7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Gutarrak


Helburu batzuei begira egiten dira txostenak, interesa duenak adituei enkarguz eskatuta sarritan. Lehen helburua igual izango da jendeak irakurtzea, irakurleari egia baten berri ematea, ezjakinari gauzak jakinarazteko, gauzen izaera zehatz bat erakusteko. Txosten bat, edozein txosten, inozoari mundua esplikatzeko saiakera dela pentsatuko du Deustuko Unibertsitateko akademikoak; Joxe Domingo Iturritxokoak, berriz, esango luke kakaren ilustrazio akademikoa direla batzuetan txostenak.

Alde batera esan liteke kazetaritza ere txostengintza dela; eguneroko gertakariei buruzko txostengintza nolabait. Eta, dena jakin nahi dugunez munduaz, nola izan, lan hori gabe, munduko edozein lekutako gorabeheren berri! Berria ematen duenak mundua ematen du, zuk ikus dezazun. Duela urte batzuk, Kolonbian gatazka armatua gori-gorian, argigarria zen hango zenbait egunkarik zelako kontzeptu ezberdintasuna erabiliz azaltzen zituzten talka armatuaren ondorioak. Tiroketaren batean polizia edo soldaduak hiltzen zirenean, «asesinado» izan zela esaten zen. Hilak gerrillariak zirenean, berriz, «dado de baja» idazten zuten berripaper batzuetan.

Estatuko Segurtasun Indarrek 1960az gero jasandako injustiziak kezkatzen du Eusko Jaurlaritza, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila batez ere. Horregatik eskatuko zuen txostena, eta egin diote, neurri-neurrikoa. Garrantzitsua da txostena enkargu egilearen gustukoa izatea, eta Beatriz Artolazabal sailburuaren adierazpenek erakusten zuten gustukoa duela. ETAren historiaz eta erakundeak egindako ekintzez ari da: «1969an 1.953 pertsona atxilotu ziren», «ETAko militante batzuk hil ziren... », «Carrero Blanco asesinatu zuten»...

Eusko Jaurlaritzako sailburuak dionez «kontua ez da gutarrak ziren ala ez», eta ETAren aurkako borrokan Meliton Manzanasek, adibidez, egin zuen «lana balioetsi» behar genuke, eta hark pairatutako «bidegabekeria onartezinaz» gogoeta egin.

“Bi arnas” dokumentalean ematen du Iratxe Sorzabal euskal preso politikoak Guardia Zibilak atxilotuta eduki zuenean egin zizkioten torturen testigantza. Ez dirudi Artolazabalen inguruan asko balioesten denik Estatuko Segurtasun Indarrek egindako tortura horiek azaleratzea, eta esango nuke «gutarren» kontuagatik dela, hain zuzen. Iratxeren torturatzaileei ere norbaiten «gutarrak» direlako jarraitzen zaie babesa ematen.