JOKIN URAIN
IRITZIA

Neurririk gabe

Hiru urte dira Zaldibarren pilatutako zabortegia mendiak errepidera oka egin zigula, «Tori, zuentzat dena» esanez bezala. Horrexetarako leku aproposean zegoen, egon ere, han goian, hain ederki ezkutatuta. Momentuan astindu zituen kontzientziak –batzuenak bederen–, azpiratu zituen bi langileren bizitzengatik batik bat. Aztoratu ginen aparrean, aztoramenaren ertzak mugatzen eta gutxitzen joan ziren arte, etxeko eta zuzenki erasandakoengana apaldu arte.

Hilabeteetan aritu zitzaizkigun kontuarekin, gertatuaren zantzuak eta erruak kamioietan norabait eraman eta kuxidade hura txukundu arte. Denbora behar izan zen, ezer gertatu izan ez balitz bezala uzteko memoriak eta ingurua.

Etxe ataritik asko urrundu beharrik gabe topo egiten dugu zaborrarekin. Plastiko poltsak, botilak, zabor ontzien inguruan jaurtitako eta utzitako zernahi... Geurea ez dakit zenbateraino ikusten dugun edo zikin iruditzen zaigun, baina auzokoarena aise ikusten da, eta zikin ez ezik nazkagarria iruditzen zaigu. Kendu egin behar, beraz; zuloren batean sartuta estali, urrutiko lekuren batera eraman, ibaiak eraman dezala itsasora edo mendian ezkutatu.

Zaborra eta zabor-gaia ekoizteko mugarik ez dagoenez, tonaka pilatzen dugu, eta tonaka eramaten da norabait; ez digu axola nora, begien bistan ez izatea da kontua. Hain itsusi eta okaztagarri egiten du etxe aurreko espaloian, ezta? Eta zabor hondakinak gutxitzeko ahaleginaren ordez, zabortegiak handitu edo ugaltzearen aldeko apustua egin eta erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak beste behin. Berdin dio zer botatzeko, zer gai gaixogarri edo zikingarri ezkutatzeko edo errausteko; zabortegi handiagoak behar ditugu.

Beharrezkoa bada, ezinbestekoa izango da zabortegiak handitzea, geu gabiltzan lekuan nahi ez duguna pilatzeko leku berriak topatzea, eta segi horretan, gauza guztiak behin erabili eta botatzeko ekoitziz, jaurtitzeko eginez, erreparorik gabe, neurririk gabe. Beste aukerarik egon litekeenik pentsatu gabe bizi garela ematen du, plastiko edo paper zatitxo ziztrinena sailkatzen eta nolanahi botatako inoren errefusa jasotzeko keinua egiten duenari burlaizez begiratuz.

Ez dakit zergatik dagoen hondakindegiak edo erraustegiak leku ezkutuetara eraman behar hori, Xabier. Zergatik ez pilatu dena herri bakoitzeko erdigunean, parkean, Udaletxe plazan, denon begien bistan eta sudur aurrean?