24 DIC. 2022 IRITZIA Gabon gaua AMAIA URIBE Gau ona izan behar luke Gabon gauak edo hori sinetsarazi digute egunotan. Turroiek baino azukre gehiago duten iragarkiak jarri dizkigute telebistan. Purpurinaz beteriko apaingarri kutreekin bete dituzte dendetako apalak. Eta azken urteotako energia krisirik handienaren erdian, argi koloretsuz jantzi dituzte kaleak. Olentzerori zerrenda amaigabea idaztera bultzatu gaituzte. Modako jostailua, Iphone 14a, bizikleta elektrikoa eta dena delakoa. Eta ez. Inor ez da galtzerdi eta kuleroekin konformatuko, nahiz eta horixe den gehien erabiltzen duguna. Kontsumismoari opari-papera jarri diote eta, beste behin ere, tranpan erori gara. Baina ahaztu egin zaigu askok ez dutela aldizkarietan erakusten dizkiguten moduko Gabonak igarotzeko ahalmen ekonomikorik. Gau ona behar luke Gabon gauak edo hori sinetsarazi digute egunotan. Baina jende askori ez zaizkio Gabonak gustatzen. Hori bai, artaldeko ardi beltza ez izateko, askok ez dute aitortzen. Ez esan Gabonei ez diezula distirarik ikusten, kuadrillako ipurterrea zarela pentsatuko dute-eta. Ez aitortu opariak erosteak estresatu egiten zaituela, familia ez duzula ondo ezagutzen leporatuko dizute-eta. Ez kontatu inori ez dizula ilusiorik egiten urtean behin bakarrik ikusten duzun lehengusu gogaikarriarekin afaltzeak, antisozial deituko dizute-eta. Gau ona izan behar luke Gabon gauak, edo hori sinetsarazi digute egunotan. Baina gaurko gauak magia gutxi izango du askorentzat. Pandemian senarra galdu zuen emakumeak, barre barik, negar egingo du gaur. Semea hamazazpi urtez preso daukan amak, poza barik, bihotzeko mina sentituko du gaur. Gurutzetako Ospitaleko ZIUan sedatuta dagoen gazteak ez du egun berezia denik igarriko. Eta bera artatzen dauden mediku eta erizainek lanean igaro beharko dute ustez festa giroa duen gaua. Pertsona hauei guztiei, berdin-berdin zaizkie turroiak, apaingarriak eta argiak. Arbola azpian opariak barik beste zerbait aurkitu nahi lukete baina, tamalez, Olentzerok ezin ditu arazo asko konpondu. Beraz, gaurko gaua ospatzeko dirurik, gogorik edo motiborik ez duten horiei guztiei zuzendu nahi dizkiet zutabe honetako azken hitzak. Ez dizuet “Eguberri on” esango. Horren ordez, besarkada estu bat bidaltzen dizuet. Ez esan Gabonei ez diezula distirarik ikusten, kuadrillako ipurterrea zarela pentsatuko dute eta. Ez aitortu opariak erosteak estresatu egiten zaituela, familia ez duzula ondo ezagutzen leporatuko dizute eta. Ez kontatu inori ez dizula ilusiorik egiten urtean behin bakarrik ikusten duzun lehengusu gogaikarriarekin afaltzeak, antisozial deituko dizute eta.