Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad
2022: Neguak uda noiz edertuko zain

Presoen auzia, erdibidean

Udaberriak urtu egin zuen azken hiru hamarkadotako urruntze politikaren izotz gogorrena. Euskal preso politikoei sistematikoki ezarritako lehen gradua eta denbora luzez erabilitako bakartzea alboratuta geratu ziren azkenean. Andaluziako, Mediterraneo aldeko eta Galiziako presondegiak atzean utzi izan ahal zituzten espetxeratuek, eta, beraiekin batera, astero-astero toki arrotz horietan ate joka izan dituzten senide eta lagunek. Urtea bukatzear dela, ordea, osatu gabe segitzen du Euskal Herriratze prozesuak; Estatu espainolean, Kolektiboaren erdia baino gehiago dago bere lurraldetik kanpoko espetxeetan, eta, Estatu frantsesean, lau emakume 800 eta 900 kilometrora dituzte gatibu.

Muturreko zenbait egoera gainditurik, bide malkartsuagoa ageri da aurrean: presoak gertuago izatetik etxera ekartzera bitartekoa. Urteko bigarren parterako ateok irekitzen hasteko erronka nabarmentzen bazen ere, Auzitegi Nazionalak giltza eskuetan duela erakutsi nahi izan du beste behin ere. Jada hirugarren graduan zen Unai Fano kartzelara itzuli izanak garbi utzi du traba handiak jarriko dituela aurrerantzean ere. Euskal presoei legez eta gizatasunez dagozkien baldintzapeko askatasunak eskuratzeko zailtasunak agerikoak dira.

2022ak beste albiste bat ere ekarri du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxe arloko eskumena Lakuaren esku da estreinakoz. Baina erdibidean geratu da urrats garrantzitsu hori oraingoz, eta bide antzu batera heltzeko arriskua agerikoa da. Erdi-askatasuneko erregimenak bultzatzeko eredu aurrerakoia iragarri du Urkulluren Gobernuak, salbuespenik gabe teorian, baina, praktikan, euskal presoen kasuan aukera hori Auzitegi Nazionalak oztopatzen duela onartuz eta Madrilekin talka egiteko asmorik gabe. Hitzak ekintzek gezurta ditzaketela antzematen da, ondorioz.

Bide zati bat egin dela frogatzen dute aipatutako hiru kontuek, eta aldi berean, bidea egiten jarraitu beharko dela. Bide berriak urratsek sortzen dituztela ikasia dute jada presoek, senideek eta beren alde egiten duen gizartearen gehiengoak. Ibiltzen segi beharko.