7K - zazpika astekaria

Nola landu «aldakako bisagra»


Gaur egun, gure gizartean pertsona askok pasa ohi dute eguna eserita eta, horri alferkeria eransten badiogu, esan dezakegu jende askok mugikortasun eza edo eraginkortasun gutxikoa duela. Mugimendu disfuntzionalaren patroiak, konpentsazioak sortzen ditu mugimenduaren kate zinetikoan zehar. Ondorioz, artikulazioen egonkortasunak eta mugikortasunak kalteak jasaten dituzte. Burmuinak erresistentzia txikieneko ibilbidea jarraitzen du mina ekiditeko, eta, hori dela eta, mugimenduaren patroi akastunetara jotzen du betebehar bat gauzatzerakoan. Horiek horrela, garrantzitsua da oso pertsona orori egoki mugitzen irakastea, entrenamendu edo ariketa zuzengarrien bidez.

Gaurkoan, “aldakako bisagra” egoki nola egiten den ikasiko dugu. Hori ikasteko soilik makila edo pika bat beharko dugu. Lehenik eta behin, hankak sorbalden altueran jarri beharko ditugu eta eskuekin pika edo makila helduko dugu, goiko eskua lepo inguruan izanik eta behekoa bizkarraren beheko partean jarriz. Bigarrenik, pikarekin gorputzeko hiru atal lotuko ditugu: burua, bizkarraldea eta kokzixa. Behin hori eginda, belaunen flexio txiki bat egin beharko dugu eta, puntu horretan belaunak blokeatuz, aldakako flexioa egiten hasiko gara, bularra lurrera bideratuz. Iskiotibialetan luzaketa bat nabarituko dugu eta, luzaketa hori nabaria denean edo makila hiru puntuetatik aldendu aurretik, hasierako posiziora bueltatu beharko dugu aldakako kolpe batez eta une oro makila hiru puntuetan egoki mantenduz.

Ariketa honen bitartez, “aldakako bisagra” egoki egiten ikasiko dugu. Garrantzi handia eman behar diegu horrelako ariketa sinpleei, lesionatzeko aukerak nabarmenki murritzen dituztelako. Bestalde, herritarrak ariketon garrantziaz kontzientziatzea ezinbestekoa da. Beraz, egunerokotasunean pisua hartzeko garaian eman garrantzia posturei.