Nola bizi, hala zahartu?
Azkenaldian idolo guztiak emakume sortzen zaizkit. Txantreako Vicenta Iruretak piztu du aurten jaien hasierako etxafuegoa, 106 urte dituela. Lehendabizikoz 103 urte zituenean jakin nuen bere berri. Jotak maite ditu eta abesten ditu, egunero. Duela hiru urteko sanferminetan alabarekin joan zen bueltaxka egitera Iruñera, ea jotaren bat entzuten zuten. Kalean kantuan zebilen kuadrilla bat topatu eta bera ere aritu zen kalean jotak kantatzen. Norbaitek telefonoarekin grabatu eta sare sozialetara igo zuen unea.
Gero pandemia etorri zen eta 104 urte bete zituenean auzokoek festa antolatu zioten balkoitik balkoira, itxialdia zela eta. 104 urte eta pandemia bat ditu Vicentak. Duela aste pare bat bete zituen 106 urte eta Txantreako erraldoiek zoriondu zioten eguna. Erraldoiak emakume erraldoiarentzat. Eta joan den astean jaiei berak eman zien hasiera.
Vicenta Irureta miresten dut ez luze bizitzea lortu duelako, luze eta pozik bizitzea lortu duelako baizik. Egia da sasoiak lagundu diola –berak «izorratuta» dagoela esan arren–, akaso genetikak bere partea ere izango du, eta seguru bizitzan pilatu duen energia mordoaren zatitxo bat daukala oraindik biltegian. Baina nabari zaion bizitzeko gogoak, umoreak, baikortasunak pizten dizkiote begiak. Berak dio hobe egon nahiko lukeela, «kobazuloa pasatzen ari naiz».
Eta horrelaxe, antzeko kasuak ikusten ditugun guztietan bapo esaten dugunez, «nik horrela zahartu nahiko nuke». Akaso serio samar zahartzen hasten garenean denok hasiko gara derrepente jotak kantatzen, egunari irriz ongi etorria ematen, “momentikoak” gozatzen, bizitza eskertzen... Hori bai, ez dakit zein unetan emango den inflexio puntua. «Nik horrela zahartu nahi dut» beharrean, «nik horrela bizi nahi dut» pentsatu beharko genuke? Vicentaren bizitzeko gogoa eta umorea ez baitira zahartzaroan sortu zaizkion ajeak, bizitza baten segida baizik. Nola bizi, hala zahartu? (osasunak laguntzen duenean errazagoa da noski).
Denbora ezin da lotu eta aurpegi desberdinak ditu. Luzea da batzuetan, laburregia besteetan. Ba omen zen gizon bat, lagunarte eta elkarte zalea oso, denborarekin haserre zebilena. Lanean zeukan erlojuak eta elkartean zegoenak ezin omen zuten denbora berekoak izan; lanekoa mantso joaten zen, eta, elkartekoa, oso azkar. Egun batean elkarteko erlojua paretatik kendu eta lanera eraman zuen fabrikara, denbora azkarrago joango zelakoan. Ba ez, denboraren kalitatea ez du erlojuak agintzen.
Ez dakit zenbat erloju kabitzen diren 106 urtetan. Agian zenbat baino garrantzitsuagoa da nola. Ez dut uste jotak kantatzen hasiko naizenik, baina burutik ezin kendu nabil Vicentari entzundako bat.