7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Imajinaezina


Zemuz? dena ondo?». «Bai, ama, gustoa». «Noiz etorriko zea?». «Lagunak jutian». «Etorri axkar». «Lo intzazu lasai ama». Baina amak ez du lo lasai egiten gaueko ordu txikietan etxeko atea irekitzen, ixten eta barrutik kisketari bueltak ematen sumatzen duen arte. Orduan egiten du lo, bere txita guztiak etxean gozo daudenaren patxadaz.

Aztoratuta dago ama, Bartzelonako Igualadan hamasei urteko neska bat bortizki bortxatu eta errepide baten erdian biluzik utzi dutela jakin duelako. Kamioilari batek ikusi zuen errepidearen erdian eta ia harrapatu zuen kamioiarekin. Hilda zegoela pentsatu zuen eta manta batekin tapatu zuen anbulantzia iritsi bitartean. Amari botagura sortzen zaio horrelako albisteak entzuten dituenean. Bere alabak, ordu txikietan kisketari bueltak ematen dizkionak, hamasei urte ditu eta, Igualadakoak egin zuen bezala, parrandan dabilenean ohitura dauka etxekoei mezuak erantzuteko, lasaiago egon daitezen.

Matematika probabilitateari kasu eginda, loteria tokatzeko aukera 116 milioitik bat da. Aukera askoz handiagoa dago marrazo baten erasoaren ondorioz hiltzeko –3,7 milioitik bat–; tximista bat gainean erortzeko –700.000 aukeratik bat–; edo meteorito baten ondorioz hiltzeko –3.000 eta 250.000 arteko probabilitatearekin–. Baina, hala ere, zer garen inozoak, noizbait loteria tokatuko zaigun aukera buruan dugu; marrazoarena edo tximistarena, ezta burutik pasatu ere.

Bartzelonako Igualadako erasoaren antzeko albisteak entzuten ditugunean, ez dugu pentsatzen zorte txarreko gaua izan dela emakume gazte horrentzat, “erotuta” dagoen gizon kuadrilla batekin gurutzatu dela kasualitatez, tximista gainera erori zaiola justu etxera bidean zihoanean. Horrelakoak entzunda “beste bat” pentsatzen dugu eta gure kaleetan dabiltzan hamasei urteko emakumeez akordatzen gara; haien gorputz askeez eta irribarre freskoez, haien lainezarako eskubideaz, gogoratzen gara zein ozen kantatzen duten dutxan, nolako grina daukaten deskubritzeko, zenbat indar daukaten ikasteko eta desikasteko, zer-nolako energia, bizitzeko nolako gosea daukaten. Eta pentsatzen dugu loteriarik ez zaiela tokatuko akaso, baina litekeena dela noizbait, nonbait, norbaitek erasotzea emakume direlako.

Eta hori da arazoa, gure jendartearen pertzepzioan eraso matxistak aukera bat direla, gertagarriak direla. Aldaketak etorri dira eta orain emakumeen kontrako indarkeria ez da otzantasunez hartzen. Amorrua eta injustiziaren salaketa gero eta ozenagoak dira jendartean. Eta akaso hor egon daiteke giltza. Behin aditu bati entzun nionez, indarkeria matxistak imajinaezina izan behar du, kanibalismoak bezala.