13 MAR. 2022 IRITZIA Isilik egotea Amagoia Mujika Handitzen zarenean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun», kantatzen ziguten umetan. Eta guk gure umeei ere kantatu diegu, lokartzeko pixka bat, ikas zezaten beste pixka bat. Badira hitz egiteko xaxatu behar diren haurrak eta badira isilik egoten ez dakitenak. Ikasgelan bertan, badira beti eta beti zerbait kontatzeko beharra dutenak, beti besoa luzatuta, hitz egiteko txandaren zain. Irakasleak txanda ematen dio azkenean, bakeagatik, eta hitz egiteko irrikaz zegoenak «gaur Cola Cao gosaldu dut», botatzen du harro. Hori esateko hobe zuen isilik egon. Eta badira besoa oso gutxitan luzatzen dutenak, baina irakasleak badaki hitza eskatzen dutenean interesgarria den zerbait botatzeko dela. Noiz hitz egin eta noiz isildu. Ez da berehalakoan ikasten den zerbait. Ondo egiten asmatzea, arte hutsa da. Ikasgela jartzen duen tokian jarri helduen bilera; izan herriko jaiak antolatzeko, izan elkarte baten organigrama osatzeko edota atariko administraria aldatzeko. Hor ere bada beti hitz egin behar duenik, isilik egonda arnasa itzaliko balitzaio bezala. Gainontzekoen arnasa estutzen du normalean hitza hartzen duenean; kaka esplikatzen artista izan ohi da. Isilik egoteak asko balio du, batez ere hizketagaiaz ideia handirik ez duzunean. Aurrekoan emakume ukrainar baten eskaria ikusi nuen sare sozialetan; «mesedez, arren, otoi» eskatzen zuen ez emateko iritzia bere herrialdeko egoeraz. «Ezin ditut jasan gerrak bihotza hautsi diela esan eta hamar minutuan diskoteka batean dantzan ageri diren influencer-ak. Modan adituak dira, baina ez daukate ideiarik nazioarteko politikaz. Mesedez, ez dezatela ezer esan Ukrainaz. Ez da beharrezkoa denari buruzko iritzia ematea. Ez da ezer gertatzen ez badute iritzirik ematen. Isilik gera daitezke eta modaz hizketan jarraitu». Zenbatetan akordatu naizen eskaera horrekin egunotan. Kazetariek ere badute beren partea. Zergatik galdetu behar zaio, adibidez, futbol entrenatzaile bati Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkaz? Zer dauka interesgarria esateko futbolean aditua den batek horri buruz? Dunning-Kruger efektua esaten zaio gero eta gutxiago jakin, are eta jakintsuagoa sentitzeari. Zientifikoki neurtutako joera kognitiboa da, 1999an ikertu zuten Dunning eta Kruger psikologoek. Horren arabera, gutxien dakiena jakintsua sentitzen da eta, aldrebes, gaitasun gehien daukanak zalantza gehiago dauzka bere jakituriaz. Ez da fenomeno berria. Lehen akaso tabernan gertatzen zen, orain sare sozialetan. Bertrand Russell filosofo eta matematikariak esana utzi zuen: «Gizateriaren arazoa da inozoak edozertaz ziur daudela eta adimendunak zalantzaz beteta». «No soporto los... influencers que bailan en una discoteca en diez minutos después de decir que les ha roto el corazón. Son expertos en moda, pero no tienen idea de la política internacional. Por favor, que no hablen nada de Ucrania. No es necesario opinar sobre lo que es». Petición de una mujer ucraniana en redes sociales.