7K - zazpika astekaria

Foam roller-aren erabilera


Azken urte hauetan, foam roller-aren erabilerak hazkunde handia izan du kirolarion bizitzan, bai baldintza fisikoak optimizatzeko garaian eta bai lesioak sendatzeko garaian. Tresna honek zilindro forma eduki ohi du, tamaina eta dentsitate ezberdinak, gainera, eta gorputz masaren presioa foam roller-ean botaz erabiltzen da. Bere aplikazio forma errazari esker, gaur egun ugaritzen ari da entrenamenduetan zein lehiaketetan aktibazio nahiz lasaitasunera itzultzeko garaian.

Erreminta honen zeregina liberazio miofasziala deritzon automasajean datza. Faszia ehun konektibo multzo bat da, batez ere kolagenoz osatua dagoena eta gorputzeko atalak biltzen ditu sakontasun ezberdinetan. Horrek muskuluak beste egitura batzuekin libreki mugi daitezen baimentzen du. Muskulu ezberdinak fasziarekin bateratzen direnean kate miofaszialak sortzen dira, gorputzeko estabilitatea eta mugikortasuna eraginez. Honenbestez, automasaje hau segurua eta eraginkorra dela esan dezakegu; izan ere, ehun konektibo miofaszialean sortzen diren adherentzietan presio leun eta iraunkorra egitean datza, mina kendu eta mugikortasun maila berrezartzeko. Automasaje hau gorputzeko atal ezberdinetan eman ohi da, muskulu zehatzetan presioa sortuaz; hala nola bizkarraldean, koadrizepsean, iskiotibialetan, gluteoan, bikietan… Muskulu batean foam roller-a pasatzen ari garenean, gure helburua gune horretan Trigger puntu deritzoguna (gaztelaniaz, punto gatillo) aurkitzea da. Horrela esaten diogu mina ematen duen puntu horri, eta behin aurkitutakoan, puntu horretan pasatu beharko genuke foam roller-a.

Honenbestez, erreminta hau egokia dela esan dezakegu, azken finean entrenamenduetan, lehiaketetan edo egunerokotasunean gure muskuluetan sortzen diren tentsioak inhibitzen laguntzen digulako. Gainera, automasaje sinple batean datza, aplikatzeko erraza.