7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Barra-kodeak


Adinean aurrera goazen ahala soinean tatuatzen zaizkigu denboraren aztarna batzuk. Haurtzaroko erorikoa gogorarazten digu zahartzaroan ispilutik begiratzen digun bekokiko ebakiak; gaztaroko istripua ekarriko digu gomutara belauneko orbain zatarrak; atzamar edo sudur okertuari erreparatzean, bat-batean zimiko egingo digu hogei urte lehenago zauriak, eta saihespeko ildoak ebakuntzaren labankada berpiztuko dizu.

Narruazaleko orbain horietara ohitzen gara, edo horiekin bizitzen ikasten dugu. Aspaldikoenak atzendu eta berriak eginez eta gehituz goaz; tatuaje mutuen mapa izan daiteke azkenerako soin osoa. Eta ez dakit tatuaje horiek norbanakoak izan duen bizimoduaren proportzioan eginak direla esan ote litekeen. Kasu batzuetan horrela izango da, beste batzuetan igual erakusten dute bakoitzaren baldartasunaren proportzioa. Bizitzako urrats, jauzi, laprastaden kodeak dira, dena den, bizipen gozo eta mikatzen kodeak, susto eta eskapadenak.

Zientziak esaten digu burmuinean hartzen dutela lekua bizitzako pasarteek eta leku horretatik ekartzen ditugula une batean edo bestean gogora edo hizpidera. Zehazki, garuneko kortex prefrontalaren erdialdean omen daude emozioak eta oroitzapenak. Hortxe bizi omen dira, bizi omen ditugu, bizirik ditugun bitartean. Miresgarria eta mirarizkoa ere bada halako zehaztasuna.

Baina badira belaun urratuari edo ispiluko irudiari begiratuta ikusten ez diren beste barra-kode batzuk, soinaren barruko aldean pilatzen joan zaizkigunak. Burutu gabe geratutako egitasmoen marrak dira batzuk, zorion une handi edo txikiak besteak, oroitzean zimiko mikatza eragiten edo bat-batean erraiak uzkurtzen dizkigutenak, edo gogoan berpiztean pozaldi asegarria ematen digutenak.

Esango nuke, ez dakit zientziaren alde ala kontra, badirela burmuineko kortex prefrontaletik irrist eginda bihotzean eta erraietan itsatsita geratzen zaizkigun oroitzapenak eta emozioak. Oroimenean atxiki nahi ez ditugulako ezabatu nahi izan ditugun batzuk tartean, ez oroitzea eta ez gertatzea sinonimo litezkeen ameskerian. Horietatik ere eman digu amaitzera doan urte honek, agian batzuetatik gehitxo, besteetatik eskas.

Kortex prefontalean aztarna uzten duten bizipen batzuek irauteko ez baitute agian erraietan tatuatua egon beharrik, Josu, baina bihotzaren taupadak aztoratzen dizkizunak seguru burmuinean baduela bere barra-kodea.