LUMA BERRIEN AZTARNAK

Hankan gora

Lolik belar txarrei erreparatu die iritsi bezain pronto. «Lehenengo lana, horiek kentzea. Bazterretan ateratzen ditun, edonon. Beti dena txukun uzteko egiten dugun ahaleginaren mugaz beste aldean. Ikusten, Dorita, hauekin beti konta zezakenagu, ez ziguten inoiz hutsik egiten».

«Hire semeari esan zionat, ondo bazeritzon, ni etorriko nintzela garbiketa egitera, eta alabak ekarri nain, badakin. Hanka hauekin nekez igoko ninake malda hau. Hilobia erostean, Dorita, ez zenuten pentsatu haraino iristeko autoa eta txoferra beharko genituenik, egunen batean. Maldan gora dauden leku guztiak Bilbo bezain urrun geratzen ditun orain. Ea, ordubete zaukanagu alaba itzultzerako».

Poltsak lurrean utzi ditu esku biez aulki xumea ireki ahal izateko. Gainean jarri eta ipurdia gainezka egiten sentitu du, baina lasai dago.

«Gauzak irauteko egiten ziren arokoa dun. Gure garaiko irratiak, autoak eta ezkontzak bezala. Umeekin kanpinera joateko erosi genuen sortakoa dun. ‘Klasiko bat, amona’».

«Hiru kale harago Maria ikusten dinat. Gu baino bi urte gazteagoa-edo izango dun? Umetan ile mataza ederra zeukanan, gogoratzen? Argi-argia, eta amak soineko ederrak egiten zizkionan, loredunak eta bestelakoak. Adinean aurrera, bularrak bakarrik ez, pulamentua ere ederki hazi zitzaionan. Neska denek nahi geninan Maria lakoak izan. Gero alaba bakarra galdu zinan, eta ordudanik inork ez din Maria izan nahi».

«A! Eta urrunago, Joxe, hura bai, gure kintoa. Hark emaztea galdu zinan, ezin erditu. Denak goiz pasa, inguruak txukuntzera eta efemerideak mamurtzera. Aizan, hurrengo kinto bazkaria hemen antolatuko dinagu».

Eta esaldia bukatu orduko eskuaz ile motz urdindua orraztu du, bere burua atontzeko moduan.

Loliri ez zaio gertatu familian bera baino gazteagorik galdu izana. Ezin du pentsatu ere egin bere bizitza nolakoa litzatekeen lau seme-alabetatik edozein galduko balu. Baina lagunak badoaz, Dorita azkena. Min hartu du haren heriotzarekin.

Esku artean daukanari erreparatu dio. Poltsa batetik mantarra eta kirtenik gabeko erratz zahar bat atera eta belar txarrak kentzen hasi da. Belaunak nekez beheratu ditzake, eta ozta-ozta iristen da lurrera. Lau bat saioren ondoren lana bukatutzat eman du, eta aulkira itzuli da. Arnasa bere onera etorri zaionean harlauzari erratza pasatu dio, maitasunez, Doritari kili-kiliak egingo balizkio bezala.

Atzera aulkitxoan eseri eta beste poltsatik lore sorta bat eta loreontzi zahar bat atera ditu.

«Ea, bioletak ekarri dizkinat, umeak jaio ziren garaian abesten genuen Cecilia haren kantuan bezala. Originala izan nahi ninan, ze, badakin, bestela lirioak, urreliliak eta krabelinak besterik ez dun egoten. Merkatuko lore saltzaileari zerbait originala eskatu nionan atzo, baina urteko garaiotan ez zagon aukera handirik. Belar usaintsuen haziak eskaini zizkidan, orain oso modan baitaude albaka, erromeroa, menda, perrexila eta antzekoak, baina nik zera pentsatu ninan: Loli, saltsa honetarako, aukeran perrexilik ez».

Bioleta sorta loreontzian sartu eta urez bete du. Gero poltsa batean eskua sartu eta bila ibili da zorro txiki bat topatu arte. Ongarria uretan hustu du.

«Umeei udan prestatzen genien Tang hura bezala. Aulkiak kalera atera eta han egoten gintunan, arratseko freskuran, berandura arte; oroitzen?».

Gertuko altzifretik huntza ikusi du hilarriraino arrastaka.

«‘Huntza nora, deabrua gora’, esaten zinan gure amak, edo horrelako zerbait. ‘Neska demoniyoak!!!’, egiten zigunan oihu Sor Felixak eskolan, oroitzen? Eta kantua egin genionan ezkutuan: ‘Demoniyo astakillo, galtzontzillo amarillo, Felixak atzituz gero, ipurdia bero!’. Gero, nobiotan-eta hasi ginenean, orduan bai, orduan hasi zitzaigunan deabrua hankan gora igotzen, eta orduan bai bero, hankak estutu nahi eta ezin!».

«Orain, heriotzaren mamua, besterik ez zaigun igotzen hankan gora. Baina horrek, arrimatuz gero, norbera hozteko fama din. Baieztatu al dezaken, Dorita?».

Barre egin nahi luke, baina tristura urdailetik begietara nola igotzen zaion sentitu du. Mandarra uretan busti eta huntza kentzera altxatu da. Hilarria garbitzen ari dela, gogora etorri zaio elkarri ilea nola apaintzen zioten. Xaboia ematean masajetxoa, puntak moztu, erruloak jarri, barre egin, edo negar. Lolik ilea orraztu du berriz.

Alaba bila datorkio jada.

–Dorita oso letxuga zalea zen, ba al zenekien?

–Ez, ez nekien.

–Ba, bai, eta pentsatu dut orain biribilguneetan jartzen dituzten letxuga moderno horiek, erdi grisak batzuk eta moreagoak besteak, ba al dakizu zeri buruz ari naizen…?

–Bai, ezagutzen ditut.

–Ba, pentsatu dut horrelakoak ekarri eta landatu egingo dizkiogula hemen gainean, apaingarri.

–Bai, zera!

–Benetan ari naiz! Oroigarri politagorik otutzen, ala?

–Ez, ez, zuk egoki ikusten baduzu…

–Ke ba! Okurritzea ere! Nik ez zaukanat horretarako adorerik. Ai, Dorita, ikusten? Alaba inozenteagorik…! Gainera, ez dun letxugak landatzeko garaia eta ez gauden lana alferrik egiteko moduan.

Lepoko zapia ondo lotu du, bere buruari giroa fresko dagoela gogorarazteko bezala.

Bihar azaroak bat.

Idazleari buruz...

Gure Lopez de Arbina Berasategi (Gasteiz),

Idazle Eskolan ikasle, ea hitzen bidez korapiloak askatzen ditugun.