simulazio horietan parametro askok elkar eragiten dute, eta ez dira zehatzak, baina gizakiok atmosferara egiten dugun CO2 kopuru isurketa geratzen ez bada, mugatzen ez bada, litekeena da 2100 urterako Golkoko korrontea %35-%45 artean etetea». Zergatia honakoa da. Klima berotzearen ondorioz poloetako izotz eremuak urtu egiten dira, eta ur geza kopuru itzelak itsasoratu Ipar Artikoan, aldaketa hidro-kimiko sakonak sortuz. «Golkoko korronteak osagai jakin batzuk behar ditu, ur gaziaren eta gezaren arteko oreka egokia, bere funtzioa betetzeko, baita tenperatura gradiente jakin bat ere. Gradiente hori hausten denean, erregulazio fisiko bat ematen da korrontean, eta bere funtzioa egiteari uzten dio, ohikoa baino bero transferentzia gutxiago eramanez latitude borealetara». Azalpena irakaslearena da. Fenomeno hori ematea, korrontea kolapsatzeko arriskua, beraz, benetakoa ote? «Bai, gerta liteke», dio Aranbarrik. Hipotesia baieztatuta, hurrengo galdera erraza da. Zer gertatuko litzateke Golkoko korrontea kolapsatuko balitz? Aho bizarrik gabe, erantzuna: «Euskal Herria errotik aldatuko litzateke. Klima, eguraldia, hoztu egingo litzateke nabarmen korrontea kolapsatu ondoren, eta gure ekosistema aldatu egingo litzateke erabat. Aintzat hartu egun dugun klima epelari esker ditugula basoak, fruituak ematen dituzten baso eta baratzeak, eta eguraldiaren hoztearekin ekosistema bera, gure bizimodua aldatu egingo litzateke». Euskal Herrian tenperaturaren jaitsiera hori zenbatekoa izango litzatekeen zehatz kalkulatzea ezinezkoa da, eta ikerlariek aurrekariei, iraganean gertatutako antzeko egoerei erreparatzen diete halakoetan. Eta aurrekari bat badago, eta nahiko gertukoa: Younger Dryas hotzaldia. Goian, ikerlari bat, polen sedimentuak biltzen. Sedimentu horiek aztertuz ondorioztatzen dute adituek gure planetan iraganean izandako tenperatura aldaketak. Younger Dryas hotzaldian ohikoak ziren taxoi polinikoak: «Ephedra», «Compositae», «Chenopodiacae», «Artemisia». Younger dryas hotzaldiko datu harrigarriak. Duela 12.700 eta 11.500 urte arteko epean, Goi Pleistozeno garaian, Younger Dryas izeneko hotzaldia eman zen. Ekosistema alpetarretan bakarrik hazten den landarea da Dryas izenekoa, baina hotzaldi horretan Europa osoan barrena barreiatu zen, eta hortik dator hain zuzen ere hotzaldi horren izena. Aranbarriren tesia aro kuaternarioan gertatutako aldaketa klimatikoetan oinarritu da, «informazio iturri gisa garai ezberdinetako polen erregistroak erabiliz. Kuaternarioan zehar, aldaketa klimatikoek ekosistemetan zer aldaketa eragin zituzten aztertu dugu. Lakuetako sedimentuetako estratu ezberdinetan pilatutako polena aztertzen dut, eta hor garbi antzematen da, une jakin batean, polena desagertu, edo polen asoziazio ezberdinak agertu zirela. Zehazki baso hosto erorkorretako landare espezieen polena desagertzen da, eta egungo estepatan agertzen direnak garatu, gramineak eta elementu xero-kriofiloak, hain zuzen ere. Horregatik dakigu hain modu zehatzean noiz hasi zen Younger Dryas hotzaldia, eta zer-nolako eragina izan zuen gure lurraldean». Younger Dryas hotzaldian gertatutakoa aztertzea, ikertzea gozamena da Aranbarri eta bera bezalako irakasleentzat. Pasioz kontatzen ditu garai hartako pasarteak. Adibidez, hotzaldia nola sortu eta garatu zen: «Bi teoria daude: glaziarren fusio azkarrak ur geza isuri zuela Ipar Atlantikora, eta bestea, kometa baten leherketa. Kometaren teoriak ez du babes handiegirik, fidagarriagoa da lehena». Honatx, fusioaren teoriaren azalpena: «Ipar Amerikan izotz geruza handi bat kokatu behar dugu, 13.000 urte atzera, Laurentina izenekoa, egungo Kanadan. Glaziazio baten ostean lurra berotzen ari zenez, izotz masa erraldoi hori urtzen hasi zen progresiboki, baina urtutako ura ez zuen itsasora isuri, modu naturalean sortu zen laku batera baizik». Agassiz izena jarri zioten laku horri. 445.000 kilometro koadroko laku puska izatera iritsi zen, Iberiar penintsula adinako tamaina, ia-ia. «Ura urtzearen poderioz, Agassiz lakuko ur gezaren kopuru handiena Kanadako San Lorenzo badiara isuri zen, Quebec hiritik iparrera, eta hortik Artiko Itsasorantz zuzenean. Horrek guztiak aldaketa geomorfologiko eta hidrologiko paregabeak ekarri zituen». Agassiz laku erraldoiak isuri zuen ur kopuruaz, Wikipedia hiztegi ezagunean topatu dugu erantzun zuzena. Ez sinesteko moduko zenbakiak sortzen ditu ariketak. Segundo bakoitzeko 800 olinpiar igerilekutan kabitzen den ur kopuru bera isuri zuen Agassiz lakuak itsasora: olinpiar igerileku bakoitzean lau milioi ur litro sartzen direla aintzat hartuz, egunero-egunero 276.480.000.000.000 ur geza litro isuri ziren itsasora Agassiz lakutik. Egun batean bai, eta hurrengoan ere bai, hustu zen arte. Aho bete hortz geratzeko moduko zenbakia, nola esan behar den pentsatzea ere kosta egiten dena, baina Golkoko korrontea zergatik kolapsatu zen ulertzen laguntzen duen zenbakia. Golkoko korrontea berehala eten zen, eta hotzaldia hasi. Hotzaldi handia? Txikia? Nolakoa izan zen? Datuak, Aranbarrik: «Groenlandian 15 gradu jaitsi zen tenperatura batez beste, Ingalaterran bost gradu. Ekosistemen dinamika naturala guztiz hautsi zela pentsatu behar dugu. Baso hosto erorkorreko, eta klima mediterraneora egokitutako espezieak desagertu edo lekualdatu egin ziren. Estepa edo tundra bezalako paisaia sortu zen latitude borealetan. Glaziarren tamaina ikaragarri handitu zen Europan, eta gero eta lur azal zuriagoa hedatu, eguzkiaren berotze efektua murriztu eta hotzaldiak areagotuz. Younger Dryas garaia Agassiz lakua hustu arte luzatu zen, 1.200 edo 1.300 urtez». Hozte hori, gainera, oso azkar eman zen, «10-20 urteren buruan», Aranbarriren ahotan. Jasoak daude hozteak Groenlandia eta Ingalaterran izan zuen eragina, ondorioa, tenperaturei dagokionez, baina ez Euskal Herrian izan zuena. Jaitsiera zehatza ezagutu gabe, baina, ondorioak izan zituen. Hauek: «Gure ingurunean bizi zen populazioa egokitzeko beharrean ikusi zen. Jende askok beste zona epelago batzuetara emigratu behar izan zuen, bizirik irauteko, batez ere kostaldera. Hotzaldi horrekin egunerokotasuna zaildu egin zen, eta bere bizitokitik hanka egin behar izan zuten askok». Irakurlea aho bete hortz uzteko moduko pasadizo bitxia ere kontatzen du Aranbarrik: «Ziurtzat jotzen da hotzaldi hartan, Lekeition oreinak bizi izan zirela. Pentsa nolakoa zen klima gurean, zer landaredi egongo zen, egun batez ere Eskandinavian bizi diren abere horiek gurean ere irauteko». «Dryas Octopetala» lorea. Alpeetan sailik hazten zen, baina Younger Dryas hotzaldian Europa osoan barrena barreiatu zen. Fenomenoa etetea ezinezkoa da ia. Ikerlari gisa antzeko prozesuren bat ezagutu nahi ote lukeen galdetuta, honatx irakaslearen erantzuna: «Ikerlari gisa bai, baina ekarriko lituzkeen eragin larriengatik ez. Gauza negatiboa litzateke. Tenperatura beherakadak aldaketa sakonak ekarriko lituzke guregan. Tenperatura jaitsiko litzateke, glaziarrak haziko, uztak kaltetu eta merkatuen salneurriak eraldatu. Gizaki naizen heinean ez nuke nahi halakorik gertatzea». Borondatea, nahia garbi, baina egoeraren azterketan dudarik ez du Aranbarrik. Dagoeneko ez dago atzera bueltarik: «Tendentzia garbia da. Prozesuak atzera bueltarik ez daukala esango nuke, nahiz eta gaur bertan gaizki egindako guztia iraultzeko ahalmena emango liguken makila magiko bat eduki esku artean. Atmosferak urteak eta urteak beharko lituzke, demagun, egoera normal batera bueltatzeko, gaizki egin dugun guztia ezabatuta ere. Atmosfera ez da gauza lineal bat, inertzia jakin bat dauka. Industrializazioa hasi eta atmosferara CO2 isurtzen hasten garenean ematen hasten da aldaketa, eta antzera samar jarraitzen dugu egun ere». Zertarako gaude, bada, garaiz? Zerbaiterako baldin bagaude, noski: «Galdera zaila da hori. Lurrak berez autoerregulatzeko mekanismoak dituela uste dut, eta Golkoko korrontea ere halako mekanismo bat da niretzat. Neurriei dagokionez, CO2 gas emisioetan beherakada eman beharko litzateke, berotegi efektua leuntzeko, baina oso kontu politizatua da, interes ekonomiko indartsu eta kontrajarriak daude jokoan. Nola aldatu hain gauza erraldoi bat modu indibidualistan? Klimarekin, eguraldiarekin, zoritxarreko egoeraren bat ematen denean gogoratzen gara bakarrik. Zer egin dezaket nik? Edo zuk, edo lagunen batek, modu indibidualean? Erabaki garrantzitsuenak aginte-makila dutenek hartu behar dituzte, norbanakook baino, nahiz eta guk ere eguneroko kontsumo patroiak aldatzeko beharra izan. Esango nuke jendarteak ez daukala oso garbi zer egin beharko lukeen egoera hau aldatzeko, sarean, egun, nahi beste informazio lor badezakegu ere». Autokritika apur bat ere egiten dio bai bere jardunari bai bere ogibide kideen jardunari: «Dibulgatzaile edo ikertzaile garenok modu eraginkorragoan zabaldu beharko genuke zein den egoera, modu praktikoan, eta ez, akaso, hain modu teknikoan. Interesa badagoela esango nuke. Ikastoletan ekimenak egiten dira txikienak ingurugiroko pertzepzioa jasotzeko, eta horiek etorkizunean erabaki guneetan egotea izango litzateke gakoa». Hala izatea onena, artikulu hau irakurriko duten gehienak ez baitira Lurra planetan egongo 2100 urtean. Geratu, edo egongo direnei, baina, merezi gutxienez guk ezagutu dugun antzeko mundua, edo hobeagoa uzten saiatzea. Orein bat, elurretan. Dokumentatua dago, Younger Dryas hotzaldian, Lekeitio aldean oreinak bizi izan zirela. Egun Eskandinavia, Errusia eta Kanada aldean bakarrik bizi dira.