AMAIA URIBE
IRITZIA

Euskaraz bizi

Ze ederra den okindegira joan eta ogia euskaraz erostea. Ze lasaigarria den medikuaren ahotik euskaraz ze botika emango digun jakitea. Ze polita den ikastolara umea eramatera joan eta gainontzeko gurasoak euskaraz agurtzea. Zuetako askorentzat ohikoa da, egunerokoa. Baina ni yankiz inguratuta egon naiz azken bost urteotan eta berriro euskaraz bizi ahal izateak bihotza pozten dit.

Euskal Herrian bizi izan dudan lehenengo Euskaraldia izan da honakoa. Ahobizi eta belarriprest, belarriprest eta ahobizi. Ariketa sozial honi esker jakin dut Bilboko Metroko segurtasun langilea euskaraz ikasten ari dela, eta Gasteizko kafetegi baten euskaraz hitz egin dut zerbitzariarekin. Txaparik eraman izan ez balute, euskaraz ez dakitelakoan, agian gazteleraz hitz egingo nien biei. Baina ariketa sozial honek gogorarazi digu lehen berba beti euskaraz egin behar dela.

Konpromisoa da euskararen biziraupenaren giltza. Dakigunok erabiltzen badugu, ez dakitenei ikasteko arrazoiak emango dizkiegu. Etengabe euskaraz hitz egiten badugu, lekuz kanpo ez geratzeko euskaraz erabiltzera bultzatuko ditugu. Euskara maite dugula erakusten badiegu, euskara maitatzen hasiko dira beraiek ere.

Irulegiko eskua sortu zutenak sorioneku sentitzen ziren moduan, geuk ere zorioneko sentitu beharko genuke. Munduko hizkuntzarik bereziena dugu eta horrek ezberdin egiten gaitu. Ingelesa 67 herrialdetako hizkuntza ofiziala da. Frantsesa 29 herrialdetan hitz egiten da egunero. Eta gaztelania, berriz, 20 herrialdetan dute hizkuntza ofizial modura. Aldiz, Euskal Herrian bakarrik bizi gaitezke euskaraz. Eta atzerrian bizi zarenean konturatzen zara horrek daukan balioaz.

Sei urteko gure semeak bost urte eman ditu Ameriketako Estatu Batuetan. Ingelesez ikasi du eskolan, ingelesez jolastu da lagunekin eta irakurtzen ingelesez hasi da. Eta ez dakizue ze harro sentitzen naizen, Gernikara itzuli garenean lagunekin euskara hutsean eta euskara maila onarekin hitz egiten entzuten dudanean. Etxean beti hitz egin diogu euskaraz guretzat hizkuntza bat baino gehiago, gure izaeraren parte delako euskara.

Euskaralditik harago, jarraitu dezagun euskararen erabilera sustatzen. Hamabost egun hauetan ikusi dugu hizkuntza ohiturak aldatzea gure esku dagoela eta denon artean euskarari bultzada bat ematea lortu dezakegula. Ahobizi zein belarriprest, bizi gaitezen euskaraz!