Looser
Lehengo egunean, parkean, 6 urteko ume bat ikusi nuen beste ume bati «looser» deitzen. Atzamarrekin bekoki gainean «L» bat osatuz looser edo galtzaile deitu zion lagunari eta horren ume txikiak irain hori erabili izanak begiak irekiarazi zizkidan.
Mundua etengabeko lehia bat bihurtu dugu. Onenak izan behar gara denean, besteek baino gehiago egin behar dugu lan, ahalik eta diru gehien irabazi behar dugu eta ingurukoek baino bizitza hobea dugula erakusten duten argazkiak igotzen ditugu Instagramen. Konpetentziaren kultura horretan murgildu ditugu gure seme-alabak: «7 bat ez da nahikoa, 10aren bila joan behar zara», «gehiago entrenatu behar duzu asteburuko lasterketa irabazteko», «Kazetaritzak ez dauka etorkizunik, ikasi Zuzenbidea edo Medikuntza». Beti gehiago nahi dugu eta txiki-txikitatik mesederik egiten ez dien presioa jartzen diegu umeei.
Depresioa eta antsietatea areagotzen ari dira nerabe eta gazteen artean eta suizidioak bigarren heriotza arrazoia dira 18 urtetik beherakoen artean. Askok ezin dute jasan ustezko perfekzioaren langa horretara ez iristea. Besteak baino gutxiago direla sentitzeak bizitzari amaiera jartzeraino eramaten ditu eta guztiok gara errudun horretan.
Honi buruz idazten ari naizela, Twitterren ikusi dudan bideo bat etorri zait burura. Atlantako irakasle batek goizero-goizero ispilu baten aurrean jartzen ditu bere 9 urteko ikasleak eta ispilura begira, beraien ezaugarri positiboak azpimarratzeko eskatzen die. «Polita naiz», «pertsona ona naiz», «kirolari ona naiz» eta antzekoak esaten dituzte umeek eta euren buruarengan konfiantza hartzen laguntzen die ariketa horrek. Horrela barneratzen dute bertute ugari dituztela diren modukoak izanda eta ez dagoela irabazlerik edo galtzailerik, denek dutelako berezi egiten dituen zerbait.
Irakats diezaiegun gure umeei garrantzitsuagoa dela zoriontsu izatea, azkarrena, ederrena edo famatuena izatea baino. Besteen kontra egitea baino aberasgarriagoa dela besteekin batera lan egitea. Eta lasterketa irabaztea baino politagoa dela bidea gozatzea. Ea denon artean lortzen dugun looser hitza umeen irain zerrendatik ateratzea. Bestela, gizartea izango da galtzaile bakarra.