7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Bizitoki zedula

Espazioaren sarrera. Argazkia: Pedro Pegenaute (Zazpika)

Zerk bihurtzen du espazio bat etxebizitza? Galdera honen ostean, ohikoena litzateke irakurketa ia historiko bat jarraitzea: nola eraiki zen etxea suaren inguruan, gero sua nola bihurtzen den sukalde eta banandu egiten den errepresentazio espaziotik, eta nola beste hainbat ezaugarrik bultzatu duen gaur egungo etxebizitzaren patroi estandar moduko batera. Egongela, sukaldea, logela nagusia, beste bi logela txikiago, bainugela eta komuna. Azkenaldian balkoia ere bai, eskerrak. Hegoalde osoan zabaltzen jarraitzen duten zabalguneetako bloke zuri-beltzek sintetizatu ohi dutena.

Baina kualitate fisiko batzuen gainetik legalitatea gailentzen da gure gizartean. Etxebizitza bat bizitoki zedula bat duen espazioa da.

Bizitoki zedularik gabe etxebizitza bat ez da etxebizitza, soilik espazio bizigarri bat, eta legalki ez dago bertan bizitzerik. Ezin dira zerbitzuak kontratatu (argia, ura, gasa, eta abar), ezta bertan erroldatu ere, edo etxebizitza batek eskaintzen dituen beste abantaila legalak baliatu. Etxebizitza izendapen honek ere baditu bere ondorio ekonomikoak, etxebizitza merkatuan sartzeko tiketa ere badelako.

Bizitoki zedulak, printzipioz, espazio batek bizigarritasun arauak betetzen dituen edo ez aztertzen du. Gutxieneko altuera bat, argiztapena, azalera eta zerbitzu minimo batzuk eskatzen ditu. Bere oinarria etxebizitza informalaren aurkako politiketan topa daiteke, hiri eremuetan sortutako ‘txabolismoa’ borrokatzeko tresna gisa, desarrollismoaren etxebizitza politikarekin lerrokatuta. Baina inozoa litzateke diskurtso hori ñabardurarik gabe onartzea. Ezagunak dira legalki etxebizitza diren baina bizigarritasun maila gutxienekoa betetzen ez duten infra-etxebizitzak, eta baita bizigarritasun ezaugarri guztiak dituztenak ere, baina, planeamendu arrazoiak medio, legalki etxebizitzak ez diren espazioak.

Espazioaren axonometria (Garmendia Cordero Arquitectos).

Bigarren hauek iruditzen zaizkit interesgarriak, azkenaldian arkitektura egiteko zirrikitu bat bihurtu baitira. Asko dira etxebizitzaren muga horretan jolasten duten proiektuak, legalitatea proiektuaren parte ezinbesteko egiten dutena, baina aldi berean askatasun formal eta estetiko handia baliatzeko aukera dutenak. Dirudunen txabolismoa ere dei geniezaioke fenomeno txiki honi, babes ekonomikoa beharrezkoa baita horrelako operazioetan sartzeko. Baina proiektu hauen atzean dagoena baliogabetuz alboratzea uste dut gure etxebizitza politikaren arazo baten aurrean itsuarena egitea ere badela.

Ez-etxebizitza hauetan iaioa da Garmendia Cordero Arquitectos estudioa. Bere webgunean topa daitezke limite horretan eroso sentitzen diren zenbait proiektu, ia denak Bilbo inguruan garatuak: bi etxebizitza bihurtu diren bulegoak Bilbo erdialdean, Sopuertan ahaztutako eliza batean birmoldatutako ‘etxebizitza’, beste bulego batzuen moldaketa Bilbon, edo, argitaratu duten azkena, etxebizitza deitzen ez duten Ø46 espazioa.

Proiektuak 300 metro karratu dituen espazio bat okupatzen du, ziurrenik industriagune batean kokatzen den hormigoizko eraikin batean. Hormigoizko egitura ortogonalari kontrajarriz, 45 graduko plano aldaketak sortzen dituzten paretek zeharo aldatzen dute espazioa, baita zoladura desberdinek ere, edo paretak zulatzen dituzten leiho eta plano gardenek. Badira barruan egon baina kanpo espazioak direnak, altzari finkoez definitutako zonaldeak, indefinizio handiko inguru batez bilduak. Erabilera anbiguoa duen espazioa da hau, baina ez neutrala, jokoan dabilen arkitektura bat, araurik gabekoa. Espazioak gainezka egiten du, hori bera da luxua.

Hala eta guztiz ere, zalantzan jartzen dut espazio honek inoiz bizitoki zedula jasoko duenik. Litekeena da epe ertainean espazio hau hartzen duen eraikina eraistea eta hondarretan utzitako orubean beste eraikin zuri-beltz bat eraikitzea, hamar bizitoki legalekin.