Amagoia Mujika
IRITZIA

Nostalgia

Artilezko galtzerdiak. Aita aulkian eserita, nire oin txikia hanka tartean hartuta, abarkak lotzen. «Estu lotu dizkizut, gero ez askatzeko». Hotza erreka bazterrean. Amonaren esku epela nire eskutxoa eusten. Goroldioaren usaina. Aluminio-paperarekin egindako erreka distiratsua baserriko atariko mahai handian. Erregeak gamelu gainean, egunero-egunero pauso bat aurrera. «Ez aurreratu gehiegi erregeak, garaiz aurretik iritsiko dira», aitonaren errieta. Pazientzia hitzaren dotorea bere ahoan, zer esan nahi zuen ulertu ez arren. Arrain zoparen usaina. Kiroletako zapatila zuriak, “markako” lehenak. Amaren kamisoia erdi lotan nagoela, anaiaren bizikleta urdina airean daramala. «Egizu lo». Gure ama, opariak banatzen dituen zuriz jantzitako aingerua. Gaztaina erreak, aitonarekin ‘mano-mano’. Haren poza, «nik adina jaten dizkik neska txiki honek», harro, lagunei. Bingoa. Dantza, erratz bat hanka tartean jarrita. Jendea, turroiz betetako plater erraldoiak. Musa. Lagunekin txistorra, sagardoa eta parranda. Barreak, zikindutako zapatila zuriak, amaren pena abarkak jantzi ez ditudalako. «Ama, parrandarako deserosoak dira». Urte berri on eta bi muxu lagunei eta etsaiei. «Gaur Urtezaharra da, gaur ez dago etsairik», kuadrillako bakezale jakintsuak. Lokal zahar hartako diskoteka, inoizko onena. Joxe Ripiau. Ajea eta kroketak. Gabon egunez daramaten laguna. Zain dago ama, zain aita. Oraindik. «Nik lotuko dizkizut abarkak, aitonak niri lotzen zizkidan bezala». Olentzero eta eguerdiko kalejira. Garagardo batzuk egun argitan. «Ama, beldurra ematen dit lo nagoen bitartean Olentzero etxera sartzeak. Ezin ditu opariak beste nonbait utzi?».

Hainbeste usain eta pertsonaren gainean eraikiak daude nire Gabonak! Asko dagoeneko ez daude hemen eta haiekin izugarri akordatzen naiz. Igual berez edo igual iragarkiek, argiek eta musikatxoak bultzatuta. Ez dakit, baina asko akordatzen naiz. Eta begiak itxiz gero, umetako mahai jendetsu hartan eser naiteke berriro; hango elkarrizketa ozenak, errietak, patxaran usaina, barreak, amantalak joan-etorrian, zakurrak mahai azpian endredoan.

Nostalgia izango da, pasatakoaz irri txiki batekin akordatzeko gaitasuna, irri tristea eta alaia era berean. Memoriak badu dena dotoretzeko gaitasuna eta batzuetan iruditzen zait urtez urte nire buruari kontatzen diodan istorio hori gero eta gehiago dotoretzen dudala. Gehiegitxo. Telebistako iragarkien errua izango da, gure Gabonak haien ahalik antzekoenak irudikatzeko amarrua egingo du memoriak. Akaso ez ziren hain politak izango. Baina Gabon haietatik gatoz. Eta aurten ere saiatuko naiz nostalgiaren dantza tuntun horretatik libratzen eta datozen egunak neurrian bizitzen. Saiatuko naiz.