10 JUL. 2022 IRITZIA Atzerantz AMAIA URIBE Estatu Batuetan, 49 urte egin dute atzera. Estatu askok debekatu egin dute abortua eta milioika emakumek ezingo dute euren gorputzaren inguruko erabakirik hartu. Sei epailek hala ebatzita, euren amek eta amonek baino eskubide gutxiago dituzte nerabeek. “Bizitza” defendatzen ari direla diote antiabortistek baina ez dute ikusi nahi emakume askoren bizitza dela zapuztuko dutena. Izan nahi ez duten ume bat izatera derrigortuko dituzte. Ordaindu ezin duten ardura bat izatera derrigortuko dituzte. Eta euren posta kodearen arabera, eskubide gehiago edo gutxiago izango dituzte. New Yorken bizi direnek edozein klinikatan haurdunaldiak eteteko aukera izango dute, aldiz, Oklahoman debekatuta egongo da abortatzea, baita intzestu eta bortxaketa kasuetan ere. Donald Trumpen sinadura dauka honek guztiak, berak indartu zuelako Auzitegi Goreneko gehiengo kontserbadorea. Estatu Batuetan, esaten da presidente batek hartu dezakeen erabaki garrantzitsuena Goreneko epaileak aukeratzea izaten dela, bizi osorako kargua delako eta auzirik garrantzitsuenak Gorenera iristen direlako. Bada, Trumpek hiru epaile aukeratu zituen herrialde honen etorkizuna markatuz. Ikasturte amaiera heltzearekin batera ezagutu ditugu Gorenaren erabakiak. Abortu eskubidea ezabatu du herrialde mailan, herritarrei aukera eman die espazio publikoetan armatuta joateko eta ebatzi du, eskubide konstituzionala dela publikoan otoitz egitea. Beste era batera esanda: eskubide gutxiago, arma gehiago eta erlijioaren inposaketa. Hollywoodeko pelikuletan, arrosa koloreko Estatu Batuak erakusten dizkigute eta ohitura yanki guztiak inportatzen ditugu. Halloween gauean mozorrotu egiten gara eta Black Fridayen kontsumoaren zurrunbiloan erortzen gara. Korrika egiteari running deitzen diogu, ogitartekoak barik sandwichak jaten ditugu eta telebista ikusten gaudenean zapping egiten dugu. Igandeetan bruncha egiteko geratzen gara lagunekin ohitura coola delako. Ahaztu egiten zaigu ordea, polizia indarkeriaren eta arrazismoaren herrialdea dela, pobreak kalean hiltzen direla mediku asegururik ez dutelako, eskoletan tiroz hiltzen dituztela ikasleak eta emakume askok ezin dutela bizi diren tokian abortatu. Estatubatuarrek 49 urte egin dute atzera eta beraz, ez ditzagun imitatu. Oraingo honetan ez, mesedez. En Estados Unidos, han retrocedido 49 años. Muchos estados han prohibido el dopaje y millones de mujeres no podrán acoger alrededor de su cuerpo. Por resolución de seis jueces, los adolescentes tienen menos derechos que sus madres y abuelas.