13 MAR. 2022 IRITZIA Badakiguna eta ez genekiena Galder Perez Martxoak 13 ditu gaur, 2022. urtean. Duela bi urteko martxoaren 13an, egun existitzen ez den gaztetxe batean antzerki emanaldia egitekoak ginen. Bertan behera geratu zen emanaldi hura, beste zuzeneko emanaldi guztiak bezalaxe. Bezperan iragarri ziren bertan behera utzitako emanaldi gehienak. Ez dugu sekula emanaldi hura berreskuratu, ezta ondoren etorriko ziren beste hamaikatxo ere. Tabernak ixten hasi ziren Gasteizko Kutxi kalean. Guk, emanaldia ez genuela aprobetxatuz, martxoko bariku poteoa egiteko aukera genuen. Noiz arte luzatuko zen ez genekien arren, argi genuen bolada baterako azken poteak izango zirela, tabernak itxiko zituztela igandean, baina etxean geratuko ginela zerbezak edaten. Jakin ez genekien zenbat denbora eman beharko genuen gero etxean edaten. Hurrengo egunean, alarma egoera indarrean sartzekoa zela, amaren urtebetetze ospakizuna ere bertan behera utzi genuen. Ez genekien gure amarentzat hura izango zela azken martxoa: pandemiak eramandako amaren azken urtebetetzea izan zen ospatu gabe utzitako hura. Hainbeste gauza jakin izan bagenu, ez genukeen gure kabuz bertan behera ezer utziko ziurrenik. 2020 hasi zenean, ez genekien honetaz ezer. Pentsa: urtarrileko ospakizun batean maskarillak mozorro gisa eraman nahi izan genituen. Txinan horrela zebiltzan, gugandik urrun, eta bazuen ukitu komikoa proposamenak. Ez genuen musukorik lortu, eta gure harridurarako Txinako farmazietan agortuta zeudela jakin genuen. Eta ez genekien gero haien benetako beharra izango genuela, izugarri kostatuko zitzaigula farmazia batean halakorik lortzea. Jakin ez genekien ahoa eta sudurra estaltzekoak etxean sortuko genituela arropa zaharrekin. Hilabete geroago, Txinatik zetozen ustezko albiste xelebre horiei jarraituz, aratusteetako kopla txikien gai gisa “koplabirusa” asmatu genuen. Bazuen ukitu komikoa proposamenak. Ez genekien komedia hura tragedia bihurtuko zitzaigula. Orain, bi urte geroago, badirudi gauza asko berriz ere bere horretan ospatzeko beharra dagoela, izoztuta geratu izan balira bezala. Hainbeste kontzertu, jaialdi eta ospakizun. Horrenbeste proposamen jasotzeko ikusle edota jenderik egongo den ere ez dakigu, baina proposamenak biderkatzen ari dira. Agintariek ere ospakizunetarako deia egiten dute, haien aurpegi triste eta sinesgaitzekin herritarrak alaitasunera animatzeko ahalegin alferrikakoan. Eta merezi dugu, nola ez. Hau dena bizi ostean ustez ikasiko genuen dena ahaztu dugu, lurrundu da. Baina kontrakoa pentsatu nahi badugu ere, ez gara lehengoak, ezin dugu duela bi urteko berberak izan, eta are gutxiago oraindik dela bi urte eta bi hilabeteko horiek. Bihar zer gertatuko ote zaigun ere ez dakigu. Zinez dakidan gauza bakarra da aurtengo lehenengo hilabeteak izugarri azkar pasatu zaizkidala, amen batean. Baina ez dakit bihar denbora zeinen azkar doan presente izango ote dudan; berriz ere trabatuko naiz gure bizimodu erosoari ziztada egiten dion ezten txikienarekin. Horregatik, bizitzak badu ukitu komikoa eta gaur existitzen diren gauzak bihar ez dira izango. Hori ere ba omen dakigu. Ahora, dos años después, parece que hay una necesidad de celebrar muchas cosas como si se hubieran quedado congeladas. Tantos conciertos, festivales y celebraciones. Tampoco sabemos si habrá espectadores y/o gente para recibir tantas propuestas, pero las propuestas se están multiplicando.