Izaki bizidunak
Urtea hastearekin bateratsu sartu da indarrean etxeko animaliak sentikortasuna duten izaki bizidun gisa izendatzen dituen lege berria. Ez dakit legez arautzera eta azken morokila epaileen esku jartzera joan beharrik ba ote zegoen etxeko animaliak, eta kanpokoak, otzanak eta izuak eta beste posible guztiak sentikortasuna duten izaki bizidunak direla ebazteko.
Baina, lege hori behar-beharrezko eta ezinbestekoa balitz ere, zer gertatzen da etxekoak ez diren animaliekin? Zer gertatzen da piztiekin, abereekin, arauez ezer jakin nahi ez duten izaki sentikorrekin? Galdeketarik egin al da etxeko animalien artean legea ahalik eta aberetiarrena izan dadin gutxienez? Ala errazera jo dute oraingoan ere legegileek, besteen sentiera beren erara interpretatu eta besterik gabe legea ikuspuntu gizakoitik eginez? Lagun Egiteko Animaliak Babesteko Legea eginda, zer gertatuko zaie lagun egin nahi ez duten animaliei. Eta animalia intsumisoei, nortasuna edo zeintasuna izan arren nortasun agiriaren arau eta kontrolik gabe anonimo izaten jarraitu nahi dutenei, zer geratuko zaie?
Norbaitek galtzea lortu duen etxeko animalia, topatzen duenak itzuli egin beharko dio galtzaileari, eta honek tratu txarrik eman gabe zaindu beharko du galtzeko aukera hobe bat ikusi arte.
Etxeko animaliaren jabeak banatzen direnean eragin berezia izango omen du legeak. Kasu hauetan, adostasunik ezean epaileak erabakiko du animalia noren lagun izango den aurrerantzean eta, beraz, noren etxera joango den. Animalia lagun egiteko erabili duenak testamentuan kontuan hartuko du, baina ez ondasun guztiak bere izenean uzteko, bizi den bitartean noren esku geratzen den esateko baizik. Halako konturik ez badu aipatu testamentuan, eskatzen duen senideari emango zaio edo administrazioak emango dio hain esker txarrekoa ez litzatekeen norbaiti...
Sentikortasuna duen izaki bizidunaz baino, lekuz aldatu beharreko trasteaz ari dela legea ematen du. Edonola ere, besteen ardurez ari garenean erabakiak hartzeko beti hain prestu gabiltzanok, norberaren ardurak auzitan direnean ardurarik ez hartzea erabakitzea nahiago izaten dugula dirudi. Miresgarria da, halakoetan, gure arteko auziak ebazteko epaitegiengan dugun konfiantza!
Baina zer gertatuko da, Itziar, piztia bat baldin bada animaliaren patuaz ebatzi behar duena?