Alkatea eta danborra
Urrezko Danborra pertsona fisikoei edo juridikoei ematen zaie, haien eguneroko lana, ibilbide eta ospe profesionala edo beste alderdiren bat saritzeko, aktiboki eta nabarmen lagundu dutelako hiriaren kanpo-irudi positibo eta erakargarria finkatzen...». Kanpo-irudiarekin gabiltza, beraz, eta gauza handia izango da hori, inportantea, inportantzia ematen diotenentzat behintzat.
Aurtengo danbor horri Felix Zubia sendagileak uko egin ondoren erabaki zuten Esther Ferrer artistari ematea. Behin ematea erabakita, danborra eramatea zen kontua eta denok jakin ahal izan genuen Donostiako alkatea Parisera joan zela, ez interes eta propaganda propiorako, baizik hiriburuaren izenean, eskuzabal eta prestu, mandatua egitera.
Urrutira joan behar izan zuen, bada, eta, ibileraren zehaztasunik atzeman ez dudanez, Donostian trena hartuta Pariseraino bidaia epiko bat egin zuela imajinatu nahi dut, besterik ezean literaturaren mesedetan. Goia jauna Norteko estazioan, misioa gogoan, danborra besapean... Urrezkoa eta bakarra da, ez da zernahi; nahiago luke soinean daraman trajea galdu, baten batek danborra lapurtzea baino. Alboetara begiratzen du, susmagarririk ageri ote den, eta danborrari estuago heldu dio besapean, instintiboki... Hendaian ere tentuz ibili beharko du trenez aldatzean, eta Parisen, Paris handian, Esther Ferrerren etxera iritsi arte... «Kontuz! Argi!», esaten dio Goiak bere buruari. Gorbataren korapiloa estutxo dauka eta lepoa nasaitzen saiatu da, disimuluan. «Irmo!», dio bere baitan. Misio bat dauka. Besapean estutu du danborra beste behin, instintiboki... Ez da Günter Grassen “Latorrizko danborra” eleberriko Oskar Matzerath baino protagonista itsusiagoa.
«Kanpo-irudi positibo eta erakargarria finkatzen» batzuek egiten duten lana saritzen da, bada, danborrarekin. Baina iruditzen zait barru-irudiaren txukuntasuna mantentzeko eguneroko lanean aritzen direnek ere badutela aski merezimendu, urrezkoa ezean bederen zilarrezkoa jasotzeko, danborra ezean txistua, edo eskerron publikoa gutxienez.
Hain urrutira gabe aritzen baitira hortxe, geure inguruan, batak eta besteak eta guztiok axolagabe jaurtitako zaborra jasotzen, ezpaloi eta txokoetako kraka kentzen, kale-garbitzaileak. Ikusezinak balira bezala igaro gaitezke haien ondotik, eta hala ere ez zaizu diosal adeitsu bat faltako, Felipe.