7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Arte eszenikoak


Izurritearen kontuekin amaitu dugu urtea, eta izurritearen kontuekin hasi. Ez gara oso originalak. Jaiek eta jaien ondorenek dakartena edo ekar dezaketena, gertatu litekeena gerta ez dadin egin behar omen duguna... Urte amaiera ederra eman ziguten, eta berdintsu jarraitzen dute berriaren hasieran: osasun larrialdia, neurriak zorroztea, pasaporteak, ziurtagiriak, murrizketak, arauak. Tabernan goizeko kafearen orduan, Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian, telebista pantailan, nonahi eta noiznahi, orotariko adituen jarduna. Hitz eta adiera errepikatuenak beti zentzu berean doazela dirudi, eta izurriteari izorramena gehitzen zaiola.

Urrutian ez ezik inguru hurbileko errealitatean gertatzen ari dena eta fikzioa izan daitekeena bereiztea ariketa konplikatua da batzuetan. Konplikatua den moduan absurdoak iruditzen zaizkizun arauei zentzuaren arrastoren bat topatzea. Herritar arruntok norbere kabuz pentsatzeko eta erabakitzeko gaitasunik gabekotzat hartu eta aldi berean ardura eskatzen zaigunean esate baterako. Eta agintari politiko gorenek errespetua eskatzearekin batera errespeturik gabeko tratua ematen dutenean...

Politikari kargudunak zientzialari bilakatzen diren garaian bizi gara, baina ulertzen ez dutenaz aditu gisa aritzeko gaitasuna lehendik zekarten seguru asko. Alde batetik, halere, gustatzen zait Urkulluk “omikron” esatean darabilen ahoskera eta tutik ez dakien gauzez hitz egiten duenean eta aginduak ematean erakusten duen tinkotasuna, ziurtasun erakustaldia, edo erakustaldiaren teatroa. Hain serio, hain hieratiko, guztioi errieta eginez, denok ikaratu nahian-edo, gehienetan haserre, inoiz ziniko, umore ironikorik apenas, historiarako gordetzeko moduko arrazoi eta esaldiak urri. Eta bere horretan bikaina iruditzen zait.

Pertsonaia eszeniko gisa eman digu momentu ederrik iazkoan, eta eman behar liguke hasi berria dugun honetan ere. Zerbait behar dugu, inspirazioa eskas, zer entzungo edo zer ikusiko gaudenok. Agian bere alter ego-aren parodia eginez telebistako pantailan, irratian, egunkarietan une oro jartzen diguten lehendakari bat, bizitza errealerako erabat inutila izan arren, arte eszenikoentzat mesedegarri da beharbada.

Aurtengoan ere denetik beharko dugu apur bat, Oskar, eta, errealitatea berez etorriko denez, fikzioari eman diezaiogun irudimenak behar duena.