Olivier Morin | AFP
ETORKIZUN ZAILA HARTZ ZURIENTZAT

HARTZ ZURIA HUDSON BADIAN, BEHERA DATORREN EKOSISTEMA OSO BAT

Klima larrialdiak eta tenperatura aldaketak, oro har, kolokan jarri du hartz zuriaren etorkizuna Hudson ibaian. Udak gero eta luzeagoak dira bertan, eta azken urteetan oso berandu iristen dira neguko izotzak. Egoera horrek elikatzeko arazoak sortzen dizkio piztiari, eta horrek gizakiarekin duen elkarbizitza zailtzen du. Azkenaldian zabortegietara gerturatzen hasi dira janari bila.

Argazkia: Olivier Morin | AFP
Argazkia: Olivier Morin | AFP

Erreportaje hau osatzen duten irudiok uda betean ateratakoak dira, baina argazki orokor honek klima larrialdiaren urgentzia erakus dezake, urteko edozein urtarotan. Hudson badiaren ertzean gabiltza, hartz zuriaren aztarnaren atzetik. Uda da eta bizitza motelean murgilduta daude, bizirauteko beharrezko dituzten harrapakinetik urrun: fokak.

Garai larria da eskualdeko hartz zurientzat. Urtero, ekainaren amaieratik aurrera, badiako izotza desagertzen denetik, lehorrera joan behar dute behartutako baraualdi bat hasteko. Baina aldi hori gero eta luzeagoa bihurtzen ari da tenperaturak gora egin ahala, eta haien iraupena arriskuan jarri du.

Behin lur sendoan egonda, hartzek «normalean oso aukera gutxi izaten dituzte janaria lortzeko», azaldu du Geoff York Polar Bear International (PBI) taldeko biologoak. Yorkek, estatubatuarra berau, urtero aste batzuk pasatzen ditu Churchill-en, Kanada iparraldeko Manitoba probintzian, Artikoaren ertzean dagoen herri txiki batean. Bertan galzorian dauden animalien aztarnei jarraitzen die.

Klima berotzeak munduko beste leku batzuetan baino hiru aldiz azkarrago eragiten du Artikoan. Beraz, itsas izotza, hartz zuriaren habitata, desagertzen ari da pixkanaka. “Nature Climate Change” aldizkarian duela bi urte argitaratutako txosten batek iradoki zuen joera horrek animalia eder hauek desagertzeko zorian utz zitzakeela: 1980ko hamarkadan horietako 1.200 zeuden Hudson badiaren mendebaldeko ertzetan. Gaur egun estimazio baikorrena 800ekoa da.

Udako hilabeteak izaten dira gogorrenak hartz zuriarentzat. Izotz faltak lehorrean geratzera behartzen ditu, haien harrapakinetatik urrun, fokengandik, kasu

Planetaren aire girotua. Hartz zuriaren patuak denak kezkatu beharko lituzkeela dio Flavio Lehner-ek, espedizioaren parte den Cornell Unibertsitateko klima zientzialariak, Artikoa planetaren osasunaren “barometro” ona delako. 1980ko hamarkadaz geroztik, udan ia %50 gutxitu da izotz multzoa badian, AEBetako Elur eta Izotz Datuen Zentro Nazionalak jakinarazi duenez.

«Gero eta aldaketa gehiago ikusten dugu hemen, bereziki azkar berotzen ari delako», dio Lehnerrek.

Eskualdea ezinbestekoa da klima globalaren osasunerako, bere hitzetan, Artikoak planetarentzako «aire girotua» modu eraginkorrean eskaintzen duelako.

«Itsas izotzaren eta, oro har, elurraren feedback mekanismo garrantzitsua da hau», dio, ondorioak mundu osoko tenperaturetara iritsiko direla ohartaraziz. «Noizbait tenperaturak berriro jaistea lortuko bagenu, itsasoko izotza itzuliko litzateke», gaineratu du.

Elikadura kate osoa mehatxupean dago, bertakoak ez diren espezie batzuk agertu baitira klima aldaketarekin, zenbait azeri eta otso, kasurako, Artikoko espezieak arriskuan jarriz. Ezer ez da segurua, bakterio txikienetik hasi eta balea izugarrietaraino.

Elikatzeko aukera gutxi izaten da uda sasoian, eta egoera horrek kolokan jartzen du biziraupena. Ikerlarien arabera, emeen ernalkuntzan ere eragina izaten ari da.

Udako eskasia. Udaro itsas izotza gero eta lehenago urtzen hasten da, eta neguko lehen izotzaldi gogorra, aldiz, gero eta beranduago etortzen da. Beraz, klima-aldaketak hartz zurien bizi-zikloa mehatxatzen du. Hartara, aukera gutxiago dute gantz eta kaloria-erreserbak biltzeko udako eskasiaren aurretik.

Hartz zuria –teknikoki Ursus maritimus izenez ezagutzen dena– foka baten gorputza inguratzen eta isolatzen duen gantz zuriaz elikatzen den haragijale amorratua da. Baina gaur egun Artikoko harrapari honek algaz elikatu behar izaten du batzuetan.

Hartz emeen kasuan, 117 egun baino gehiago pasatzen badituzte janari egokirik gabe, kumeak elikatzeko borrokan sartzen direla esan du Steve Amstrup PBIko zientzialari nagusi estatubatuarrak. Arrak, bestalde, 180 egunez egon daitezke premiazko elikagai horiek gabe. Ondorioz, jaiotzak gutxitu egin dira, eta askoz arraroagoa da gaur egun eme bat hiru kumez erditzea, lehen ohikoa bazen ere. Gainbeheran dagoen ekosistema oso bat da.

Piztia izugarri hauek bizitza prekarioa bizi dute. «Hemen, Hudson badian, mendebaldeko eta hegoaldeko zatietan, hartz zuriek gurasoek edo aitona-amonek baino hilabete gehiago igarotzen dute itsasertzean», dio Yorkek.

Haien egoera fisikoa apaltzen doan heinean, arriskuarekiko tolerantzia handitu egiten dela dio, eta, «horrek pertsonekin elkarreragina izan dezakeenez, gatazkak sor ditzake elkarbizitzaren ordez».

Churchill-en, 800 biztanleko herri honetan, hartzak zabortegira joaten hasi dira, janari erraz baina kaltegarriaren bila. Zabor poltsak irekitzen, plastikoa jaten edo muturra janari-latetan harrapatuta ikusi dituzte azkenaldian. Herrian jendeak zabalik uzten ditu autoak eta etxeak, norbaitek hartz zuriren batekin topo eginez gero premiazko aterpea aise aurki dezan.