7K - zazpika astekaria

Jarduera fisikoa minbizia duten haurrentzat


Hilabete honetan haurren minbiziaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da eta, tamalez, egun hau ospatu beharra daukagu. Minbizia hitzak ikara handia sortzen du gizartean, beldur handia diogu guk edo gure ingurukoek sufritzeari edota gertutik bizitzeari. Minbiziari beldurra badiogu, zer esanik ez haurren minbiziari. Edozein minbizia jasatea gogorra da, baina ez dakit ume batek heriotza hain gertu izan dezakeela pentsatzea baino gauza ikaragarriagorik izan litekeen.

Haurrek eta helduek jasaten duten minbiziaren ezaugarriak ezberdinak izan ohi dira. Horregatik beharrezkoa da gaixotasun honen alderdi guztiak ondo ezagutzea. Helduei dagokienez, prebentzio-lanak egin ditzakegu (tabakoa eta alkoholaren kontsumoa murriztea, esaterako), baina umeen kasuan ezin diogu aurrea hartu. Haur eta nerabeen artean gehien izaten diren minbizia motak leuzemia, NSZ (nerbio sistema zentrala) edo garunari erasotzen diotenak eta linfomak dira, batik bat. Leuzemia hezur-muineko zelulei erasotzen dien minbizia da eta haurren artean minbizia mota ohikoena. Bigarren mailan, garunari eta nerbio sistemari erasotzen dieten minbiziak ditugu, ohikoak horiek ere. Azkenik, linfomak ditugu. Hauek, immunitate- sistemari eta ehun linfatikoari erasotzen dieten minbizia moten barruan sartuko genituzke.

Haurren minbiziaren ezaugarri eta mota batzuk azaldu ondoren, jarduera fisikoa gaixotasun honi aurre egiteko tresna egokiena dela esan dezakegu. Jakin badakigu minbizia duten umeek tratamendu gogorrak jasaten dituztela, aldaketa fisiko zein fisiologikoak eragiten dituztenak. Jarduera fisikoaren bitartez, aldaketa fisiko horiei aurre egin diezaiekegu masa muskularra handituz, funtzio immunologikoa indartuz eta bizi-kalitatea hobetuz, batik bat. Horrez gain, psikologikoki laguntza handikoa izan daiteke, eguneko monotoniatik ihes egiteko eta ospitaleko giro hotzetik aldentzeko.

Hori esanda, horrelako gaixotasunen aurrean indartsuak izan behar garela argi dago. Jarduera fisikoaren laguntzaz, indartsuago sentituko gara eta gure ingurukoek ondo ikusten bagaituzte, dena errazagoa izango da.