21 AGO. 2022 IRITZIA Loteria AMAIA URIBE Zer egingo zenuke loterian mila milioi euro tokatuz gero? Galdera hori bolo-bolo ibili da azken egunotan Ameriketako Estatu Batuetan, dirutza hori egon baita jokoan Megamillions loterian. Estatu Batuen historiako hirugarren saririk potoloena izan da eta zoramena eragin du administrazioetan. Ilara luzeak egon dira txartelak erosteko eta loteria beste konturik ez da ibili kalean. Sekula ez naiz bereziki loteriazalea izan. Normalean Gabonetan bakarrik erosten ditut bi txartel: bata lanekoa (tokatzen bada ezer gabe geratu den bakarra ez izateko) eta bestea 5ean amaitzen dena (nire zenbaki gogokoena delako). Baina egunotan 2 dolarreko apustua egin dut Megamillionsen mila milioi horiek eragin duten zoramenaren zurrunbiloan murgilduz. Loteria irabazteko probabilitateak oso txikiak dira. Mila milioiko sari hori irabazteko probabilitatea 320 milioitik 1ekoa zen. Aldiz, 700 aldiz aukera gehiago daude marrazo batek eraso egiteko, urtean 19 milioi minbizi kasu atzematen dira mundu mailan eta Bizkaian bakarrik, 8 minututik behin auto istripu bat gertatzen da. Loteria tokatzea, baina, gertuago ikusten dugu marrazo batek haginka egitea, minbiziarekin gaixotzea edo auto istripu bat izatea baino. Izan ere, ilusioak probabilitateak baino indar handiagoa dauka. Bizitzak etengabe kolpatzen gaitu eta mundua arazoz beteta dago. Klima aldaketa, koronabirusa, tximino baztanga, energiaren prezioa, ur falta, muturreko beroa… Egunero entzuten edo irakurtzen ditugu albiste txarrak hedabideetan eta nazkatu naiz une oro eta guztiagatik kezkatuta egoteaz. Probabilitateei entzungor eginez, beraz, mila milioi horiek zertan gastatuko nituzkeen pentsatzen aritu naiz egunotan. Familiarekin eta lagunekin banatu, gobernuz kanpoko erakundeei lagundu, bizpahiru etxe erosi, munduan zehar bidaiatu… Begiak zabalik egin dut amets eta urduritasuna igarri dut sabelean. Igarriko zenuten, honezkero, ez zaidala loteria tokatu. Baina mila milioi horiek baino hobeto etorri zait loteriak barruan piztu didan itxaropena. Beraz, ahaztu probabilitateak, marrazoak, minbizia eta auto istripuak. Eta batez ere, ez galdu sekula ilusioa. Zer egingo zenuke zuk loterian mila milioi euro tokatuz gero? Las probabilidades de ganar la lotería son muy bajas. La probabilidad de ganar ese premio de mil millones era de 1 millón de los 320. En cambio, hay 700 veces más posibilidades de ser atacado por un tiburón, se detectan 19 millones de casos de cáncer al año a nivel mundial y solo en Bizkaia, cada 8 minutos se produce un accidente de coche.