Aisialdia diote
Aisialdi terminoa oso nahasia iruditu izan zait beti. Azken boladan, gainera, arautu nahi izan digutenean, erabat bihurri bilakatu da. Eta zer esanik ez, gauaren esparru soila dela sinetsarazi nahi izan digutenean moztu diote zentzu zabala. Irakurtzea, dantzatzea, film bat ikustea, sexuarekin gozatzea, paseatzea, lo egitea, patata-tortilla egitea, idaztea, gorputzeko atalik gogokoena hazkatzea eta ezer ez egitea, ez al dira ere gauerako, zein egunerako, aisialdi jarduera ederrak? Baina aisialdia ekintza komertziala dela agindu dute, arautua. Arteetan eta kulturan beti egon da aisialdiarekin lotua izateko errezeloa, esparru horrekin esklusiboki lotzearen kondenaren beldurra, zer eta kontsumoaren legeen agindupean geratzeko bertigoa. Baina aisialdia baino gauza askeagorik ez luke izan behar, nork berea sortu, antolatu eta irudikatzeko gaitasuna baitaukagu.
Gaueko aisialdia deitzen dioten horretan libre utzi gaituzte berriz ere. Onartu behar dut, beste gauza askori bezala, horri ere beldurra niola. Jende pilaketaren ikara. Pentsatzen nuen, horrenbeste hilabetez distantziek bananduta egonda, izugarri kostatuko zitzaigula elkarrekin igurzteko moduan egotea. Baina uste baino azkarrago sartu gara saguak erroberan dantzan. Berriz ere gure kaioletan dantzan. Eta berreskuratu ditugu tabernariekin aurrez aurreko eztabaida amaiezinen haria, barran potea hartzen ari garen bitartean. Bueltatu gara gau batean ezezagunekin nahastearen abenturetarako zaletasunera eta 80ko hamarkadetako “lo mejor del pop español” edo halako bestelako guilty pleasure kantuekin borobilean kantatu eta dantzatzera.
Euforia kolektiboa inguruko dena bustitzen ari dela ematen du, ospakizun amaigabe batean murgilduta egongo bagina lez. Parranda erraldoi honen hasieran baino ez gaude. Harreman batean bezala, norberak bere alderik politena erakusten duen momentu idilikoan ari gara igerian. Baina, tamalez, azken urte eta erdi honetan zauri asko sortu da. Tamaina eta forma ezberdinetako arrakala hauek guztiak apurka konpontzen joan beharko dugu indibidualki eta kolektiboki. Aterako dira minak, haserreak eta frustrazioak. Tamaina hartzen ez badakigu, igeri ederretako ur goxo hauek malkoen putzu bihur daitezke, asko eta asko bertan berriz ito daitezen, edo gaitezen. Hau guztia gutxi balitz, jakin badakigu ustezko askatasun neurtu eta kontrolatu hau moztu diezaguketela berriz ere. Zaila da, ordea, dantza, berba, algara, pote eta txupitoen artean begiak eta burua erne edukitzea. Askotan esan dugu, gainera, dantzan egin ezin den hori ez dela gure iraultza izango. Beraz, jarrai dezagun ospatzen eta dantzan, baina gauza bakoitza behar bezala definitu eta sortu dezagun. Ez dezala aisialdia deitutako marka jakin batek gure askatasuna mugatu. Kaiola bateko erroberan bueltaka ibiltzeko bada ere, dibertitzeko jaioak ginen eta horretarako ere badugu eskubidea. Eta asko eskatzea ez bada, benetan libre, norberak sortu dezala bere gogoko errobera edota kaiola.