07 NOV. 2021 IRITZIA Puztutako hitzak Amagoia Mujika Pertsonalizatua, norbere beharren neurrikoa, pertsonak erdigunean jartzen dituena... Zenbatetan ez ote ditugun entzun hitzok agintarien ahotan. Osasungintzaz ari direnean, hezkuntzaz, zaintzaz edo berdin eguraldiaz. Beharra dutenean ateratzen dituzte mezu horiek eta merke saltzen dituzte. «Bonito y barato». Puztutako hitzak dira, haizez beteak eta, zoritxarrez, herritar askori maiz aurpegian bertan lehertzen zaizkienak; erietxe bat, zaharren egoitza bat edota eskola bat zapaltzen dutenean, adibidez. Haurraren bila eskolara joan eta goiz osoko mukiak aurpegian pegatuta dituela? Normala, hainbeste ikaslerekin nahikoa egiten du irakasleak jasotako ume kopuru bera bueltatzen eguna amaitzen denean. Mukiak baino dramatikoagoa izan daiteke. Demagun laurogei urteko emakumea erietxean dagoela, ebakuntza bat egin diotelako. Orain arte bakarrik joaten zen komunera, baina erizainak esan dio ezin duela bakarrik joan, abisatzeko beharra duenean. Abisatu omen die, askotan, eta haiek etorri ez. Txirrina jo du hirutan eta beste bitan azaldu dio interfonoz bestaldeko ahots horri komunera joan behar duela. Itxoiteko, joango dela norbait laguntzera. Eta ordu bat zain. Biloba bisitan joan zaionean izerditan, larri, negarguraz topatu du ohearen izkinan. Komunera joan nahi duela, ordubete zain daramala eta ez dela inor etortzen. Bilobak lagundu dio komuneraino; haserrearen, amorruaren eta umiliazioaren pausajez. Komunean lasaitua hartu eta bueltatu da ohera. Eta han azaldu da osasun langilea, ea ez ote duen komunera joan behar. Emakumeak esan dio egin duela komunerako buelta, bere zain bazegoen gainean egingo zituela egin beharrekoak. Eta osasun langileak sekulako errieta egin die: arduragabe hutsak izan direla, erortzeko arriskua zegoela, ea erotu ote diren. Amonak erantzun dio ea jan, lo eta kaka haiek programatutako orduan egin behar ote duen. Suminduta alde egin du osasun langileak eta segidan azaldu da berriz. «Akabo komunerako bueltak. Aurrerantzean ez duzu inolako arazorik izango». Eta fardela jarri dio ohean dagoen emakumeari. Amona-bilobei malkoz bete zaizkie begiak, kolore berekoak, genetikaren kapritxoak. Ez da langilearen errua. Borondatea izanda ere, ezingo lioke gaixo bakoitzari komunera lagundu beharra sortzen zaion unean. Zenbakiak erraz kabitzen dira politikarien programetan, baina pertsonak ez. Baina arreta pertsonalizatua hori da, hain xume eta gordin; komunerako gogoa duenak behar duenean joateko modua izatea. Baina horretarako baliabideak behar dira, behar adina langile kontratatu behar dira, hitz ponpoxoek ez dakitelako komunerako bidea. Personalizado, a medida de las necesidades, que pone a la persona en el centro... son palabras infladas, de viento... que a muchos ciudadanos les explotan en la cara; cuando pisan una escuela, un sanatorio o una residencia de ancianos, por ejemplo