10 OCT. 2021 IRITZIA Arrazoia Amagoia Mujika Arrazoia izan zaleak omen gara denok. Arrazoia izateagatik piztu dira historian gerra krudelenak eta eztabaida sutsuenak, baita aldrebesenak ere. Arrazoia izatea eta parekoari oker dagoela ikusaraztea. Askorentzat ez dago gozamen handiagorik. Batzuek etxeko adinekoen zaintza nola antolatu behar den azaltzen digute. Zer den onena eta zer txarrena. Eta kasualitatea edo, onena beti haiek aukeratutako bidea da. Etxe bakoitzeko egoera desberdina da, zaintza antolatzea ez da erraza, zaindua izan behar duenaren egoerak pisu handia dauka, egoera ekonomikoak ere hor daude... Alfer-alferrik dira batzuen eta besteen argudioak. Bide onena haien etxean aukeratu dutena da eta kito. Berak du arrazoia. Eta, pentsatzen jarrita, iruditu zait agian hartu duten erabakiak badituela zirrikituak, ez dagoela hain lasai, eta akaso horregatik zapaltzen dituela besteen aukerak, berea onena dela sinetsarazi behar diolako une oro bere buruari. Batzuek zure jateko ohiturak zalantzan jartzen dituzte une oro, gosea kentzeraino. «Puf, dilista platerkada hori jan behar al duzu? Nik hori janez gero, ez nuke bakerik izango sabelean bihar arte. Hori ez da batere osasuntsua. Nire jateko modua aldatu nuenetik, beste pertsona bat naiz. Zuk ere probatu beharko zenuke, seguru mesede egingo dizula». Eta hor zaude zu, lehenago goseak amorratzen zegoena, apetitua itzalita eta kontzientzia dilista formako plater astun bat bihurtuta. Zure seme-alabei nola hitz egin beharko zeniekeen aholkatzen dizutenak edozein bazterretatik agertzen dira. Zure hezteko modua zalantzan jartzen dutenak nonahi –denak lagunak eta denak borondate onenarekin–. Haien etxeko formula da onena, funtzionatzen duena. Haiek dute arrazoia. Eta zure aukera sexuala zuretzat onena ote den zalantzati agertzen direnak ere badaude. «Seguru nago zoriontsuagoa izango zinakeela elefante batekin. Tigrearekin harremana izateak ez dizu mesede egiten». «Baina ni pozik nago tigrearekin». «Zuk pentsatzen duzu pozik zaudela, baina elefantea probatzen duzunean jakingo duzu benetan zer den zoriontasuna». Ez dago erraza kontua. Jendarte anitza nahi nuke, aukera denak kabitzeko modukoa, koloretsua, zabala, askea, askotarikoa. Eta horretan ari ginela uste nuen. Baina batzuetan sumatzen dut aniztasunaren alde hainbeste borrokatu eta gero, sekulako beharra daukagula aukera anitz horien artean gurea onena dela oihukatzeko munduari; behin eta berriz, ingurukoak gogaitzeraino eta aniztasuna kamusteraino. Norberak aukera dezala bere bidea eta erratu dadila lasai, ezta? Beti izango du probatzeko bide berriren bat. A veces percibo que después de tanto pelear por... tenemos una necesidad enorme de gritar al mundo que la nuestra es la mejor de esas oportunidades... una y otra vez, hasta el entusiasmo y la diversidad