17 JUL. 2022 IRUDITAN Arrain gorrizko hodeiak Mikel Etxaburu, “Hodeiak zapatetan” liburutik Arrain gorriz betetako hodeiak ikusi ditugu. Gizendu ahala, euriarekin batera erreketara eroriko dira arrainetako batzuk. Besteek ez dute pentsamendu batek adina pisu eta hodeietan geratuko dira betiko: badelako euri tanta bat baino gutxiago pisatzen duen arrain gorririk. Arrain gorriz betetako hodeiak ikusi orduko teilatuetan biltzeko ohitura daukagu, erreketara erori ez diren arrain gorriak salbu gorde ditzagun kristalezko ontzietan. Eta noizean behin hodeietara ere igotzen gara pentsamendu batek adina pisu ez duten arrain gorrien ondora, hemendik ihesean. Gutako batzuk, hodei gurietan gizendu ahala, euriarekin batera eroriko gara erreketara. Eta beste batzuk hodeietan geratuko dira betiko: badelako euri tanta bat baino gehiago pisatzen ez duen aberririk.