7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Enkantea


Aldaketa kulturala behar omen dugu. Sagardui sailburuak ekarri zigun argia hilaren hasieran, premian geundela iritzita seguru asko, edo premia zuelako berak Executive Forum España jardunaldietan esateko herritarrek urrunago joan beharko dutela sendagilea behar dutenean, erizainak artatuko duela medikuak oporretan direnean... Gero etorri zen zuzenketa, esan zuenik ez zuela esan, gaizki ulertu zitzaiola, beste zeozer adierazi zuela eta morokilaren kontu horiek guztiak.

Politikan eta beste lekuetan ardurak dituztenek sarri samar erabiltzen duten jira-buelta da gaizki ulertzearen arrazoiketa. Zenbat ordezkarik, zenbat agintarik, zenbat kargudun eta espabilatuk ez dute gauza bera esan, denon aurpegira, nola-halako adierazpenen biharamunean! «Ez zen hori esan nahi nuena, ez zait ulertu, testuingurua ez zen hori, nire hitzak gaizki interpretatu dira...». Ugaria da inguruko guztiak inozotzat hartzeko formularioa, eta emankorra ere bai, itxura denez. Behin eta berriz errepikatzen baitute, eta ez da ezer gertatzen. Orrazkerarik nahastu gabe botako digute hurrengo egunean beste bat, beste ziri bat. Ahanzteko ahalmen publikoa handia da, asko laguntzen die zernahitarako.

Edozer gauza zuritu dezake ulermen eskasia besteengan ezartzeak, baina gaurko baiespena bihar ezezteko adinako kopeta sobran dute batzuek. Eta ez duzu gehiagoren beharrik. Osasun etxerik ez dutela itxiko baina ordutegiak moldatu bai, esan zuen Sagarduik. Pentsatzekoa da ordutegiak moldatu daitezkeela hilabete osoan ez zabaltzeko moduan, eta susmoa dut horrelako zerbait zuela buruan sailburuak. Ordutegiak moldatzearekin batera, bezerook egiten ditugun ordainketak ere jasotako zerbitzuaren arabera moldatuko direla gehitu zezakeen gutxienez.

Dena dela, zikiroaren enkantean ari diren tratanteen jarduna ekarri zidan gogora Sagardui sailburuak Executive Forum Españan egindako jardunaldiak: «Ondo gizena dago, eta prezio onean emango dizut; halakorik ez duzu erraz topatuko...». Gehien ordaintzen duenari, edo laguna bada apur bat merkeago, nahieran, abantaila eta guzti, dena da salgarri, osasuna ez dago enkantetik kanpo.

Guztion ondasunak gutxi batzuen onurarako salerostea negozio ontzat daukate, eta ematen du halako lapurretak onargarri izatea beste helbururik gabe aritzen dira han eta hemen gobernu agintariak.