JOKIN URAIN
IRITZIA

Gauzen borondatea

Batzuetan geldi-geldoan igarotzen dira egunak, eta egun geldoen segida izan litezke asteak, beharbada berdin hilabeteak. Ezer mugitzen ez den sentipen horretan gera gaitezke batzuetan bapo, zertarako behar genuke besterik, denbora geldoaren geldialdiaz gozatzea baizik. Baina egonezinak aise harrapatzen gaitu, eta zertan emango genuke denbora, zertaz kexaturik ez bagenu! Denboraren aingura jaso ezinean igaro genuen aurreko izurritea, eta lehortearen ortzi-mugara begira iazko uda osoa, noiz zer aldatuko zain, jainkoen esperoan dauden fededunak legez, eta luza genezakeen egonaldia, egonezinean egotera ohitu baikinen azkenean.

Aurrekoak ahazteko ere prest ginenean, urte berriak ekarri ditu astingailuak, batzuk pozten eta beste batzuk ernegatzen dituen hotza, euria eta haizea, ekaitza. Urtaroak erritmo librean tematzen dira gehienetan; ezin ditugu guztiz gure nahietara makurtu, eta dena geldi eta bare egotetik mugimendu zakarrera eta aldaketa geraezinera igaro liteke dena naturan. Eta gure gustura nahi genukeen ingurua bera da orduan bere erara astintzen gaituena, hona ekarriz edo horra eramanez, mendiak arrailduz, errepideak elurrez trabatu eta ixten dizkigulako edo ibaien bideetatik gainezka hedatzen delako ura, eta uretara jauzi eginez doaz terraza bazterretan zeuden aulkiak, aparkatuta utzitako autoak, garajean gordetako butakak, urtebetetzean edo Gabonetan haurrari oparitutako baloia eta trepetak...

Ilunabar gaueko erauntsiekin ez bada egunsentiarekin bizi berria har dezake inguruak, gauza guztiak zalaparta eta borondate autonomoan mugitzen hasiz, orro batean jaikiz. Inola lotu eta hezi ezinezko abere ikaragarria bilakatzeraino. Agian halako momenturen bati erreparatuz «Gauzak, Jauna, pozik dagoz/ baiña gizonak min dira./ Nire arima tristeki dago/ izadiari begira», kexatu zen poeta Arantzazun, antzina. Ezinean eta noraezean beharbada lagun zuen otoitza, «Baiña gizonak min dira/ betiko joran min batez», errepikatu zuen letania.

Gauzen pozarengatik edo borondatearengatik ernegatzen gara beharbada gaur ere, izadiari edo gizadiari begira gaudenean, eta ez agian ernegurako joeragatik soilik. Hilobi bat munduko punta elurtu bakoitzaren azpian, Juan Luis; ez gurutzerik, ez xingolarik haizetan. Mendi elurtua bera oroitarri, eta betirako oroitzapena.