Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Zahartzaroa ikusten

Autoan inguratu dut errotonda. Errepidearen erdian, ez zebra-bide ez ezer, inora lotuta ez dagoen biribila da. Errotondaren izkina batean, bastoia eskuan, adineko emakume bat. Hortxe, kieto. Atzerako ispiluan ikusi dut irriñoaz, «ederra egin dut» pentsatzen ari denaren aurpegiarekin. Inguruan zebilen bikote gazte batek gerarazi ditu autoak eta lagundu dio emakumeari espaloira bueltatzen, berriro Lurrera bueltatu izan balute bezala. Eta iruditu zait, errotonda horren erdian, inora lotuta ez dagoen lur zati horretan, zoriontsua zela. Zahartzaroak forma asko har ditzake. Batzuetan minaren eta sufrimenduaren inguruan bueltaka-bueltaka tematzen da. Beste batzuetan pausaje librearekin abiatzen da korrika, noraezean, bizitzaren parte handiena hanka harri astun bati lotuta izan duenaren antsiaz.

Lagunak kontatu dit ama nerabe baten pare dabilela. Eta 90ak 80ak baino gertuago dauzka. Pandemiaren larrian gaztaroaren zati bat zimeltzen utzi duenaren antzeko omen dabil. Lagunekin tragoak hartzea eta karta jokoan aritzea besterik ez omen du buruan. Duela gutxi gertuko bat hil eta ez zuen tanatoriora gerturatu nahi, lagunekin geratuta zegoela, tanatorioetatik aparte geratzen zaizkion lagun gutxi horiek zaindu beharra zeukala. Barre egin genuen gustura. Bizitza osoan konbentzio sozialekin hain estua izan den emakumea hain suelto ikusteak harridura, larridura eta barregura sortzen dituelako. Denak batera.

Gure etxeko zaharrekin ere egin izan dugu barre, eta negar. Bat-batean ez digu esan ba berari arraina ez zaiola gustatzen? Baina nola ez zaizu arraina gustatuko, 80 urte baino gehiago daramazu arraina jaten! «Jaten bai, baina ez gustura». Burua nahasten hasten denean ordenatzen dira batzuetan ideiak. Seme-alabekin jatorduetan hain zorrotza izandako amak, «denetarik jan behar da» aspertu arte errepikatu duenak, orain erabaki du badela garaia gustatzen zaiona jaten hasteko. Eta arraina ez zaio gustatzen. Kito.

Ez dakit noiz hasi nintzen zahartzaroa ikusten. Agian haurtzaroan ez dugu zahartzaroa ikusten, elkarrengandik urrunegi dauden soka beraren bi puntak direlako. Aurrekoan nerabe bati esan nion «zein guapa den emakume hori». Adineko emakumea zen, ilea aspaldi urdindutakoa. «Zaharrak ez dira guapak edo itsusiak, zaharrak dira bakarrik», gaztearen erantzuna.

Ez dakit ni noiz hasi nintzen zahartzaroa ikusten. Orain errotondetan agertzen zait eta lagunen elkarrizketetan. Bada zerbaiten seinale. Irriñoak, tragoak, lagunak, gustatzen zaizkidan jakiak... Datorrela datorrena, tamalez gauza asko ezin baitira aukeratu. Baina bitartean, biba minik gabeko bizitzak eta minik gabeko zahartzaroak!