Ilazki Egibar
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Trenean

Ilustrazioa: Kristina Fernandez
Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Laneko bilera aspergarri batera nindoan Donostiatik Madrilera; bezero batzuekin fideltasuna finkatu behar nuela esan zidan nagusiak, baina funtsean banekien berak ez zuela joan nahi azken boladan emazteak kargu hartzen ziolako denbora gehiegi kanpoan pasatzeagatik eta seme-alabekin behar adina ez emateagatik. Telefonoz ari nintzaion bikotekideari. Ni nazkaturik nenbilela. Alboko aulkitik liburua kendu behar izan nuen, Brinkolako geltokian neska gazte bat igo eta nire aldamenean eseri zen eta; burua jiratu eta ahopetik lotu nintzaion lehengoari. Erretolika berberaz nazkatua nintzela: «Bukatu txosten hau, Mattin sukarrarekin dago, Mirari atzerrian dago laneko kontu batzuengatik eta joan beharko dut», «Berandu iritsiko naiz, aitona-amonek ezin dezakete alaba jaso», «Iraileko lehen astean jai hartu beharko dut, umeek ez baitute oraindik ikastolarik, eta ondoren, egokitzapena dela-eta ez dakit nola moldatuko naizen; frantsesekin edukiko dugun bilera zuk prestatu beharko duzu», «Eta orain, gainera, Mirari alaba atzerrian duela eta beste seme-alaben kargu egin behar duela esan ez dit bada, nagusiak». Aldameneko neskak musika entzuteko orain modan dauden kablerik gabeko entzungailu ñimiñoak eraman zituen belarrira, eta isildu egin nintzen.

Egia esan, pentsatu nuen, bi urte besterik ez daramatzat bulego horretan, kontratua berritzear, eta ezin kexatu, gainera, laster ama izateko asmoa dabilkit buruan, eta auskalo ez ote naizen neu izango hurrena lankideei mesedeak eskatu behar diena.

Beste aldera begiratu, eta pentsatu nuen, gainera, gustuko nuela, eta oraindik ere gustuko dudala trenean bidaiatzea, jende ugari ezagutu daiteke bertan: lanera doan jendea, ikasleak, jubilatuak, abenturazaleak… eta gainera, trenaren erosotasunak irakurtzeko aukera ere ematen du. Egun hartan berdin zitzaidan inor alboan eseriko zitzaidan edo ez, anaiak liburu bat oparitu zidan nire urtebetetze egunean, eta guztiz harrapatuta nengoen hitz zoragarri horien artean.

Baina bidaia luzeetan gustuko izaten dut aldamenekoarekin edozertaz hitz egitea, batzuetan gauza interesgarriak entzun izan ditut, eta gainera, bidaia arinagoa egiten da. Baina egun horretan berdin zitzaidan elkarrizketarik ez izatea irakurketan zeharo murgilduta bainengoen.

Aldameneko neskak tarteka nire liburua begiratzen zuela ohartu nintzen, eta horietako batean nahita begirada altxatu nuen, zerbait galdetzeko asmotan zebilen susmoa nuelako.

—Barka, zer ari zara irakurtzen?

— “Loreak lapurtu zizkidaten”.

—Nork idatzia da?

—Bada… liburua oparitu egin zidaten, ea… Miren Lekunberri!

—Hara...

—Nik ere ez dut ezagutzen.

—Eta? Interesgarria? Lodi xamarra da, baina amaitzear zaude.

—Atzo hasi nuen, eta ia ez dut lorik egin: pertsonaiek guztiz harrapatua naukate!

—Hainbesterako?

—Bai, hain dira errealak! Ezinezkoa da bakarren batekin ez identifikatzea! Deskribapenak ere imajinaziorako tartea uzten duten horietakoak dira.

—Nola esan duzu izenburua? Apuntatu egin behar dut!

—“Loreak lapurtu zizkidaten”. Benetan da gomendagarria. Aspaldian ez nuen hainbeste gozatu.

—Jo, horrelako zerbaiten bila nenbilen, egunerokotasunetik aterako nauena, baina gehiegi ere aldendu gabe.

—Ezingo nuke hobeto azaldu. Tira komunera noa. Emaiozu begirada bat.

—Mila esker, jo.

Komunetik itzuli nintzenerako ez zegoen neska ezezagunik; liburua besterik ez, eserlekuaren gainean. Irakurtzen jarraitzera nindoanean ohar bat ikusi nuen liburuaren orri artean:

«Mila esker nire amak idatzitako liburua irakurtzeagatik, disfrutatzen ari zarela jakiteak bidaia amaren alboan egiten ari nintzela sentiarazi dit».

Idazleari buruz...

Ilazki Egibar Gabilondo (Lezo 1982): Elektronikaria ogibidez, Haur Hezkuntzako ikasketak egiten nabilen arren. Txiki-txikitatik poemak eta ipuin laburrak idatzi izan ditut eta literatura dut maite.