Jokin Urain
IRITZIA

Eskumenak

Estatutua onartu zutenetik berrogei urtetik gora igarota, lehengo hilean eman zioten euskal heren bateko gobernuari espetxe arloko eskumena. Pentsatzekoa da kudeatu behar duenarentzat ez dela eskumenik gustukoena espetxeena, baina, behin ardura hartuta, gauzak ahalik txukunen eta beste inork baino hobeki egiteko asmoa bederen izan behar lukete.

Egia da ongi egitea gauza oso ezberdina izan liteke batzuentzat eta besteentzat; batarentzat modu bikaina dena bestearentzat izan liteke anabasa bat. Adierek badute bikoizteko eta esanahi ezberdina hartzeko joera temoso hori eta, behin hasita, jatorrizkoaren justu aurkako esanahia izatera heldu litezke azkenerako. Horrela, ongi egitea izan liteke aldrebeskeria bat ongi egitea, itsuskeria narrasena dotore edo edozerkeriarik handiena bikain tajutzea.

Eskumena hartu eta hilabete gabe hartu du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Zuzendaritzak hogei urte hauetan espetxean dagoen euskal preso politiko baten eskaerari buruzko lehen erabakia. Justizia Zuzendaritza horren ustez, preso honen “conducta global”-etik “no se desprende una evolución suficientemente favorable”, aurrerantzean “un regimen de vida en semilibertad” egiteko gai dela pentsatzeko.

Gaztelera garbian funtzionatzen jarraitzeko asmoa izango du bazter guztiak euskaldundu behar direla esanez iragarkiak egiten dituen Jaurlaritza horrek. Eta pentsatuko du espetxeei dagokionez gainontzean ere nahikoa dela lehengoan jarraitzea; ez hizkuntza, ez hizkera eta ez irizpide, ezertan aldaketa txikienik egin gabe jarraitzea nahikoa dela alegia, Espetxe Instituzioetako Madrilgo Idazkaritza Orokorrak duela urte eta erdi preso berari ematen zion ebazpena literalki kopiatu, pegatu, data aldatu eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzaren izenean sinatuz. Bejondeiola!

Espetxeen izenak aldatu dituzte, hori bai; ezinbestekoa irudituko zitzaien eta lehen Martutene zenari orain C.P de Gipuzkoa ipini diote, Zaballa zenari C.P. de Araba, eta Basauri zenari C.P. de Bizkaia.

Azkenerako utz zitekeena egin dute aurrena, Julen; baina badakizu izena aldatzea ez dela aski izana berritzeko. Ez dut uste kartzelak balio duenik ezer hobetzeko, eta ez du ematen, oraingoz behintzat, kudeatzaileak aldatzeak funtzionatzeko modua hobetzen duenik.