27 FEB. 2022 Pipeline Banzai: Surflariak liluratzen dituen olatu munstroa Nork ez du Pipeline Banzai ezagutzen? Zein surflarik ez du izan Pipelineko argazkiren bat logelako horman edo eskolako karpetan? Inoiz bertan izan gabe, bertako irudi bat ikuste hutsarekin antzeman dezake edozein surflarik Pipelineko ezker olatua. Beldurgarria, zaila, arriskutsua, baina, aldi berean, ederra, parekorik ez duen munstro liluragarria. Argazkia: Worldsurfleague.com Haritz Larrañaga Dozena bat baino gehiago dira Pipelineko urautsian hil diren bodyboard zale, argazkilari eta surflariak, eta askoz ere gehiago dira bertan istripu larriren bat izan dutenak. Sakonera gutxiko uretan eta koralaren gainean lehertzen diren olatu indartsuek zoritxar asko eragin dituzte, baina zorioneko momentu ahaztezinak ere eman dituzte. Munduko surflari hoberenek errespetu handia diote Pipelineko urautsiari. Sarri lehen mailako surflariak ere guztiz izututa itsasoratzen dira bertan jokatzen diren txapelketetan eta, halakoetan, marra gorri bat marrazten da puntako surflarien eta gainontzekoen artean. Mundu osoko surflarien artean ospe gehien duen Pipeline Master txapelketa egin da berriki, otsailaren hastapenean, eta, aspaldiko baldintza ikusgarrienak izateaz gain, urautsiaren historiara gehitzeko gertaera esanguratsuak ere izan dira. Neskak inoiz lehiatu behar izan diren baldintza zailenetan lehiatu dira eta mutilen kategorian belaunaldi berri bat gailendu den arren, protagonista nagusia Kelly Slater izan da, izan ere, otsailaren 11n 50 urte bete zituen arren, zortzigarren aldiz Pipelineko koroa irabazi du 11 bider munduko txapeldun izandako surflariak. Kelly Slater, Pipeline Masters lehiaketan garaipen gehien lortu dituen surflaria. Pipeline. Phil Edwards kaliforniarrak hartu zuen lehen olatua Pipelinen, 1961eko abenduan. Taula handi eta astunak erabili ohi zituzten garaiak ziren, olatu handiak hartzeko aproposak, baina ez tubo formako olatuak hartzeko. Mike Diffenderfer eta Bruce Brown lagunekin olatu bila zebilen Edwards Hawaiiko Oahu uhartearen iparraldean. Egun batean Banzai izeneko hondartzan surf egiten aritu ziren, olatu txikiak hartzen, baina, biharamunean, olatuek bi metrotik gorako altuera hartu zuten eta Phil Edwardsek olatu borobilak surfeatu ahal izan zituen. Edwards izan zen, beraz, Banzai hondartzan surf egiten lehena, eta gainera, kamera batekin hartu ahal izan zituzten irudi haiek. Pipeline izena ere orduan asmatu zuten; izan ere, bertako olatuek urautsitik gertu egiten ari ziren eraikuntza lan batzuetan zeuden hodi erraldoi batzuen antza zutela pentsatu zuten surflariek eta, horrela, “Pipeline” izena jarri zioten. Banzai Pipeline. Tony Monyz surflari mitikoaren semea, Seth Moniz, Pipelineko urautsira bidean. Pipelineko irudien eragina musika mundura ere hedatu zen. Kalifornia Behereko institutuetan sortu zen The Chantays taldeak, adibidez, 1962an disko bat kaleratu zuen, “Move it” izenekoa, eta B aldean arrakasta handia izan zuen abestia argitaratu zuen: “Liberty's Whip” izenekoa. Hori bai, “Surfing Hollws Days” filmean Phil Edwards eta Bruce Brown surflarien irudiak ikusi ostean, abestiaren izena aldatu eta “Pipeline” izenarekin bataiatu zuten. Izen aldaketari esker 1963. urteko AEBetako abesti arrakastatsuenen zerrendan laugarren postua lortu zuen kantuak. Abesti ezagunaren bertsioa musikari askok egin dute, gurean Anestesia taldeak, esaterako. 1970eko hamarkadaren hasierarako, olatu handietarako taula bereziak erabiltzen hasi ziren surflariak. Dick Brewer kaliforniarrak Hawaiiko olatuetan surf egiteko taula mota berezi bat egin zuen, pocket rocket edo “patrikako suziria” izenekoa. Taula horiek malko baten forma zuten, baina alderantziz; zabalak ziren goiko aldean eta pixkanaka estutzen ziren punta zorrotzean amaitzeko. Dick Brewer ingeniari aeronautikoak mota askotako taulak egin zituen goi mailako surflarientzat eta Pipelinerako taula berezi bat egin zuen. Oso ezaguna egin zen bere izaera berritzaile eta mundu ikuskera bereziagatik. Drogen laguntzarekin lor daitekeen adimen hedapena eta Zen kontzientziaren zabalkundea defendatzen zituen. Bere dizipuluetako bat izan zen Pipelineko tubo perfektua ezagutzera eman zuen lehen surflaria: Gerry Lopez. Lesioak eta istripuak ohikoak izaten dira Pipeline Masters txapelketan. Irudian, Carlos Munoz lehiakidea. Gerry Lopez «Mr Pipeline». Honolulun jaio eta Waikikin hazi zen jatorri kubatarra, japoniarra eta alemaniarra dituen Gerry Lopez. Gazte zela hasi zen autodiziplina lantzen eta egun oraindik horretan jarraitzen du. 73 urte dituen arren, egunero bi yoga saio egiten ditu eta elurretan (snowboard) zein uretan surf egiten jarraitzen du. Lopez 1968an hasi zen ospea lortzen eta 1972ra arte emaitza onak bildu zituen Hawaiiko surf taldearekin. Pipelinen maisutasun handiarekin eta sekulako dotoreziarekin ezinezkoak ziruditen tuboak egiteko gai zela erakutsi zuen. Ez zegoen garai hartan olatu hura menderatzeko gai zen beste inor. Bere itxura hippya, olatuei aurre egiteko modua eta estiloa, oso erakargarriak ziren. Orduan ezarri zioten Mr Pipeline goitizena. Lightning Bolt (“tximista”) izeneko taulak egiten hasi zen bere kabuz Lopez eta harrera oso ona izan zuten. Taularen gainaldea alderik alde zeharkatzen zuten tximistek ezin hobeto irudikatzen zuten garaiko estetika psikodelikoa eta tximistaren irudia Pipelineko ikur bilakatu zen. Gaur egun Pipeline Masters txapelketa irabazten duen surflariari Lopezen taulen erreplika bat oparitzen zaio, Gerryk “Pipelineko aitajauna” izaten jarraitzen baitu. Horrez gain, Pipeline edo Hawaiiko surflariak agertzen diren film ugaritan parte hartu izan du, baina aktore moduan parte hartu duen filmen artean, esanguratsuenak, “Conan Barbaroa” eta “Big Wednesday” dira. Hain zuzen ere, “Big Wednesday” filma surfaren historian izan den film arrakastatsuena izan da eta filmaren karatularako erabili zen argazkia ere ikono hutsa da. Ziur aski, arrakasta gehien izan duen surfeko irudietako bat izango da. 1963ko argazkia da; Greg Noll Pipelineko olatu erraldoiak begiztatzen ageri da ur ertzean. Bizkarrez agertzen da, bere-bereak zituen marra beltzeko bainujantziekin eta zutoinean alderik aldeko marra zuen garaiko taula handi bat ondoan. Egun hartan argazki bikaina atera zuten, dudarik gabe, baina egun hartan Greg Noll ez zen itsasoratu. Bideokamerarik ezean, hainbeste arriskatzeko prest ez zegoela adierazi zuen. Aldiz, biharamunean, olatuak txikiagoak zirela, kamerarekin filmatu ahal izan zuten balentria eta irudi haien ostean Pipelineko olatuak munduko olatu zailenaren ospea hartu zuen. Gaur egun, olatu bera bi noranzkoetan hartzen da eta noranzkoaren arabera izen bat edo bestea ezartzen zaio. Hastapenetan, ordea, ezkerraldera bakarrik jotzen zuten surflariek, errazagoa baita itzulerarako sarrera alde horretatik egitea. Ezkerraldera joanez gero, Pipeline Banzai deitzen zaio olatuari, baina eskuinaldera joanez gero, Backdoor da, alegia, Pipelineko “atzeko atea”. Kelly Slater, otsailaren lehen egunetan jokatutako azken txapelketan garaipena eskuratu ostean, Gerry Lopezen taularen erreplikarekin. «Baimena» eskatzeko betebeharra. Mundu mailako lehen txapelketa 1971n egin zuten Pipelinen eta Jeff Hakman hawaiiarrak irabazi zuen. Ordutik urtero egin izan da Pipe Masters txapelketa mitikoa. Pipelinen txapel gehien eskuratu dituen lehiakidea Kelly Slater estatubatuarra da, zortzi garaipenekin, eta bere atzetik 2010. urtean zendu zen Andy Irons hawaiiarra dago, lau garaipenekin. Pipelineko urautsian txapelketa bat egiteko udaletxean egin behar den eskaera formalaz gain, beste “baimen” bat ere eskuratu behar da, hots, bertako surflariena. Da Hui surf elkartearen oniritzirik gabe inork ezin du ezer egin Pipelinen. Da Hui elkartearen betebehar nagusia argia da: «Pipelineko urautsian ordena ezartzea». Horrek jendea uretatik ateratzea esan nahi du eta askotan kolpeka kanporatzen dute jendea. Horretarako prest izateko, surfean ez ezik, boxeoan eta borroka librean ere aritzen dira Da Hui elkarteko kideak. Beren elkarteko web orrialdean ikus daitekeen moduan, elkarteak bi zutabe nagusi ditu, batetik, surfa, eta, bestetik, arte martzialak. Eddie Rothman elkarteko zuzendaria, Squidd, Perry Dane eta beste lagun batzuk izan ziren taldearen sortzaileak. «Atzerritarrek gure urautsietan antolatzen zituzten surf lehiaketez nazkatuta» zeudelako sortu omen zuten elkartea. Batez ere Australiako marka ezagunak ziren antolatzaileak eta bertakoek oso gutxitan hartzen zuten parte txapelketotan. 1976. urtean, Pipelinen txapelketa bat egiten ari zen bitartean, surf egitera sartu ziren Rothman eta bere lagunak, lehiaketarik ez balego bezala. Fred Hemmings txapelketaren antolatzaileak bertako gazte batzuei uretara sartzeko eta txapelketa eremuan zeuden surflariak ateratzeko eskatu zien, baina gazteok horrela erantzun omen zioten: «Fuck you Haole! Badakizu nortzuk diren horiek? Horiek, Da Hui elkartekoak dira dira, bertakoak dira eta inor ez da beraiekin sartzen». Ordura arte “Black Shorts” izenarekin ziren ezagunak bertako hawaiiarrak, bainujantzi beltza eramaten baitzuten, baina egun hartan “Da Hui” izena hartu zuten, nahiz eta urte askoan oraindik “Black Shorts” izena ere erabiltzen jarraitu zuten. Goian, marrazo baten erasoaren ondorioz ezker besoa galdu zuen Bethany Hamilton, nesken txapelketan, tubo bat egiten. Azpian, Joana Jones, Wong tuboan sartzeko prestatzen. Argazkia: Brian Bielman | AFP Neskak Pipelinen. Erreportaje honetako argazkietan ikus daitekeen moduan aurtengo Pipeline Masters txapelketan itzelezko olatuak izan dira. Kelly Slaterrek sekulako txapelketa egin eta bere bizitzako «garaipen hoberena» lortu zuen, hunkituta aitortu zuenez. Txapelketako arreta osoa bereganatu zuen Slaterrek, baina ia oharkabean pasa arren, nesken lehiaketa ere gogoangarria izan zen, inoiz lehiatu diren baldintza arriskutsuenetan lehiatu baitziren. Joana Jones Wongek irabazi zuen nesken txapelketa. Gonbidapen wildcard bati esker parte hartu ahal izan zuen txapelketan 22 urteko neskatoak; bertakoa da eta nesken kategorian ezarritako hainbat marra gorri gainditu zituen. Aurrerantzean, baldintza zailak direnean ere lehiatu beharko dira neskak Pipelinen. Lehen aldiz 2020ko abenduan lehiatu ziren Pipelinen neskak, baina bat-bateko erabaki baten ondorioz izan zen, WSL erakundeko arduradunen iritziz neskak oraindik ez baitziren prest Pipelinen lehiatzeko. Baldintza nahiko errazetan egin ziren nesken kategoriako txandak, baina prest zirela erakutsi zuten lehiakideek. Tyler Wright australiarra gailendu zen. Testuinguruak baldintzatuta hartutako erabakia izan zen neskek lehen aldiz Pipelinen lehiatzea. Izan ere, marrazo eraso bategatik Mauiko lehiaketa bertan behera utzi ostean une horretan Pipelinen lehiatzen ari ziren mutilen txapelketa baliatzea erabaki zuten. Hori horrela, mutilen lehiaketa lehenetsi zuten eta nesken txandak hutsuneak betetzeko aitzakia ezin hobea izan ziren. Aldiz, neskek erakutsitako maila bikainari esker, aurrerantzean nesken lehen mailako zirkuituan ere Pipelineko txapelketa atxikitzea erabaki zuten. Otsail hasieran egin berri den azken lehiaketaren ostean, zalantzarik gabe, nesken Pipeline Masters txapelketa egonkortu egingo da etorkizunean.