JON URZELAI - SALTO TRAINING

«Aldakako bisagraren» garrantzia egunerokotasunean

Fitnessaren azken hamarkadako industrializazioak eta zabaltzeak, oinarrizko formakuntzaren kalitatea handitu du, baina egia da hein handi batean herritarrek oraindik ez dituztela postura egokiak erabiltzen euren mugimenduetan. Zer arrisku dakar horrek? Egun herritarren ehuneko handi batek gerrialdeko mina sentitzea edozein jarduera egiterakoan, adibidez erosketak jasotzea. Gainera, bulegoan eserita lan egiten dutenek zein gimnasiora doazenek izan ditzakete gerrialdeko arazoak. Horrenbestez, garrantzitsua da mugitzerakoan izan beharreko jarrera egokiak ikastea, gainontzean, bizkarreko lesioak jasateko aukera areagotu egiten baita.

Zer egin dezakegu hori saihesteko? «Aldakako bisagra» egoki egiten ikasi. «Aldakako bisagra», berez, ez da mugimenduaren patroi basikoetako bat, nahiz eta, guretzat, patroi horiek bezainbesteko garrantzia izan. Izan ere, bai egunerokotasunean bai entrenatzerakoan errekurtso basikoa da gure gorputza ondo kontrolatu eta bizkarrezurrak mugimenduaren karga guztia bere gain har ez dezan. «Aldakako bisagra», artikulazio horretatik bultzatuta, pelbisaren eta gorputzaren goi atala beherantz tolestean ematen da. Core egoki batek bizkarrezurra posizio neutroan mantenduko du mugimendu osoan zehar, kanpoko indar guztietatik egonkortuz. Horregatik, core tinko bat edukitzea garrantzitsua da, nahiz eta pertsona askoren arazoa aldakako flexioan eta estentsioan dagoen; izan ere, bizkarraren beheko partea mugitzen dute, hau da, ez dute egonkor eta neutro mantentzen. Horrela, disoziazio lunbopelbikoa faktore mugatzailea dela ikus dezakegu.

Ondorioz, bizkarrezurra posizio neutroan mantentzen ikastea ezinbestekoa da. Bestela, giharretako lesio bat edota hernia diskala jasateko aukera izango dugu. Horretarako, core egonkor bat edukitzea komeni da, disoziazio lunbopelbiko egoki batekin, gainera. Beraz, zeri itxaroten ari gara? Lehenik eta behin, edozein ariketa egin aurretik, egoki mugitzen ikasi, ezinbestekoa baita.