Saioa Igartua
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Zure zirkua

Ilustrazioa: Kristina Fernandez
Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Nahikoa ez izatearen sentipena lagun min izan zenuen beti, bidelagun eta gehienbat min. Pandemia garaia ere arerio bihurtu zen, denbora gehiegi bakarrizketan. Osasun mentalaren higienea zein garrantzitsua zen entzuten zenuen komunikabideetan etengabe. Ez zeneukan oso argi kontzeptuaren esanahia, baina laguntza behar zenuela bai, argi eta garbi. Eta psikologoarenera joatea erabaki zenuen. Barne korapiloak askatze aldera, edo hori ezean, ito ez zintzaten laxatzera.

Lehen egunean besaulki gris batean eseri zinen. Gela hark intsentsu usain sarkorra zeukan hasieran, baina, minutuak pasa hala, nabaritzeari utzi zenion, gelako giroa zure bihurtu zenuen. Zure aurrean, Mirari hitz egiten hasi zen. Psikologo batentzako izen ezin hobea iruditu zitzaizun, beharbada zurekin bat egiteko gai izango zen.

Koaderno gris bat zeukan esku artean, eta boligrafo beltz bat. Kolore grisa nabaria zen gelan, agian pazienteek beraien arazoak koloreztatzeko beharra ikus zezaten. Kolore gabeko bizitzek ñabardura gabezia itzela zutela pentsatu zenuen, gizarte honetan daltonikoak gehiegi zinetela.

- Zerk ekarri zaitu hona?

- Ba… gaur goizean atun poto bat ireki nahi nuen, gogorra zegoen poto alua, nik ez dakit zementua botatzen ez ote dioten, eta ezin izan dut ireki. Saiatu eta ezin. Ez naiz potoa irekitzeko gai izan. Horretarako ere nahikoa ez!

- Eta nahikoa ez bazara, orduan zer zara, bikain bat?

Bikain bat? Ondo entzun ote zenuen? Ehun euro ordaindu zenituen ordubeteko kontsulta baterako, eta psikologoa komediante bihurtu zen bat-batean! Baina zer zenekien ba zuk psikologoez eta beraien umoreaz?

- Eee… ez, ezgai izatetik gertuago nagoela esango nuke nik.

- Ez duzu uste zure burua gogorregi neurtzen duzula?

- Gehiago egin dezakedala uste dut, eta sekula ez naiz heltzen. Lanean ere baja hartu behar izan dut. Telefonoa hartu eta zenbakiak zapaltzen hastearekin bat izerditan hasten nintzen.

- Eta zergatik uste duzu hasten zinela izerditan?

- Banekielako ez nuela ezer salduko. Ez dudalako horretarako ere balio.

- Etorkizuna ikusteko gai zara ala?

Hara, beste psikologo txiste bat, pentsatu zenuen. Etorkizuna ez, baina oraina garden ikusten zenuen, zirku batean zeundela iruditu zitzaizun. Aurrean, pailazo azkarra txisteak egiten eta zu, pailazo ergela, kolpeak nondik zetozen ongi ulertu gabe.

- Egiten ari zarena igarlearen akatsa da, presaka heldu zara ondorio batera, horretarako arrazoirik eduki gabe. Ez duzula salduko pentsatzen baduzu, horrek ez saltzera eraman zaitzake edo ez, baina jada erabaki bat hartu duzu. Zenbat denbora daramazu enpresa horretan lanean?

- Bost urte.

- Eta bost urte horietan ez duzu ezer saldu?

- Bai, saldu dut. Baina azkenaldian ezer gutxi.

- Eta pentsatu duzu, agian, azkenaldian bizi dugun egoerak zerikusia duela salmenten aldaketekin?

- Bai, pentsatu dut hori, baina nire lankideek ni baino gehiago saltzen dute.

- Ea ba, esadazu, zure laneko errendimendua noren esku dago?

- Nire esku.

- Orduan ez ondokoei begiratu, zure burua landu behar duzu, ez besteena.

Zirkuko pailazo azkarrari arrazoia eman behar izan zenion. Konparazioa zeure buruarekin bakarrik egin beharko zenuke. Baina zurekiko konpetentzia hain zen zorrotza, jada pentsamenduak aizto bihurtuta zenituela.

- Zergatik uste duzu neurtzen duzula zure burua hain irmoki?

- Nik gauzak ongi egin nahi ditut, besterik ez.

- Eta, ez dituzu ondo egiten?

- Saiatzen naiz.

- Eta hori ez al da gauzak ondo egitea?

Saiatzea ez zen sekula nahikoa izan. Beti zegoen zure barruan zer hobetua, zer lortua… iritsi ezinaren amaiera gabeko letania.

- Begira, gauzak ondo egin nahi dituzu, eta ulertzekoa da. Baina daukazun nahi hori behar duzunarekin bat al dator? Beti gehiago nahi izateak frustrazioa dakar. Helburu bat eduki dezakezu eta gogor lan egin. Baina ez baduzu lortzen, ez da ezer gertatzen, helduko dira beste helburu batzuk, eta agian, gehiago beteko zaituzte. Perfekzio hitza hiztegian bakarrik ageri da, ez errealitatean.

Egun hartan hasi zenuen zure bizitzako bidaia interesgarriena, itzultzeko txartela bermatuta zuen helmuga, zu zeu. Eta helburu batzuk bete dituzu, eta beste batzuk ez, baina jarraitu duzu esploratzen, zorroztasuna geroz eta kamutsago bihurtzen. Bidea egiten jarraitzen duzu, bakarrizketetan trebatzen, zalantzak lagun hartuta, eta ez arerio bilakatuta.

Bizitza ikusgarria baita, eta zure barneko zirku ikuskizuna ere bai. Erabakiak hartzen dituzten pailazo azkarra eta ergela. Trikimailuak egiten dituen magoa. Senak asetzen dituzten animaliak. Zu baino gehiago dakiela uste duen iragarlea. Oreka mantentzen saiatzen den akrobata. Zure zirkuko pertsonaia denak maitatzera heldu zara, zirkua ibiltaria bada ere, beti elkarrekin joango zaretelako.

Idazleari buruz...

Saioa Igartua. Irakurle amorratua eta idazle afizionatua. Idazteak nire inguruko gertaerak antolatzen, barneratzen eta ulertzen laguntzen dit. Beste mundu batzuk sortzen, eraikitzen eta bizi izaten ere gustura pasatzen ditut orduak. Irakurtzea bidaiatzeko era bat da eta idaztea ere bai.