13 NOV. 2022 IRITZIA Mudantza AMAIA URIBE Zaila da zure bizitza maleta eta kutxetan sartzea. Zer eraman, zer utzi. Zer sartu, zer atera. Zer gogoratu, zer ahaztu. Eta horretan ibili naiz egunotan. Ia bost urte zoragarri eman ditut New Yorken eta itzultzeko ordua heldu da. Kontatu nizuen lehenengo zutabean negarrez etorri nintzela hona, baina badakit negarrez alde egingo dudala. Ez ditut faltan botako injustiziak, armak, konspirazio teoriak eta sendatzea negozio bihurtu duten medikuak. Aldiz, faltan botako ditut hemen sortu dudan familia, hiriaren magia, kultur aniztasuna eta une oro film batean egotearen sentsazioa izatea. Kontuak ateratzen hasita, ia bizitzaren zortzirena eman dut New Yorken eta neuk ere badakit bost urte hauetan asko aldatu naizela. Profesionalki hazi egin naiz eta pertsonalki beste era batera ikusten dut bizitza. Nire beldurra da ea ez ote naizen gehiegi aldatu eta nire sorterrira moldatu edo egokitu egin beharko naizen. Nire kezka da ea erritmo zoro honetara ohitu ez ote naizen eta lasaitasunak aspertu egingo ez ote nauen. Nire ardura da ea herrimina izatetik hirimina izatera igaroko ez ote naizen. Eta, konturatu gabe, arropaz, liburuz eta jostailuz barik, beldurrez, kezkaz eta arduraz bete ditut mudantzako maletak eta kutxak. Nire semeak, sei urterekin, ez du halako arazorik izan. Ni baino lehenago itzuli da bera eta ostiral batean goodbye esan zien schooleko friends eta teacher guztiei eta astelehenean “kaixo” esan zien ikastolako lagunei eta irakasleei. Egun batetik bestera. Hizkuntza batetik bestera. Hiri erraldoi batetik herri txiki batera. Beldurrik, kezkarik eta ardurarik barik. Horretan ere mila bueltan ematen dizkigute umeek. Ez zaizkit agurrak gustatzen. Baina, agian, agurra dela pentsatu ordez, itzulera bat dela pentsatu beharko nuke. Familia, lagunak eta lankideak ondoan izango ditudala. Okindegira joaten naizenean, ogia euskaraz erosiko dudala. Bizi kalitatea izango dudala. Denbora libre gehiago izango dudala. Eta, batez ere, semea Euskal Herrian haziko dela. Zaila da zure bizitza maleta eta kutxetan sartzea. Errazagoa da maleta eta kutxak ireki eta barrukoa armairuetan gordetzea, eta aurki horretan ibiliko naiz. Beraz, agurrak eragiten dizkidan beldurrak, kezkak eta ardurak albo batera utzi eta itzulera hau gozatzen saiatuko naiz. Hurrengo zutabea Euskal Herritik idatziko dut. Ez zaizkit agurrak gustatzen. Baina, agian, agurra dela pentsatu ordez, itzulera bat dela pentsatu beharko nuke. Familia, lagunak eta lankideak ondoan izango ditudala. Okindegira joaten naizenean, ogia euskaraz erosiko dudala. Bizi kalitatea izango dudala. Denbora libre gehiago izango dudala. Eta, batez ere, semea Euskal Herrian haziko dela.