MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Urte berria, helburu berriak?

Hogeita bigarrena amaitzearekin batera heldu zaigu hogeita hirugarrena, eta egutegiaren orria pasatzearekin batera iritsi da urte berriko asmoak eta eginkizunak zehazteko unea. Urte hasiera, gutako askorentzat, nork bere buruari promesa batzuk egiteko unea izaten da: “elikadura zainduko dut”, “gauero irakurtzen hasiko naiz”, “Behobia-Donostia lasterketarako entrenatuko naiz”... eta nola ez, “kirola egiten hasiko naiz!”. Garai honetan ohikoak izaten dira gimnasioetako eta taldekako saioen (spinning, pilates, GAP, Crossfit...) izen-emateen gorakadak, eta noski, jarduera guzti horiek ongietorriak dira. Arazoa, jarduera hori hasierako interes eta motibazio berarekin mantentzean dagoela iruditzen zait, interes galera honek jarduera uztea ekar baitezake. Hau da, berria denari, gogotsu eta motibaturik heltzen diogu, baina denbora aurrera joan ahala motibazio maila horri eustea ez da erraza, egungo gizartean ekintzen monotoniak aspertu egiten baikaitu.

Honi aurre egiteko, lau alderdi garrantzitsu nabarmendu nahi nituzke, jarduerarekiko atxikimendua lortzen lagunduko digutenak. Gertutasuna: pertsonekin lan egiten dugun momentu beretik, bezeroari entzun eta arreta berarengan jartzea ezinbestekoa da. Interesa: entrenatzaileak berak izan behar du  lanarekiko zaletasuna erakusten lehena eta gainerakoei transmititzearen erantzulea. Profesionaltasuna: entrenatzailea da bezero guztien ezaugarriak ezagutu eta bakoitzari ondoen dagokiona pautatzearen eta kirolariaren programa zentzu handiz aurrera eramatearen arduraduna. Berritzailea: gorputzari estimulu berriak eskaini behar zaizkio, horiei erantzun eta mugimendu bidez portaera egoki bat eskaini dezan.

Hortaz, helburu berriak aukeratzeko unean lau alderdi hauek kontuan hartzea gomendatu nahi nuke, era honetara jarduera fisiko programarekiko atxikimendua lortzea errazagoa izango baita. Ez ahaztu, era batera edo bestera, gorputzari mugimendua eskaintzea izango dela garrantzitsuena; nola edo noren laguntzaz aurrera eramatea, aldiz, norbere erabakia izango da.